2022ko otsailaren 23a

Nafarroako Gobernuak Miguel Moreno Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusi izendatu du

Chivite Lehendakariaren  aholkulari kargua zuen 2019tik eta, hemendik aurrera, Xabier Casimirok hartuko du bere gain
Miguel Moreno, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari 
nagusia.
Miguel Moreno, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak foru dekretu bat onartu du gaurko bilkuran, Miguel Moreno Ariztegi Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusi berria izendatzeko, zeinak 2019ko abuztutik orain arte Maria Chivite Lehendakariaren aholkulari kargua bete duen. Xabier Casimirok ordezkatuko du, legegintzaldiaren hasieratik lehendakariaren kabineteari lotuta baitzegoen.

Kazetaritzan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean (2004). Komunikazio Soziologian eta Nazioarteko Harremanetako Espezializazio ikastaroa egin zuen Buenos Airesko Austral Unibertsitatean (2003-04). Gainera, Komunikazio Politikoan eta Korporatiboan masterra du Nafarroako Unibertsitatean eta George Washington Unibertsitatean (2006). Advanced CI titulua dauka ingelesez eta euskara ikasten ari da. 

2004tik 2012ra "El Mundo" egunkarian erredaktorea izan zen eta gero Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Errektoreordetzan aritu zen 2016 arte. San Ferminen Nazioarteko Prentsa Bulegoko taldeko koordinatzaile ere aritu zen 2016tik 2019ra. Eta 2017an komunikazio instituzionalako lanak egin zituen Eusko Jaurlaritzako Lehiaren Euskal Agintaritzan. 2018tik gaur egun arte, "eldiario.es" egunkari digitaleko Nafarroarako korrespontsal izan da, "Navarra Capital" aldizkari ekonomiko digitalean eta "Punto de Vista" dokumental zinemaldian kolaborazioak egin ditu ere. Halaber, negozio eta ekitaldi politikoetarako hitzaldi eta testuak idatzi ditu.

Bere irakaskuntza ibilbidean Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean irakasle elkartua izan da (2006-2016).
2013. urteaz geroztik, Nafarroako Kazetarien Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea eta, 2017an sortu zenetik, Nafarroako Kazetarien Elkargoko Gobernu Batzordeko kidea izan da.
2022ko otsailean Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusi izendatu dute.

Xabier Casimirok Lehendakariaren aholkulari postua hartuko du

Lehendakariak Xabier Casimiro Erviti izendatuko du bere kabineteko aholkulari. 1980an Iruñean jaioa, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean (2002) eta Marketin Zuzendaritzako eta Merkataritza Kudeaketako masterra egin zuen ESICen (2017). Ingelesezko C1 ziurtagiria du.

Telebistarako kazetari gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2000tik 2008ra hainbat ikus-entzunezko komunikabidetarako lan egin zuen: TVEren Nafarroako Lurralde Zentroan, Telecinco Albistegien Arlo Nazionalean, Canal 4 Navarran eta Canal 6 Navarran. Gainera, Shackleton Group publizitate agentziaren kolaboratzailea izan da.

2008an, komunikazio-teknikari gisa hasi zen lanean Tragsatec enpresan, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamenturako. 2012an Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kabineteko laguntzaile izatera pasa zen, eta geroago Ogasun eta Finantza Politikakora. Bertan jarraitu zuen 2019an Lehendakariaren Kabinetean sartu zen arte.

Irakaskuntzaren arloan, Europako Foroko negozio eskolan komunikazio-moduluak eman ditu.