Descárgate la app
Lau pertsona eraman dituzte ospitalera 2009ko San Fermin jaietako lehen entzierroan, baina bat ere ez du zezenak zauritu
2009ko uztailaren 7a
Lau pertsona eraman dituzte ospitalera 2009ko San Fermin jaietako lehen entzierroan, baina bat ere ez du zezenak zauritu
San Fermin jaietako lehen entzierroan lau gizonezko Iruñako ospitaleetara eraman dituzte, baina bat ere ez du zezenak zauritu. Nafarroako ospitaleko eta Virgen del Camino ospitaleko Larrialdien zerbitzuetan artatu dituzte.
Zehatz esanda, Nafarroako ospitalean hauek artatu dituzte:
-R. M. M, 31 urtekoa eta San Sebastián de los Reyes (Madril) herrikoa. Ukondoan zauria egin du eta alta eman diote. Estafeta kalean egin du zauria.
-Artatutako bigarrena I.A.T. izan da, Castellóko 21 urtekoa. Ibilbidearen tarte berean zauritu da eta kontusio lunbar arina du.
Horrez gain, Virgen del Camino ospitalean beste bi korrikalari artatu dituzte, biak gizonezkoak. Ipar Amerikako 27 urteko gizonezkoa, G.P.S, inizialekin, Mercaderes kalean zauritu da. Kontusio ugari ditu eta zauri bat eskuineko belarri-hegalean.
Osasun-zentro horretako Larrialdien zerbitzura 27 urteko eskoziar bat ere iritsi da, A.M.S. inizialak dituena. Santo Domingon zauritu da eta kontusio ugari ditu. Pronostikoa arina da.
María Kutz Osasun kontseilariak azpimarratu duenez, Alcurrucén Toledoko ganadutegiko sei zezenek egindako lehenengo entzierro hau “azkarra eta garbia” izan da. Bestalde, Kutzek adierazi du joan den gauean larrialdi-zerbitzuetan 351 pertsona artatu dituztela, 169 Nafarroako ospitalean, eta 182 Virgen del Camino ospitalean. Osasun Departamentuko titularraren esanetan, kopuru hori Larrialdietan astelehen arrunt batean egon ohi dena da, baina minen profila desberdina izan da, intoxikazio etilikoak, traumatismoak eta zauriak izan baitira nagusi.
Horrez gain, entzierroaren ibilbidean osasun-artapeneko 16 puntu daudela gogorarazi du –bat 53 metro bakoitzeko gutxi gorabehera-, eta horietan 200 pertsona inguru daudela. Halaber, goizeko lehen orduan hiriburuko ospitaleetan guardia indartzen dela azpimarratu du, hau da, lanaldia bukatzen ari diren langileek lanaldia hasten ari direnekin bat egiten dute entzierroetan zauritutakoei artapenik onena emateko.
Garbiketa-zerbitzuko kamioiak harrapatuta
Bestalde, 34 urteko gizonezko bat, entzierroko arotza, J.M.E.U, inizialak dituena, gaur goizean Nafarroako ospitalera eraman dute garbiketa-zerbitzuko kamioi batek hesien kontra bultzatu ondoren. Pronostikoa arina da.