2022ko martxoaren 23a

Nafarroako Gobernuak osasuneko, larrialdietarako, arrisku psikosozialen prebentziorako eta digitalizaziorako lantaldeak indartu ditu

45 plaza sortu dira herritarren zerbitzua hobetzeko
Navarra refuerza equipos de salud, emergencia, prevención de riesgos psicosociales y digitalización. Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran bi foru dekretu eta akordio bat onartu ditu 45 plaza sortzeko herritarren zerbitzua hobetzeko. 

Guztira sortutako plaza-kopurutik 26 Nafarroako Osasun Zerbitzuan-Osasunbidean sortuko dira:

- Nafarroako Unibertsitate Ospitalean profil hauen 20 plaza sortuko dira: zainketa osagarrietako teknikariaren sei plaza, erizaintza obstetriko-ginekologikoko erizain espezialistaren hiru plaza, osasun-kudeaketako teknikariaren bi plaza eta laborategiko teknikari espezialistaren beste bi plaza, administrariaren bi plaza, arkitekto teknikoaren plaza bat, ingeniari teknikoaren plaza bat, anatomia patologikoko teknikari espezialistaren plaza bat, erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren plaza bat eta Farmaziako teknikariaren plaza bat.

- Lehen Arretan, 3 plaza: bi zerbitzu orokorretakoak eta bat administrariarena.

- Tuterako Osasun Arloan, 3 plaza: administrariaren plaza bat, hortzetako teknikari espezialista higienistaren beste plaza bat eta Farmaziako teknikariaren beste bat.

Beste lanpostu batzuen amortizaziotik datozen plaza horiek sortuta, aipatu unitateetako langileen prestakuntza eta profilak eguneratu nahi dira, osasun-eremuan zerbitzu eta premia berriei modu egokiagoan erantzutearren.

Bestalde, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren 13 plazari esker, Administrazioaren digitalizazioan aurrera egiten jarraitu ahal izango da, eta, era horretan, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu digitaletan ere bai. Horrela, bultzatuko diren lan-ildo zehatzetako batzuk hauek izango dira: trebatze digitala, zibersegurtasuna, telemedikuntza edo datuen balioaren erabilera.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko Departamentuari dagokionean, lanean jarraitzen dute larrialdien arreta indartzeko eta, horrela, 112 SOS Nafarroa Aretoa indartuko da, aretoko buruzagiaren bi plaza sortuta, arreta hobea eskaintzeko eta larrialdi-aretoaren erantzun-gaitasuna areagotzeko.

Gainera, ikusita eskaria gero eta handiagoa dela eta Administrazioko langileen artean arrisku psikosozialak prebenitzeko lana egin beharra dagoela, Administrazio Publikoaren Erakundean psikologo-plaza bat sortzeko baimena eman da; duela gutxi, Laneko Psikosoziologiako prebentzio-diziplina duen plaza bat ere sortu zen, eta pasa den otsailean sartu zen Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren plantillan.

Halaber, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikitako soziologo-lanpostu berri bat sortu da, beste TAP bat Barneko Zuzendaritza Nagusirako, eta, era berean, baimena eman da Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusirako beste TAP postu bat sortzeko.