2022ko maiatzaren 10a

Nafarroako Gobernuak 2 milioiko laguntzak deitu ditu 2022an sindikatuen jarduera arruntak finantzatzeko

Diru-laguntzak eskatzeko epea gaur hasi eta ekainaren 10ean amaituko da, egun hori barne

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak sindikatuentzako 2.000.000 euroko diru-laguntzak deitu ditu. Laguntza horiek Nafarroan lortutako ordezkari-kopuruaren arabera banatzen dira, sindikatuek 2022an jarduera arruntak finantza ditzaten.

Diru-laguntza jaso nahi duten erakundeek gaurtik, asteartetik, ekainaren 10era, egun hori barne, telematikoki aurkez dezakete eskaera, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak telematika bidez jaso nahi direla. Horretarako, eskatzaileak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki behar du.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2021eko abenduaren 1etik 2022ko azaroaren 30era bitartean eginen dira eta gastutzat joko da aldi horretan fakturatu eta ordaindu dena. Egindako gastuaren justifikazioa 2022ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Nafarroan enpresa eta administrazio publikoetako ordezkarien 100eko 10 edo gehiago lortu duten sindikatuek 2022ko ekainaren 30a baino lehen eskatu ahal izango dute diru-laguntzaren konturako ordainketa, 2021eko abenduaren 1etik 2022ko maiatzaren 30era arte egindako jardueragatik.

Era berean, 20.000 euroko edo gehiagoko laguntzak jasotzen dituzten erakundeek, gastuen azken justifikazioarekin batera, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko dute, Garapen Ekonomiko kontseilariaren ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Aginduan zehatz-mehatz adierazten den bezala.