2022ko martxoaren 9a

Gobernuak adierazi du ez dagoela ados Navarra Sumaren erlijioko irakasleei buruzko lege-proposamena izapidetzearekin

Exekutiboak ohartarazi du kontratuei eta lanaldiari eusteak, guztientzat irakastordurik ez izan arren, urtean 2,5 milioiko gainkostua ekarriko lukeela  
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak gaur adierazi du ez dagoela ados Navarra Suma talde parlamentarioak erlijioko irakasleei buruz egindako lege-proposamenarekin, bertan jasotako neurriek sistemaren beharrizanak baino kontratazio handiagoa ekarriko luketelako eta, ondorioz, gastua handituko litzatekeelako, bai 2022ko aurrekontu-ekitaldian, bai hurrengo urteetakoetan.

Lege-proposamena izapidetzearekin ados ez dagoela adierazteko Foru Gobernuak egindako txostenean nabarmentzen da bertan jasotako neurriak aplikatuta baliabide publikoak behar bezala kudeatzeko printzipioak urratuko liratekeela; hau da, hezkuntza-premiak artatzeko behar-beharrezkoa dena baino gastu handiagoa debekatzen dute. Era horretan, agintzen duten agintarien eta funtzionarioen ondare-erantzukizuna ekarriko luke, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 foru-legeko 131 eta 132 artikuluen arabera.

Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Departamentuaren bitartez, eta Bizikidetza, Berdintasun, Berritzaile eta Aurrerakoia den legegintzarako 2019-2023 Programa Akordioari jarraiki (PSN-PSOEk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak sinatua), iragarri zuen, datorren ikasturtetik aurrera, Haur eta Lehen Hezkuntzan erlijio irakaskuntzak LOMLOE Lege Organiko berrian ezarritako gutxieneko ordutegian emango direla; alegia, asteko irakastordu bat Haur eta Lehen Hezkuntzan eta asteko bi ordu Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.

Aurteko ikasturtean, erlijioko 145,2 irakasle daude Nafarroan. 2022-2023 ikasturtean, LOMLOE pixkanaka aplikatzeko egutegiaren arabera, erlijioaren ordu-murrizketa Lehen Hezkuntzako maila bakoitietara eta DBH eta Batxilergoko lehen mailara iritsiko da, eta guztira erlijioko 116,3 irakasle behar izango dira Nafarroako hezkuntza-sistema publiko osoan. Beraz, ez da erlijio-irakastordurik izango 28,8 irakaslerentzat, eta, Navarra Sumaren foru-lege proposamena aplikatuta, egungo kontratu eta lanaldiari eutsiko liokete urteko 1.315.974,92 €-ko gainkostuarekin. Horietatik 438.649,31 euroko zenbatekoa dagokio 2022ari.

Ildo berean, 2023/2024 ikasturtetik aurrera ordutegi-murrizketa aplikatuta aipatu etapetako maila guztietan, guztira 88,9 irakasle beharko dira hezkuntza-sistema publiko osoan. Horrek esan nahi du ez litzatekeela erlijioko irakastordurik izango 56,2 irakaslerentzat, eta, Navarra Sumaren lege-proposamena aplikatuz gero, egungo kontratu eta lanaldiari eutsiko liokete urteko 2.563.535,60 €-ko gainkostua izanik.

Gobernuaren txostenean gogorarazten da Estatuko 2022ko Aurrekontu Orokorren inguruko Legearen 19. artikuluan berariaz debekatzen dela administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen soldata-masa %2tik gora igotzea. Igoera hori 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legean sartuta dago jada, eta horrek I. Kapituluko gastua (langileen gastuak) handitzea eragozten du.

Erlijioko irakasleen lan-harremana arautzen duen ekainaren 1eko 696/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, Exekutiboak adierazi du irakasle horien kontratazioak ikastetxeen premietara eta hezkuntza-plangintzara egokitu behar duela; hortaz, irakastorduen murrizketa langileen kontratazioan islatu behar da. Horrela, horrek eragina izan dezake dagoen kontratu-kopuruan eta horien irakastorduetan. Hezkuntza Departamentuak printzipio horien arabera jokatu du beste edozein irakasgai denean ere, ikasleen matrikulan izandako aldaketak, curriculum-aldaketak, kasu honetan bezala, edo hezkuntza-plangintzaren beste edozein gorabehera medio, erlijio-irakasleak ez diren beste irakasleen administrazio-kontratazioa murriztu behar izan bada.