2023ko martxoaren 17a

Chivite Lehendakariak Toki Erakundeekiko Elkarrizketaren III. Konferentziari hasiera eman dio Irurtzunen, Sakanako eta Larraungo udalerriekin egindako topaketan

Tokiko finantzaketa-eredu berriari esker, eskualde hauetako herrien finantzaketa %45 gehitu ahal izan da, azpimarratu duenaren arabera
videocam La Presidenta ha intervenido en la tercera Conferencia de Diálogo con las entidades locales collections Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak gaur goizean hasi du Foru Gobernuaren eta Tokiko Erakundeen arteko Elkarrizketaren III. Konferentzia, Sakanako eta Larraungo alkateekin egin duen topaketarekin. Lehendakariak azpimarratu du eskualde hauetako udalerrien udal-finantzaketa %45 gehitu dela legegintzaldi honetan.

Irurtzungo Kultur Etxean bildu dira, eta, Lehendakariarekin batera, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ciriza eta Toki Administrazioko zuzendari nagusia den Jesus Mari Rodriguez joan dira. Konferentziaren hirugarren edizioko lehen topaketa da hau, eta datozen egunetan beste dozena erdi bat bilera egingo dira Foru Komunitateko lurralde osoa hartzearren.

Maria Chivitek gogoratu duenaren arabera, ekimena Gobernuak baterako gobernantzarekiko duen konpromisoan sartzen da, eta horren barruan udalerriak eta kontzejuak “ezinbesteko parte” dira. “Baterako gobernantza horrek eskatzen du alderdi bakoitzak bere erantzukizuna onartzeaz gain, batzuen eta besteen arteko elkarrizketa-mekanismoak ezartzea”, gehitu du. Era berean, udal-ordezkariei eskerrak eman dizkie zerbitzu publikoak bermatzeko egiten duten lanarengatik, horri esker posible izan baita “gure bizilagunen bizimoduari eustea krisi-segida honetan”.

Toki-finantzaketa, hezkuntza eta azpiegiturak

Bileran zehar, azken lau urte hauetan bi eskualdeetan abian jarritako jardueren balantzea egin du Lehendakariak.

Horien artean, toki-finantzaketarako eredu berria ezarri izana nabarmendu du, “zuzenagoa, solidarioagoa eta nahikoa”, inguruko toki-erakundeei aukera eman baitie finantzaketa batez beste %45 gehitzeko. Modu horretan, esate baterako, Altsasuko baliabideak %38 hazi dira (3,2 milioira bitarte); Irurtzunen igoera %46koa izan da (1,15 milioira bitarte); Leitzan %55 (1,2 milioira bitarte) eta Uharte Arakilen %40 (360.000 eurora bitarte).

Halaber, hezkuntzaren aldeko apustua mugarri garrantzitsua dela adierazi du, bereziki LHren aldekoa, “asmo handiko eskaintza –esan du- eta, batez ere, zuen errealitate soziolaboralera hurbiltzen dena, industria metalurgikoan garrantzi berezia izanik”. Hobekuntzen artean, heziketa-zikloak 10 izatea eta Altsasu Nafarroan LH Dual Intentsiboa estreinatzeko hautatzea aipatu ditu. Horri gehitzen zaizkio, baita ere, seihileko honetarako programaturiko enplegurako 17 prestakuntza-ikastaro, 255 plazarekin.

Eskulan kualifikatuarekin batera, azpiegiturak inbertsioak erakartzeko beste euskarria dira. Eremu horretan, Irurtzungo saihesbidea aipatu du, trafikoarentzat hilabete honen amaiera aldera irekiko baita, eta Lekunberriko poligonoa 42.000 m2-koa izatea.

Etxebizitza, garraioa, euskara eta iraunkortasuna

Lehendakariak beste hobekuntza batzuk ere aipatu ditu; hala nola, etxebizitza, garraioa eta euskararen arloetan. Etxebizitzari dagokionez, birgaitze energetikorako Biziberri plana gogora ekarri du; horren esparruan, proiektuak bultzatzeko aholkularitza jasotzen dute 17 udalerrik.

Garraioari dagokionean, Lekunberri eta Leitzako autobus-zerbitzuaren hobekuntzak eta Gasteiz-Iruña ibilbide berriak nabarmendu ditu, laster abian jarriko direnak. Horrez gain, Euskarabideak euskararen erabilera soziala zabaltzeko garatutako programak aipatu ditu. Eta, azkenik, iraunkortasunari buruzko bi proiektu aipatu ditu: autobiak moztutako bi eremuak lotuko dituen korridore ekologikoa eta ekonomia zirkularraren aldetik, Sakanako konpostaje-planta berria.