Descárgate la app
Ireki da enplegatu publikoek 2011-2012ko euskara-ikastaroetan izena emateko epea
2011ko maiatzaren 3a
Ireki da enplegatu publikoek 2011-2012ko euskara-ikastaroetan izena emateko epea
Ikastaroak Foru Administrazioko tokiko eta estatuko langile publikoei bideratuta daude, irakasleei izan ezik. Interesdunek hainbat trebakuntza-modalitate hauta ditzakete, eskaintzaren barruan ikastaro trinkoak, teknikoak (hizkuntza hobetzeko), estentsiboak, erdi-presentzialak eta autoikaskuntzakoak baitaude.
Eskaintza orokorrean maila guztietako ikastaro trinkoak eta estentsiboak daude, eta autoikaskuntzakoen bi modalitate: taldeko tutoretza duten ikastaroak, on line lanarekin batera elkarrizketa-taldeak eta tutore baten jarraipen pertsonalizatua dutenak, eta ikastaro erdi-presentzialak A1, A2 eta B1 mailetarako, on line ikaskuntza eta lau ordu presentzial biltzen dituztenak.
Horrez gain, deialdi honetan bi ikastaro tekniko eskaintzen dira, 30 orduko iraupenekoak, euskarazko erregistroak hobetu eta praktikatzeko, eta 8 orduko beste bat, hizkuntza horretan komunikazio eraginkorra lortzeko. Ikastaro hauek eskatzen dituztenek euskararen maila aurreratua egiaztatu behar dute.
Izena emateko eskaerak aurrez aurre aurkez daitezke NAPIren egoitzan (Navarrería kalea, 39, Iruñea), Euskarabidean (Biurdana kalea, 1, Donibane institutuan), Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuaren web orriko izena emateko orria beteta edo eskaera toki entitateetako euskara teknikarien bidez eginda.