Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Datu Irekien plataforma berria estreinatu du
2021ko abenduaren 9a
Nafarroako Gobernuak Datu Irekien plataforma berria estreinatu du
Nafarroako Gobernuak Datu Irekien plataforma berria (Open Data) jarriko du abian gaur, datosabiertos.navarra.es. Plataforma horrek Gobernu Irekiaren atariko Datu Irekiak atala ordezten du, bertan Nafarroako Gobernuak berrerabiltzeko gizartearen esku jartzen zuen informazioa edo datu-multzoak argitaratzen baitziren.
Helburua da denborarekin plataforma Administrazioak berak sortutako edukien biltegia soilik izatera ez mugatzea, baizik eta foru-lurraldeko datuen benetako ataria izatea, beste erakunde eta instituzio batzuek sortutako datuak ere sartuaz.
Nafarroako Datu Irekien tresna berri honek herritarren eskura jarritako 1.200 datu-multzo baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du, bertara sartzeko, kontsultatzeko eta berrerabiltzeko. Modu horretan, honako hauek bezalako datu-multzoak deskargatu dira: Lokalen Erregistroak 33.500 deskarga baino gehiago izan ditu; Industria Erregistroak ia 16.000 deskarga eta Erregistro Bulegoak edo Errepideen Mapa Ofizialak 2.000 deskarga inguru. Dena den, gehien kontsultatutako eta deskargatutako datuak pandemiari buruzkoak izan dira, 80.000 deskarga baino gehiagorekin.
Atari berria gaur goizean aurkeztu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), ikasleei zuzendutako jardunaldian; bertan, adituek informazioa berrerabiltzeak arlo guztietan dituen onuren eta potentzialtasunen berri eman dute. Era horretan, Unibertsitatearekiko lankidetza sustatzeko hartutako konpromisoa ere beteko da, datu irekiak Unibertsitateko irakaskuntzan eta ikerketan erabiltzeko, Gobernu Irekiaren I. Planaren barruan.
Plataformen integrazioa
Ekintza hori plataformen integrazioaren bidez burutuko da. Horretarako, atarian argitaratutako datuen eta metadatuen biltegi osoa aztertu, berrikusi eta plataforma berri batera migratu da, egungo funtzionaltasuna hobetu eta zabalduz. Kode irekiaren ingurune berriari esker, datuak eskuragarri daude eta berrerabil daitezke, datuak katalogatzeko eta biltegiratzeko aukera horiek errazten dituen sistemaren bitartez.
Ekintza horrekin, Lehendakaritzaren eta Gobernu Irekiaren Zuzendaritza Nagusiak Gobernu Irekiaren I. Planeko konpromisoetako bat osatu du, datu publikoak inolako murrizketa tekniko edo legezkorik gabe ematera zuzendutako nazioarteko izaera duen ekimen horretan. Era berean, Nafarroan argitaratutako datuei ikusgarritasuna emango zaie bai estatuan, bai Europan, datos.gob.es plataformarekin integratuz (hori, aldi berean, data.europa.eu atarian integratuta dago).
Funtzionamendu teknikoa
Funtzionamenduari dagokionez, informazioa kudeatzeko eta argitaratzeko aukera ematen du, datu-multzoak eta horien metadatuak sortuta; datuak kategorizatzeko eta bilatzeko oinarrizko funtzionaltasuna du, datuak taula, mapa edo grafikoen bidez aurretik bistaratzeko funtzionaltasuna izateaz gain; eta erakunde ezberdinen datu-sareak sortzea errazten du ‘federatzailea’ izeneko mekanismo baten bidez, hainbat atari automatikoki integratzeko aukera emanaz.
Beste ezaugarri bat da API bat duela (Aplikazioak Programatzeko Interfazea), berrerabiltzaileei eta garatzaileei datuen bilaketa, sarbidea eta kontsumoa errazteko. Modu horretan, informazio publikoa erabilita gizartearentzat irtenbide eta zerbitzu berriak sortu ahal izango dira, eta gure gizartearen garapen ekonomikoa areagotu ahal izango da.