2021ko abenduaren 22a

Gobernuak hiru enpresa-proiektu izendatu ditu foru-intereseko inbertsiotzat

Navarpiensosek, Hydro Extrusión Spainek eta Falcon hozkailuek sustatzen dituzte

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, hiru erabaki hartu ditu Navarpiensosek, Hydro Extrusión Spainek eta Frigoríficos Falconek sustatutako beste hainbeste enpresa-proiektu foru-intereseko inbertsiotzat jotzeko.

Navarpienso SL enpresa Granja Los Alecos taldearena da, eta txerrikien sektorerako pentsua ekoizteko fabrika berri bat egiteko asmoa du, Tafallan. Proiektuaren aurrekontua 10 milioi eurokoa da, eta gutxienez zuzeneko 10 lanpostu sortzea aurreikusten da.

Irurtzungo Hydro Extrusión Spain SAUk, bestalde, estrusio-teknikaren bidez egindako aluminio-aleaziozko profilak fabrikatzen ditu, merkatuaren zenbait sektoretarako. 9 milioi euro baino gehiago inbertsioa eginen du, lantegiari gaitasun teknologikoa emateko. Zuzeneko 10 lanpostu berri sortzea aurreikusten da.

Azkenik, fruta eta barazkiak ekoitzi eta merkaturatzen dituen Frigoríficos Falcon SA enpresak lantegi berri bat instalatuko du Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian (CAT), 3 milioi euroko inbertsioa eginik. Zuzeneko 50 lanpostu berri sortzea aurreikusten da.

Gobernuak foru-intereseko inbertsio izenda ditzake Nafarroaren garapen ekonomikorako, sozialetako edo lurraldearen eremukorako berebiziko garrantzia duten proiektuak. Ondoren, halakotzat jotzen diren ekimenei lehentasunezko eta premiazko bultzada ematen zaie, Nafarroako administrazio guztiekin egin behar dituzten izapideetan. Adibidez, erdira murrizten dira jarduera ezartzeko egin beharreko izapideen epe arruntak, baita hirigintza-plangintza egiteko eta egikaritze-, irekiera- eta funtzionamendu-lizentzia ematekoena ere.