2022-2023 denboraldirako ehiza-debekualdien xedapen orokorra onartu da

Nafarroako ehiza-barrutiaren aldiak finkatzen ditu, eta espezie bakoitzaren datak eta baldintzak zehazten ditu. 
2022ko abuztuaren 11a

Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak foru-agindu bat sinatu du, 2022-2023 denboraldirako ehiza-debekualdien xedapen orokorra onartzen duena. Abuztuaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu zen xedapenak Foru Komunitateko ehiza-barrutiaren aldiak finkatzen ditu, eta espezie bakoitzaren datak eta baldintzak zehazten ditu. 

Orokorrean ehizarako ordutegia eguzkia atera baino ordu bete lehenagotik ezkutatu ondoren ordubete iragan arteko epean kokatzen da.

Ehiza larria

Foru arauan erregulatutako ehiza larriaren espezieak honakoak dira:

-Basurdea: bere ehiza baimenduko da abuztuak 15etik 2023ko otsailak 26ra, ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai- egunetan, su-armarekin uxaldi eta ehizaldietan, eta arkuarekin uxaldi, ehizaldi eta urruneko ehizetan. Gainera, aurtengo abuztuak 1etik 2023ko uztailak 31ra arte egunero baimenduko da su-armarekin edo arkuarekin gaueko zaintza eta itxaronaldi eratan.

-Orkatza: orkatzaren ehiza baimenduko da uxaldian edota ehizaldian aurtengo abuztuak 15etik 2023ko otsailak 26ra, ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan. Aldi honetan halaber baimenduko da zaintza eta urruneko eran eginiko ehiza, asteko egun guztietan. Apirilak 1etik 2023ko uztailak 31ra halaber urruneko ehiza baimenduko da, egun guztietan, bai Antolamendu Zinegetikorako Planaren kupoan esleitutako ale arrak eta bai otsailak 26ra arte baimendutako modalitatetan bota izan gabeko orkatzak.

-Oreina: ale arren urruneko ehiza baimenduta dago, egunero, irailak 11tik urriak 2ra arte. Gainera, uxaldi eta ehizaldi eran ehizatu ahal izango da urriaren 12tik 2023ko otsailak 26ra arte, ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan.

-Adarzabala: uxaldi eta ehizaldi erako ehiza baimenduko da urriak 12tik hasi eta datorren urteko otsailak 26ra arte, ostegunetan, larunbatetan, igandetan, nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan.

Ehiza xehea

Ugaztunak

-Azeria. -Jauzi modalitatea: galeperrari dagozkion egun eta leku berdinetan ehizatu ahal izango da erdi mailako debekualdian eta azaroak 1etik 2023ko urriak 29ra arte, ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan. -Uxaldiko eta eskuzko modalitatea: modalitate hauetan ehizatzea baimenduta egongo da irailak 1etik otsailak 26ra arte, ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan. – Itxaronald-modalitatea: azaroak 1etik otsailak 26ra.

-Erbi iberikoa: azaroak 1etik aurtengo abendua 25era, igandetan eta nazio, foru eta toki mailako jai-egunetan. Eskopetaren modalitatean barruti-ehizaren arloko jarduera gehienez bi egunera mugatzen da. Ehizaren ordutegia, gehienez, 14ak arte luzatuko da. Eskopetaren ehizako modalitatean, ehiztari eta eguneko kupo gorena erbi batekoa da jauzi modalitatean. Erbiaren uxaldi modalitatean, kupoa koadrila bakoitzeko bi erbira mugatzen da. Erbia galgoekin ehizatzeko aukeran, kupo maximoa pertsona edo koadrila bakoitzeko bi erbikoa da, koadrilako lagun kopuru maximoa 6koa izanik.

-Erbi europarra: soilik arrasto-txakurrekin, azaroak 1etik aurtengo abenduak 25era baimenduko da, igandetan eta nazio, foru eta toki mailako jai-egunetan. Uxaldi modalitatean koadrila bakoitzeko ehiztarien kopuru maximoa 6koa da. Ehiztari edo koadrila bakoitzeko kupoa erbi batekoa izango da.

-Untxia: azaroak 1etik 2023ko urtarrilak 29ra arte baimenduko da ostegunetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan, barruti bakoitzerako xedatutako antolamendu plana eta egutegia jarraituz. Uda-sasoiko ehizaren harira, antolamendu zinegetikoaren planetan xede horretarako 3 eremu zehatz baino gehiago hartzen dituzten untxiaren IKA bat baino gehiago duten barrutien kasuan, ehizatu ahal da abuztuak 15etik aurtengo irailak 25era, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan, modu antolatuan.

Hegaztiak:

-Eperra: azaroak 1etik urtarrilak 29ra, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan. Ehiza ordutegia izango da, gehienez, 14ak artekoa. Ehiztari hala nola egun bakoitzeko kupoa gehienez bi erbikoa da. Egunen kopuru maximoa barrutiek emandako datuen araberakoa da, udaberriko ugaltzaileen kopurua, potentzialtasuna, erbi ehiztariak eta haien ekoizpen maila kontuan hartuta.

-Uretakoak: ehiza baimentzen da antzara komuna, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuria, hegabera eta istingor arrunta harrapatzeko azaroak 1etik 2023ko urtarrilak 29ra, ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edota toki mailako jai-egunetan. Basahatea halaber ehizatu ahal da abuztuak 15etik urte honetako irailak 15era, aipatu aste-egunean.

-Oilagorra: urriak 12tik 2023ko urtarrilak 31ra egunero, egunsentitik ilunabarra sartu baino ordu bete lehenago arte, baso-eremuetan eta txakurrekin, betiere haiek ohiko txintxarri batekin hornituz, lokalizatu ahal izateko mendiko ibiltarien artean ezbeharren prebentzioa zaintzeko asmoz. Eguneko 3 harrapaketa egin daitezke gehienez. Bestalde, debekatuta dago oilagorra itxaronaldi edota baltsa eran ehizatzea, eta denboraldi honetan debekatuta dago bere salmenta.

-Birigarroa (komuna, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia): azaroak 1etik 2023ko urtarrilak 29ra ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan. Azaroak 1etik otsailak 12ra halaber ehizatu ahal dira postu baimenduetan, asteko egun guztietan. Baimendutako uso migratzailearen postuetatik ere ehizatu ahal da urriak 1etik abenduak 31ra, baldintzak berdinak izanik.

-Galeperra: hegoaldean abuztuak 15etik irailak 15era bitartean, ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan, betiere antolamendu zinegetikoaren planetan ezarritako eremuak zainduz. Iparraldean datak berdinak dira, eremu mugatu guztietan, zuhaitz-eremuetatik kanpo izaten bada. Bestalde, espezie hau ehizatu ahal izango da eper gorria baimendutako barruti bakoitzean xedatu lanegun berdinetan. Ehiztari eta egun bakoitzeko 10 harrapaketako kupo maximoa ezartzen da eremu bietan.

-Usapala: ezohiko eta aldi baterako izaerarekin, denboraldi honetan kupoa zero harrapaketakoa da, usapal europarraren Ehizerako Plan Egokitzailearen arauak jarraituz.

-Mika eta belea: bere ehiza baimentzen da foru arau honetan xedatutako garai guztietan, beste edonolako espezie ehizatzeko hauen baldintza berdinetan.

-Basausoa eta txoloma: urriak 1etik aurtengo abenduak 31ra, uso-postu edota txosna baimenduetan, asteko egun guztietan. Basausoaren ehiza baimentzen da abuztuak 21etik irailak 15era ostegunetan, larunbatetan, igandetan hala nola nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan. Azaroak 1etik 2023ko urtarrilak 29ra ehizatu ahal izango dira halaber, jauzi modalitatean, ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan.

-Faisaia: urriak 1etik 2023ko urriak 29ra ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta nazio, foru edo toki mailako jai-egunetan.