Descárgate la app
Gobernuak alokatzeko etxebizitza babestuaren parkea handituko du Tuteran sustatzaile pribatu batekin gauzaturiko hitzarmen berritzailearen bitartez
2018ko abuztuaren 30a
Gobernuak alokatzeko etxebizitza babestuaren parkea handituko du Tuteran sustatzaile pribatu batekin gauzaturiko hitzarmen berritzailearen bitartez
Nafarroako Gobernuak beste aurrerapauso bat eman du alokatzeko etxebizitzaren eskaintza handitzeko, gizartean dagoen eskari gero eta handiagoari erantzunez. Nasuvinsa sozietateak Tuteran duen etxebizitza-parkea handituko du, Erriberako hiriburuko sustatzaile pribatu batekin gaur sinaturiko hitzarmenari esker. Sustatzaileak 23 BOE eraikiko ditu bere jabetzapena lursail batean eta inbertsio propioen laguntzaz, eta ondoren, etxebizitza-sozietate publikoaren esku utziko ditu gutxienez 30 urtez, errentamenduaren kudeaketaz ardura dadin.
Parekorik ez duen lankidetza publiko-pribatuko –eraikuntza pribatua eta alokairu publikoa– formula honi esker, Nasuvinsak, BOE sustapen publikoak osatzeaz gain, aukera berria ireki nahi die honelako jarduketetan interesatuta egon daitezkeen beste enpresa sustatzaile batzuei ere, alokatzeko etxebizitzaren merkatua sektorean hartzen ari den pisu gero eta handiagoaren harira. Hartara, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra “hitzarmen eredu hau Nafarroa osora hedatzearen alde” agertu da, eta gonbita luzatu die “sustatzaileei eta inbertsiogileei, merkatuko eskariari erantzun eta aldi berean alokairu soziala indartzen laguntzen duten era honetako eragiketekin bat egin dezaten”.
Lehendakariordeak, Nasuvinsako zuzendari-kudeatzaile José Mª Aierdik eta Señorío de Montecierzo enpresa sustatzailearen ordezkari Carmelo Jiménezek eta Pablo Rubiok hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute gaur jendaurrean. Akordio honen arabera, sustatzaile pribatuak bere gain hartuko du etxebizitzen proiektua landu eta eraikitzeko inbertsio osoa eta % 35eko dirulaguntza publikoa jasoko du, alokatzeko etxebizitza sustatzeko Foru Legeak araututakoari jarraiki. Enpresak hirigune kontsolidatuaren barnean duen lursail batean eraikiko ditu etxebizitzak, Tuterako futbol-zelaiaren ondoan, eta amortizazioaren zati bat segurtatuko du, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-sozietate publikoak hiru hamarkadetan bermatuko dizkion hileroko errentamendu-alokairuen bitartez.
Alokatzeko etxebizitzaren eskaintza gehitzeko ahaleginak
Aldi berean, formula honen bitartez, Nasuvinsak dexente gehitu ahalko du alokairu babesturako etxebizitza-parkea, etxebizitzarako sarbideari dagozkion beharrei erantzunez eta horrelako sustapenen proiektua taxutu eta gauzatzeko funts publikorik bideratu beharrik gabe. Honela, etxebizitza-sozietate publikoak, alokatzeko BOE berrietan –sustapen publikoen % 84– nahiz partikularrek alokatzeko etxebizitza hutsak mobilizatzeko programaren barruan (Alokatzeko Poltsa) eskainitako etxebizitzetan egiten ari den ahalegina osatzeko aukera izango du. Horren harira nabarmendu behar da, partikularrek utzitako etxebizitzen kopurua % 30 igo dela azken bi urteotan, fopru Gobernuak bultzatutako pizgarrien bitartez.
Lankidetza publiko-pribatuko hitzarmenen bitartez, Nasuvinsak hirugarren bidea ireki du alokairu-zerbitzuaren etxebizitza kopurua handitzeko, parke propioko etxebizitzekin eta Alokatzeko Poltsari atxikitako jabe partikularren etxebizitzekin batera. Egun, Nafarroako Gobernuaren enpresak babes babestuko 965 etxebizitzak osatutako parkea du Foru Komunitatean, partikularren 618 etxebizitza kudeatzen ditu Alokatzeko Poltsaren bitartez, eta datozen hiru urteotan, Alokatzeko Etxebizitza Planaren hiru faseetan aurreikusitako beste 524 BOE eraikiko ditu. Azken hauen lanak martxoan abiatu ziren.
Zehazkiago esanda, Tuteraren kasuan, gaur sinaturiko hitzarmenean aurreikusita dauden 23 BOEak eraikitzeak % 21 gehituko du Erriberako hiriburuan dagoen alokatzeko etxebizitzaren egungo eskaintza publikoa. Etxebizitza hauei Nasuvinsaren inbertsio propiokoak gaineratzen baldin badizkiogu -Nasuvinsaren Alokairu Planak Azucarera poligonoan sustatutako 15 BOEak eta Horno de Coscolín eremuko hirigintza-planean gazteei alokatzeko erreserbatu diren 10 BOEak-, Erriberako hiriburuan alokatzeko etxebizitzen eskaintza publikoa % 44 gehituko da datozen bi urteotan, sozietate publikoak egun kudeatzen dituen 104 etxebizitzen aldean (horietatik 86 parke propiokoak eta 19 partikularren Poltsari atxikitakoak).
Hitzarmenaren klausulak eta baldintzak
Hitzarmenean ezarritakoaren arabera, Señorío de Montecierzo sustatzaile pribatu tuterarrak Nasuvinsari alokairua kudeatzeko egindako lagapenaren iraupena gutxienez 30 urtekoa izango da, eta ondoren, 5na urteko epeetan luzatu ahalko da, aldeetako batek hitzarmena desegiteko borondaterik agertuko ez balu.
Etxebizitzen eraikuntza bukatu eta egitatezko errentamendua hasi ondoren, Nasuvinsak 4,40 euro ordainduko dizkio hilero sustatzaileari alokatutako azalera eragilgarriaren metro koadro bakoitzeko, eta beste 44 euro atxikitako garaje-plaza bakoitzeko. Era berean, sozietate publikoak eskatzaileen erroldaren bitartez kudeatuko du etxebizitza hauen errentamendua eta higiezinen mantentze-lanez arduratuko da alokatuta dauden bitartean.
Bestalde, enpresa sustatzaileak, emakidak dirauen bitartean hileko errenten kobrantza segurtatzeaz gain, etxebizitzaren gehienezko salmenta-prezioaren gaineko % 35eko dirulaguntza jasoko du hasierako inbertsioari aurre egiteko, etxebizitzari eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 16. xedapen osagarrian BOEen sustatzaileentzat jasotakoaren arabera, baldin eta gutxienez 30 urtez errentamendu-araubidearen barnean sailkatuta badaude.