2021ko abenduaren 3a

Chivite Lehendakaria seguru dago Nafarroak “itxaropeneko etorkizuna bat izango duela”

Nafarroaren Eguneko ekitaldi nagusian, politikaren zerbitzu publikorako bokazioa eta Foru Komunitatearen oparotasunerako ekarpena aldarrikatu ditu
Chivite Lehendakaria bere hitzaildian, Nafarroako Urrezko Domina emateko ekitaldian. Irudi galeria

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek politika eta zerbitzu publikorako bokazioa aldarrikatu ditu, “horiek gabe –esan du- gure Komunitatearen oparotasuna, denboran zehar, ez baitzen posible izango”; aldi berean, eskerrak eman dizkie herritarrei “bizi garen eta gure pluraltasun eta aniztasunean elkarrekin gauden lurralde abegikor honen talentua eta motorra izateagatik”.

Horrela adierazi du eguerdi honetan Iruñean, Nafarroako 2021eko Urrezko Domina Osasuna Klub Atletikoari emateko ekitaldi instituzionalean. Ekitaldia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) isabeldar klaustroan egin dute, eta bertan izan dira Foru Komunitateko agintari nagusiak.

Susperraldi-etapako erronkak eta instrumentuak

Lehendakariak aintzatespena agertu die nafarrei pandemian zehar izan duten “erantzukizun eta elkartasunarengatik” eta suspertze sozial eta ekonomikorako garai berriari ekiteko egindako ekarpenarengatik. “Ez da oparotasunik izango –azpimarratu du- hori partekatzen ez bada”.

Ildo horretan, Nafarroak erronka horri aurre egiteko dituen instrumentuak aipatu ditu, laster, S4 izenekoa, Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren eguneratzea, aurkeztuko dutela eta Industria Plan berri bat egongo dela iragartzearekin batera. Horrez gain, Nafarroa Suspertu Plana, Europako funtsak eta sektore ekonomiko ezberdinetako PERTEak aipatu ditu, Espainiako Gobernuak sustatzen dituenak.

Hitzaldian, Maria Chivitek azpiegituretan aurrera egitearen aldeko apustua berriro aipatu du; adibidez, Nafarroako Ubidea, eta, laster, bigarren fasea eraikitzeko proiektua aurkeztuko dutela esan du. Era berean, prestazio handiko trena eta 5Garen ezarpena aipatu ditu. Nafarroako Gobernuak beste azpiegitura-mota batzuetara ere hedatuko du bultzada hori; hala nola, bizitegi-esparrura, osasun-arlora, segurtasunera eta indarkeria matxistaren biktimentzako arretara.

Beste helburu batzuen artean, osasuna, hezkuntza eta pertsona ahulenentzako laguntza indartzea zehaztu ditu prezioak gora egiten ari diren ingurune honetan.

Lehendakariak hitz bereziak izan ditu, halaber, gazteentzat. “Jakin badakit gazteek bereziki gaizki pasa dutela hilabete luze hauetan, eta une hau aprobetxatu nahi dut haiei edo zuei eskerrak emateko. Eskerrik asko zuen pazientziarengatik, zuen erresilientziarengatik, eta zuentzat mezu bat: indartsu behar zaituztegu, zuek gabe ez baitago etorkizunik”, adierazi du.

Autogobernua eta politika

Maria Chivitek, hitzaldian, autogobernuaren garapenarekiko konpromisoa duela adierazi du, “oparotasunerako tresna bat baita, Hobekuntzaren defentsatik eta leialtasun instituzionaletik garatzen duguna”, eta, era horetan, arlo horretako azken berrikuntzen berri eman du: espetxe-osasunean jada egin duten transferentzia; trafikoaren eta bide-segurtasunaren eskualdaketa laster sinatzea, “aldarrikapen historikoa” izanik; eta Bizitzeko Gutxieneko Errenta sartzeko eta ordaintzeko eginkizunak bere gain hartzea (jada horretan ari dira).

Azpimarratu duenez, “urrats sendoekin goaz aurrera, segurtasunarekin, gauzak ondo eginaz eta beti Nafarroaren onerako begiratuz”.

Hain zuzen ere, testuinguru horretan, politikaren eginkizuna aldarrikatu du, guztion ongiari begiratzen dion herritartasun-ariketa moduan. “Hori dela-eta, -jarraitu du- Komunitatearen egunean, politikatik, akats eta trebetasunekin, gobernuetan eta oposizioan, zerbitzu publikoaren bokazio hori gauzatzen dutenak eta dugunok aitortu behar ditugu. Eta gazteak politikan parte hartzera animatu nahi ditut, proposamenak eta aldarrikapenak ekintza bilakatzeko bidea baita”, nabarmendu du.

Azkenik, Nafarroak itxaropeneko etorkizuna izango duela uste du. “Ez da utopia edo aspirazio bat. Errealitatea da, datuetan eta jarreran oinarritzen dena, eta gauzei aurre egiteko modu oso propioa”, defendatu du. “Nafarroan badakigu gauzak ondo egiten. Nafarroak funtzionatzen du. Beraz, animo, hobera egingo dugulako eta gogor lan eginda egingo dugulako, gure lurrarekin eta gure jendearekin konprometituta”, amaitu du.