Descárgate la app
Hezkuntza Departamentuak 10 euroko murrizketa aplikatuko du 0-3ko haur-eskoletako eskolatze-tarifetan, eta erabateko doakotasuna errenta txikienetan
2022ko otsailaren 11a
Hezkuntza Departamentuak 10 euroko murrizketa aplikatuko du 0-3ko haur-eskoletako eskolatze-tarifetan, eta erabateko doakotasuna errenta txikienetan
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak gaur aurkeztu du 2022-2023 ikasturterako foru agindua zeinak ezartzen dituen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako hitzarmenen bidez finantzatutako udal titulartasuneko haur-hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan eskolatzeko familiei aplikatu beharreko tarifak. Gimeno Hezkuntza zuzendari nagusi Gil Sevillanorekin batera izan da.
Foru-aginduan, bi berrikuntza nagusiak hauek dira: batetik, erabat doakoa izatea urteko per capita errenta 6.650 eurotik beherakoa duten familien kasuan edota 9.300 eurotik beherakoa guraso bakarreko familien kasuan; eta, bestetik, 10 euroko murrizketa lineala aplikatzea aurrean aipaturiko per capita errentak baino handiagoak dituzten familien tarifetan. Gainera, datorren ikasturtetik aurrera, Hezkuntza Departamentuak ordainduko du kuotarik gabeko haurren jantokia, haien udalerrikoa ez den haur-eskola batean matrikulatzen badira, bertan haur-eskolarik ez egoteagatik edo haur-eskola horretan plaza hutsik ez izateagatik.
Tarifa berri horiek aplikatuko zaizkie, halaber, beste haur-eskola batzuetan matrikulatutako seme-alabak dituzten familiei, Foru Gobernutik diru-laguntza edo finantzaketa publikoa jasotzen dutenei.
Errenta-tarte baxuenetan erabateko doakotasuna izateaz gain, Hezkuntza Departamentuak erabakitako murrizketa berriarekin, errenta-maila handiagoetan, eskolatze-kostua %22,22 eta %5,46 artean jaitsiko zaie familia orokorrei, ikasturte honetako prezioen gainean. Murrizketa %12,66 eta %6,10 artekoa izango da, berriz, guraso bakarreko familien edo guraso bakarreko familia-egoeran daudenen kasuan, haien per capita errentaren arabera. Metatutako tarifen murrizketa (15 euroko jaitsiera lineala ikasturte akademiko honetan eta 10 eurokoa datorren ikasturtean) %41,67 eta %12,63 artekoa da familia orokorrentzat eta %26,60 eta %13,97 artekoa guraso bakarreko familiei dagokienean.
Eskolatze murriztuko (6 ordu) edo erdiko (4 ordu) kasuetan, eskolatze-tarifen beherapen-portzentajeak berdin-berdinak izango dira per capita errenta-tarte bakoitzean, familia orokorrei nahiz guraso bakarreko familiei dagokienez.
Bizikidetza Legegintzaldi eta Legealdi Berdinzale, Berritzaile eta Aurrerakoirako 2019-2023 Programa Esparruaren barruan, 3.1 atalean eta 25. puntuan, “zero eta hiru urte arteko haurrentzako haur-eskoletan eskolatzea gehitzeko” konpromisoa jasotzen da. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak foru-aginduaren aurkezpenean ondorengoa nabarmendu du: “neurri berri horiekin, Nafarroak 0-3 zikloaren unibertsalizazioan aurrera egiten du, haur-eskoletako matrikula gehitzeko aukera emanda eta Nafarroan Haur Hezkuntzarako sarbiderik ez zuten familia ahulenei hemendik aurrera baldintza hobeetan eduki ahal izateko aukera eskainita”. Ikasturte honetan, 4.244 ikasle matrikulatu dira haur-eskoletan, eta eskolatze-tarifak jaisteak mesede egingo die.
Era berean, Akordio Programatikoan, 0-3 urteko zikloaren finantzaketa defendatzen da kalitate-estandarrekin eta lege-erregulazioarekin, edota hezkuntza-etapa horretan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak bermatzeko legeria egokitzea. Ildo horretan, Hezkuntza Departamentuko arduradunek adierazi dute Foru Gobernua sistematikoki gehitzen joan dela Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren Haur Eskolen Zerbitzu sortu berriari esleitutako aurrekontu-partida, eta aipatu dute 79/2021 Foru Aginduan ezarritako moduluak eguneratu direla, garbiketako langileen soldatak igota, besteak beste.
Izan ere, Hezkuntza Departamentuak “kopuru handiak inbertitu ditu COVID egoeraren aurrean indartze-langileak kontratatzeko, haur-eskola horietako unitate-kopuruaren arabera”. Horretarako, 577.313,66 euro baimendu dira 2021ean eta 874.389,96 euro 2022an. Partida horiek erabili dira udal-titulartasuneko haur-eskoletako langileen lan-baldintzak eta hezkuntza-kalitatea hobetzeko 2020-2021 ikasturtean, toki-erakundeei egindako aparteko ekarpenen bitartez, haien titulartasuneko haur-eskoletan errefortzuko langileak (hezkuntza eta garbiketa) kontratatzeko.
Hezkuntza Departamentuak udal-titulartasuneko Haur Hezkuntzako ikastetxeen kudeaketaren finantzaketan parte hartzen du, lankidetza-hitzarmenak sinatuta. Eta urteko modulu aplikagarriari toki-erakundeak egin beharreko ekarpena eta familien eskolatze-tarifen ekarpena deskontatuta ateratzen den zenbatekoa diruz laguntzen du. Toki-administrazioek ez dute beren gain hartu beharko bestelako finantzaketa gehigarririk, eta ez dute inolako kosturik izango 2022-2023 ikasturtean aplikatzeko orain iragarritako tarifa berriek, oso-osorik Hezkuntza Departamentuak ordainduko baititu.
Haur-eskola berria Erripagainan
Era berean, Hezkuntza Departamentuko arduradunek jakitera eman dute Burlatako Udalari partzela bat lagatzeko eskatu diotela Erripagaina auzoan (Burlatako udal-mugartea), 0-3 ziklorako eraikin berria eraikitzeko, bertan Egunsenti ikastetxea jarriko baita, abenduaren 10eko uholdeek larriki kaltetua izateagatik.
Otsailaren 7an, Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Burlatako Udalari jakinarazi zion ikastetxea partzela horretan behin betiko kokatzeko asmoa zutela, eta horretarako lagapena beharrezkoa zela. Udalak datozen hilabeteetan lagapen hori baieztatuko balu, Departamentuak exekuzio-proiektua eta, ondoren, obrak lizitatuko lituzke. Harik eta ikastetxe berria eraiki arte, Hezkuntza Departamentuak Egunsentiko gelak Hilarion Eslava Ikastetxe Publikoan eta 0-3 udal-ikastetxean birkokatzea aurreikusi du, elkarrengandik oso hurbil. Modu horretan, zerbitzua bermatuko da ikastetxe berria eraikitzeko lanak irauten duten bitartean. Burlatako Udala ados agertu da Hezkuntza Departamentuak adierazitako alderdi guztiekin.