Descárgate la app
Lurralde Kohesiorako Departamentuak abenduaren erdialdean hasiko ditu N-121-A errepidearen laugarren zatiko obrak, 21 milioi euroko inbertsioarekin
2021ko abenduaren 7a
Lurralde Kohesiorako Departamentuak abenduaren erdialdean hasiko ditu N-121-A errepidearen laugarren zatiko obrak, 21 milioi euroko inbertsioarekin
Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, abenduaren erdialdean hasiko ditu N-121-A errepidearen laugarren zatiko obrak, Oronoz-Mugairitik Sunbillara, 20.964.177,55 euroko inbertsioarekin (BEZa barne).
Lanak Obras Especiales, Edificación e Infraestructuras S.A.U. enpresari esleitu zaizkio. 11,5 kilometroko ibilbidea izango da, 40+900 puntu kilometrotik abiatu, N-121-A eta N-121-B errepideen arteko bidegurutzearen paretik, eta 52+430 puntura, Arrigazteluko tunelaren hegoaldeko ahoan, eta 18 hilabeteko epean egingo dira.
N-121-A errepidearen laugarren zati horretan, bi biribilgune berri eraikiko dira berrikuntza gisa: bat N-121-A errepidearen irteerak eta Oronoz-Mugairi eta N-121-B errepiderako sarrerak osatzen duten egungo elkargunearen ordez, eta bestea Doneztebeko eskuinaldeko zerbitzugunearen instalazioen parean, IAT dagoen tokian. Era berean, 2+1 bide bihurtzeko hasierako diseinuan, Sunbillara hegoaldetik sartzeko sarbidearen proiektua ere sartu da, jada onartua, eta azpiko biribilgune bateko lotuneak eta N-121-A errepiderako gaineko pasabideak osatzen dute.
Gogoratu behar da N-121-A bihurtzeko lanak 5 zatitan zatitu direla, Ezkabako tuneletatik Endarlatsako zubiraino, Nafarroak Euskal Autonomia Erkidegoarekin muga egiten lekuan. Lehen zatia (Ezkaba-Olabe) eraikitzen ari dira pasa den otsailaz geroztik eta bigarrena (Olabe-Lantz) apirilaz geroztik baita ere.
Ibilbidearen inguruko xehetasunak
11,5 kilometroko ibilbide berriak zati handi batean erdiko errei bat izango du, aurreratzeko errai gisa erabiltzearren txandakako tarteetan, zirkulazioaren beste noranzkotik bereizita metalezko hesi gaindiezin batekin.
N-121-A errepidea N-121-B errepideko bidegurutzearekin eta NA-1210 errepidearekin (Oronoz-Mugairi hegoaldean) lotzeko konexioak aldatu egingo dira biribilgune bat eraikita, bide-aldaketen segurtasuna sinplifikatu eta handituaz.
Doneztebe eta Sunbilla artean kokatutako zerbitzuguneko zirkulazioa berrantolatuko da; bertan, gasolindegia, IAT eta hainbat etxebizitza aurkitzen dira. Era horretan, biribilgune bat egingo da 48+300 puntu kilometrikoan, IATko sarrera eta irteerak erraztuaz eta ezkerraldeko zerbitzugunetik irteten diren ibilgailuen noranzko aldaketa ahalbidetu ahal izatearren. Halaber, 49+100 puntu kilometroko biribilgune zatitua kendu egingo da eta ezkerraldean zerbitzu-bide bat sortu, enbor nagusitik bereizita, hesi bertikal metaliko baten bidez, erdiko erdibitzailearen berdina, eta Sunbillako Hegoaldeko irteerak, zerbitzu-eremuak eta Hegoalderantz bi aldeetako etxebizitzek eragindako mugimenduak hartuko ditu, eskuin aldekoek noranzkoaz aldatzeko aukera izango baitute Sunbillako lotune berrian. Errepideak noranzko bakoitzerako errei bat izango du, eta 2 metroko erdibitzaileak banatuko ditu, hesi metaliko batekin.
Sunbillarako hegoaldeko sarreran, egungo biribilgune zatitua kenduko da, eta 2012an onartutako lotune-proiektua gauzatuko da, egun eguneratua eta N-121-A errepideko gainerako 2+1 tipologiara egokitua. Maila ezberdineko biribilgune bat eraikiko da, kasu honetan N-121-A errepideko galtzadaren azpian, eta Sunbillarekin hegoaldeko konexioa egiteko aukera emango du.
2+1 bideak
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak onartu berri du 2+1 errepideei buruzko Espainiako lehen agindua. Hain zuzen ere, zirkulazioaren bi noranzkoko bideak dira, eta erabiltzeko 3 errei dituzte; hortaz, erdiko erreia aurreratzeko erabiltzen da noranzko batean edo bestean, tarte erregularretan.
Abantaila nagusi gisa, kontrako noranzkoko aurrerapen guztiak kentzen ditu, eta, beraz, nabarmen jaisten da aurretik edo albotik talka egiteko arriskua, hori baita N-121-A errepidearen egungo istripu-tasaren kausa kaltegarriena. Gainera, ilarak errazago desagerrarazteko aukera ematen du, aurreratzeko zonak optimizatzeagatik.
2+1 bidearen irtenbidea oso zabalduta dago nazioartean, eta eraginkorra dela erakutsi du bide-segurtasunaren eta funtzionalitatearen aldetik. Bide-mota horrek esperientzia zabala du Europako herrialde askotan (Suedia, Finlandia, Alemania, Frantzia, Irlanda, besteak beste) eta munduko gainerako lekuetan (AEB, Kanada edo Australia). Are gehiago, errepide-sarea zabaltzen eta hobetzen ari diren herrialdeetan ere, Polonian, esaterako, irtenbide horren aldeko apustu irmoa egin dute.