2022ko azaroaren 22a

Iruñeko Azpilagaña auzoko eraikin baten birgaitze energetikoak III. Biziberri Saria jaso du

Aierdi lehendakariordeak zazpi proiektu finalisten balioak nabarmendu ditu, higiezinetan eta auzoetan hiri-berroneratzeko esku-hartze handiak egiteko adibide inspiratzaile gisa, Next Generationen ezohiko laguntzak aprobetxatuz
Irudi galeria

Iruñeko Azpilagaña auzoko Ega Ibaia kaleko bi etxebizitza-eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko egindako lanak III. Biziberri Saria eskuratu du; hau da, birgaitzeko proiektu onena saritzen duena. Zazpi lan finalisten artean hautatua izan da, Aierdiren ustez, “hiri berroneratzeko asmo handiko esku-hartzeen adibide inspiratzaileak”. 

Jose Maria Aierdi lehendakariorde eta Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak sari horren plaka eman dio Luis Pierolari, bizilagunen komunitateko etxebizitza baten jabeari, saritutako proiektuaren ordezkari gisa. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Etxebizitzako zuzendari nagusi Ana Bretañak eta zerbitzuaren zuzendaria den Javier Etayok.  

Saria Nafarroako Filmategian gaur arratsaldean egin den gala baten esparruan banatu da, eta, bertan, 200 bat lagun bildu dira, tartean honako hauek: zazpi proiektu finalisten ordezkariak, Etxebizitzak eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoetako (EEBZ) langileak, ELENA taldetakoak, sektoreko profesionalak, nahiz 2018ko eta 2020ko edizioetan saritutakoak. Galan, Tuterako Julio Mazarico zinemagileak sortutako ikus-entzunezkoak proiektatu dira, zazpi proiektu finalista bakoitzeko giza istorioak erakusten dituztenak. Gainera, Claudia Vicente, Ana Jose, Laura Gravalos, Lara Acarreta, Ana Saso eta Jose Mª Royo dantzariek parte hartu dute, Vidal Diaz, Ibai Armendariz eta Patricia Añon musikariekin batera. 

‘Biziberri Nafarroa Birgaitu’ sarien helburua da bi urtez behin birgaitze babestu nabarmenenak saritzea, eraikina mantentzen laguntzeagatik, kalitatearengatik, arkitektura arduratsua eta ingurumenarekin konprometitua ezartzeagatik edo lehengo eraikuntzak kontserbatzeagatik, berrinterpretatuaz eta egungo premietara egokituaz. 

Saritutako proiektua 

Iruñeko Azpilagaña auzoko etxebizitzen bi eraikinetan saritutako esku-hartzearen bidez, inguratzaile termikoa instalatu da eraikinek energia-eraginkortasunaren aldetik zituzten hutsuneak zuzentze aldera. Eraikinak behe solairua, lau  altuera eta teilatupea dituzte, bi etxebizitza solairu bakoitzeko eta hamar etxebizitza atari bakoitzean. Modu horretan, fatxada aireztatu bat ezarri da fatxada nagusian eta fatxada trasdosatua isolamendu termiko eta guzti gainerako aldeetan, kanpoko arotzerian dagokion jarduera eginda. 

Epaimahaia Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zerbitzuko teknikariek, Etxebizitzak eta Eriakinak Zaharberritzeko bulegoetakoek (EEZB) eta Nasuvinsakoek osatu dute, eta, proiektu honi dagokionean, jabeen jarrera nabarmendu du, “ados jartzeko eta eraikuntza-irtenbide bera hartzeko prest agertu baitira, eta fatxaden akaberarako ere material egokia hautatu baitute, irudi eguneratua emanaz”. 

Birgaitzea 49 urteko antzinatasuneko eraikin batean burutu da, eta Rufino Bruguera eta Javier Jabat arkitektoek eta TAPARSA eraikitzaileak gidatu dute.  

Hiria egiteko alternatiba 

Hitzaldian, Jose Maria Aierdi lehendakariordeak eta Etxebizitzako titularrak eskerrak eman dizkie pertsonei eta komunitate sustatzaileei eta EEZB-ko profesionalei nahiz eragile profesionalei birgaitzeko proiektuak sustatzeko eta gauzatzeko egiten duten ahaleginarengatik, “gure herriak eta hiriak eraldatzera eta, azken finean, jendearen bizitza aldatzera eramaten gaituzten ekintzak jasotzen dituen funtzio soziala izanik, esan ohi dugun moduan,  Etxeak aldatzen ditugu… gauzak aldatzen ditugu”. 

Kontseilariak, aldi berean, honela azpimarratu du: “Nafarroako Gobernua ere birgaitze-ekintzak sustatzen ahalegindu da, emateko laguntza publikoak gehituta eta Next Generationen barruan bi funts iritsita, ekintza horiek klima-aldaketaren aurrean eta birgaitzeko lanek sortzen duten suspertze ekonomikoaren aurrean ekartzen dituzten onurekin”. 

Gogoratu behar da Exekutiboak birgaitze babesturako eskainitako diru-laguntzak 2015az geroztik hirukoiztu egin direla, 9 milioi eurotik 28 milioi baino gehiagora igarota, eta Nafarroako Gobernuak jauzi kualitatiboa ematea espero duela laguntza-lerro berriekin Biziberri Planaren esparruan, Next Generation funtsak txertatuta, guztira 50 milioi euro 2023ra bitarte inbertitzeko; horiei, gainera, IDEA funtsetako 20 milioi batu behar zaizkie, 2026ra bitarte gauzatzeko. Horrez gain, Foru Komunitateko eskualde ezberdinetan, Europako ELENA programako talde teknikoak sortu dira, bizilagunen komunitateak dinamizatzeko eta horiei laguntzeko. 

Finalistak

Aurtengo Biziberri Sarien deialdirako, Nafarroan azken bi urte hauetan egin diren birgaitze babestuko 900 jarduera baino gehiago hautatu dira, eta horietatik sei finalista hautatu dira saritutako proiektuarekin batera. Proiektu horien artean, energia-eraginkortasuna edo irisgarritasuna hobetzeko jarduerak aurkitzen dira, landa-inguruneko jarduerak edo auzo historikoetako etxebizitzen egokitze-lanak. 

Hona hemen sei proiektu finalistak: 

Iruñerriko EEZB-k hautatuta honako hauek izan dira finalistak: Berriozarren zortzi familiako eraikin bateko irisgarritasuna hobetzeko esku-hartzea; Nafarroako hiriburuko Mañueta kaleko eraikinaren birgaitze integrala, Sabicasen jaiotetxea izandakoa; eta bigarren zabalguneko Pascual Madoz kaleko eraikin baten irisgarritasuna. 

Tuterako EEZB-k, berriz, Tuterako Lourdes auzoan dagoen Scalextric eraikina energia-eraginkortasunaren araudira egokitzea hautatu zuen; alegia, inguratzaile termikoa jartzea. Proiektua Tutera Renove programa publikoan sartzen da. 

Pirinioak/Zangozako EEZB-k bi proiektu hautatu zituen. Alde batetik, Oibarren familia bakarreko etxe bat osorik berreskuratzea, Sergio Elarre gazteak proposaturiko ekimena; eta, bestetik, Zangozako eraikin historiko bat birgaitzea, 1800. urtekoa, Tetyana Pavlenkok proposatua. Higiezina ohiko bizileku bezala prestatu du.