2015ko irailaren 25a

Beren langileentzat prestakuntza-jarduerak antolatzen dituzten ETEetarako laguntzak deitu dira

93.000 euroko aurrekontua dute, eta urriaren 20ra arte eska daitezke

Nafarroako Gobernuak laguntza-deialdi bat onartu du Nafarroako enpresa txiki eta ertainek (ETE) beren langileentzat egindako prestakuntza-jarduerak finantzatzeko. Xede horretarako, 93.605 euro erabiliko dira.

Diru-laguntzen oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira gaur.

Laguntzak urriaren 20ra arte eskatu ahalko dira, egun hori barne. ETEetarako ez ezik, desgaitasuna, baztertutako pertsonak edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonen % 50 baino gehiago erabiltzen dituzten erakundeetarako ere badira laguntza horiek.

Haien helburua prestakuntzako jarduerak finantzatzea da langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzeko edo eguneratze eta espezializazio profesionala izateko, langileak zerbitzuak ematen dituen sektorea edo jarduera-adarra edozein izanda ere. Ekintzek ezagutza berriak eskuratzen eta etengabeko birziklapenean lagundu beharko dute; hala, langileen sustapen eta gizarteratze handiagoa lortuko da, bai eta enpresen lehiakortasun handiagoa ere.

Prestakuntza-prozesu baten garapena helburutzat ez duten informazio edo dibulgaziozko jarduerak ez dira diruz lagunduko, esate baterako; jardunaldiak, azokak, mintegiak, sinposioak eta kongresuak.

Ikastaroak aurrez aurrekoak izango dira, eta 20 ikasle izango dituzte gehienez. Laguntzen gehieneko zenbatekoa ikasle-kopuruaren arabera zehaztuko da, eta ikastaro bakoitzeko gehienez 15 ikaslerentzako diru-laguntzak emango dira. Prestakuntza orokorreko jardueretan, finantzagarria den kostuaren ehuneko 70eko laguntzak izango dira, eta ehuneko 35ekoa berariazko prestakuntzarako jardueretan.

2013. urtean, laguntza horiek deitu ziren azken urtean, hogei bat enpresak sustatutako 42 prestakuntza-ikastaro egin ziren.