2021ko abenduaren 22a

Gobernuak Foru Komunitateko Bioetika Batzordea sortu du

Horren helburua da arlo horri buruzko aholkuak ematea Jaurlaritzari, komunitate zientifikoari eta osasun- eta gizarte-erakundeei

Nafarroako Gobernuak foru dekretu bat onartu du gaurko bilkuran, Nafarroako Foru Komunitateko Bioetika Batzordea sortu eta arautzeko, eta horren helburua da arlo horretan aholkuak ematea Exekutiboari, komunitate zientifikoari eta osasun- eta gizarte-erakundeei.

Batzordearen jarduketa esparruari dagozkio giza osasunaren alor guztiak, bai esparru komunitariokoak eta bai banakako, prebentzio, sendatze eta errehabilitazio osasunari dagozkionak. Gainera, irakaskuntza eta ikerketa eremuak barne hartuko ditu.

Bere funtzioen artean, nabarmendu ahal dira osasun sistemako profesionalei pertsonen duintasunarekiko errespetua bermatzen lagunduko dien lan protokoloak eta prozedurak  homogeneizatzea, bereziki eztabaida edo gatazka egoeretan; Biomedikuntza eta Osasun Zientzien inplikazio etiko eta sozialak dakartzatenekin lotura duten arloetako txostenak, proposamenak eta gomendioak igortzea; zientzia komunitatean eta gizartean heziketa eta informazioa sustatzea, zientziaren ezagutza eta Bioetikarena alderatzeko beharra azpimarratuz; gizartean eztabaida, prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatu eta garatzea gai bioetikoen gainean, parte hartzea sustatuz.

Kontsulta eta aholku izaera duela kontuan hartuta, Batzordeak eginiko txostenak ez dira lotesleak izango.

Konposizioa

Batzordearen eraketa diziplina anitzekoa izango da, Bioetikaren zientzia edo legegintza arloetan lehiakortasun ziurtatua duten profesionalekin kontatuz. Batzordeko pertsona kideak izendatuko ditu Osasun Departamentuko pertsona titularrak bost urteko eperako, eta horien izendapena behin bakarrik luzatu ahal izango da, epe berdinaren arabera.

Batzordea osatuko dute pertsona hauek: 5 pertsona, medikuntza, erizaintza, psikologia, gizarte langintza eta farmazia alorretako pertsonalaren artean hautatuak eta Osasunaren Zientzietako profesionalak, Bioetikaren arloan prestakuntza eta esperientzia ziurtatuak dituztenak; eta 3 pertsona osasun gaiekin lotutako prestakuntza juridikoa dutenak.

Gainera, Batzordea osatuko dute adituak direnek honako alorretan: bat Humanitateak eta Gizarte Zientzietakoa; bat esparru komunitarioari eta Osasun Publikoari dagokiona; bat herritarren eskubide eta betekizunak defendatzeko osasun esparru publikokoa; Foru Komunitateko Ikerketa Klinikorako Batzorde Etikoko kide bat, lehendakaritzako kideek proposatua; pertsona bat ziurtatutako etika asistentzialeko batzorde bakoitzeko, bertako kideen artean esleitua, eta bere lehendakaritzak betetzen dituzten pertsonek proposatua; eta Nafarroako Arreta Sozialerako Etika Batzordeko pertsona kide bat.

Nafarroako Bioetika Batzordeko kideak izendatu eta, bere barne-erregimeneko araudia elaboratu ondoren, horien artean hautatuko dute lehendakaria izango den pertsona, eta lehendakariordetza beteko duen beste bat. Departamentuko pertsona titularrak izendatu ahal izango du idazkatzarako pertsona, departamendu berekoa izan beharko dena.

Batzordeko kide bezala bertaratzeari ez dagokio ordainketa jasotzea.