2022ko urtarrilaren 4a

Nafarroako Artxiboak udal artxibo batzuetako 90 dokumentu berreskuratu ditu

Besteak beste, Garesko eta Beireko pergaminoak eta Vianako planoak
Lehengoratutako dokumentu batean urradura baten josketa.
Lehengoratutako dokumentu batean urradura baten josketa.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak zenbait herritako dokumentu ondarearen zati bat hartu du, haien kontserbazio egoera hobetzeko eta haien zainketa eta kontsulta publikoa bermatzeko.

Zehazki, Gares, Beire, Viana, Zangoza, Berriozar eta Bidaurretako udal-artxiboetako 90 dokumentu berezi zaharberritu eta digitalizatu dira. Behin tratamendua amaituta, dokumentuak jabeei itzuli zaizkie dagozkien udal-artxiboetan jasotzearren.

Artxiboak dokumentu-ondarea zaharberritzeko eta digitalizatzeko espezializaturiko bi tailer tekniko ditu. Zerbitzu tekniko iraunkorrak dira, baina, salbuespen moduan, kanpoko beste erakunde batzuen proposamenak artatzen dituzte, bereziki udal-administrazioarenak.

Esku-hartzea

Udal-dokumentuan 2021ean zehar jarri dira erakundearen esku, eta artxiboaren instalazioetan tratamendu ezberdinak jaso dituzte euskarrien eta idazteko erabilitako tinten arabera.

Gares, Beire eta Berriozar herrietako pergaminozko Erdi Aroko agiriek garbiketa mekaniko zorrotza jaso dute, azaleko zikinkeria kentze aldera; ondoren, hidratazio-prozesu bat egin zaie, zuntzen lotura kimikoak indartzearren, eta pitzadurak eta urradurak konpondu zaizkie. Argizarizko zigiluak zituzten aleei, berriz, garbiketa eta konponketa espezifikoa egin zaie.

Paperezko euskarriko dokumentuei (Garesko pribilegioen liburua, esate baterako) garbiketa mekanikoa aplikatu zaie, gainazaleko zikinkeria kentze aldera, eta pitzadurak eta urradurak konpontzeko lana ere bai, folio solteak txertatzearekin batera, kokapen zuzena aurkitu ondoren; azkenik, euskarria sendotzeko txertaketak egin zaizkie.

Bestalde, Vianako “kasañalak” bezalako paper entelatuko mapen kasuan, hasieran garbiketa mekanikoa egin zaie gainazaleko zikinkeria, itsasgarriak eta adabakiak kentzeko, eta, ondoren, pitzadurak eta urradurak konpondu zaizkie.

Dokumentu guztiak material neutro eta egonkorrekin prestaturiko kontserbazio-muntaietan instalatu dira. Esku hartzeko prozesua aleak kalitate altuan digitalizatuta amaitu da, eta horien kopia bana egin da bereizmen handian eta bereizmen txikian, kontsulta egin ahal izateko. Irudi horiek ere Udalei eman zaizkie dokumentu originalekin batera.

Bestalde, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak kopia digital bat gorde du bere ekipamendu informatikoen bitartez esku hartutako dokumentuak kontsultatu ahal izateko, nahiz eta hirugarren pertsonei erreprodukzio hori eman ahal izateko, titularrek aurretik baimena eman beharko duten.

Udalak eta esku hartutako dokumentuak

Guztira, sei Udalek parte hartu dute kanpaina honetan, eta horien dokumentuak Artxiboaren zaharberritze- eta digitalizazio-tailerretan landu dira.

Garesek Erdi Aroko 32 pergamino ekarri ditu, eta tartean nabarmentzekoak dira hiribilduko ureztatzeari buruzko 1261eko eskritura bat, hiribilduko XV. mendeko Ordenantzak eta hiribilduko pribilegioen liburua, beste liburu eta dokumentu batzuen artean.

Beiretik Erdi Aroko 11 pergamino ekarri dituzte, eta tartean nabarmentzekoak dira Beireko kontzejuarekiko 1334ko betebehar bate do San Millango Kofradiaren Ordenantzak eta paperezko 4 dokumentu.

Horrez gain, Vianak Dionisio Casañalek 1908an egindako 36 katastro-plano aurkeztu ditu. Zangozak pregoi-liburu bat (1611-1628), diruzainaren liburu bat barne (1571-1572). Berriozarrek Erdi Aroko musika-notazioa duen pergaminozko estalki bat ekarri du, Nafarroako Errege Kontseiluaren auzi bat babesten zuena (1566koa). Eta, azkenik, Bidaurretak “Vidaurreta. Nuevo Regadío. Zona de Concentración Parcelaria” izeneko planoa, Iruñean egina 1953an.