2021ko azaroaren 25a

COVID pasaportea larunbat honetatik aurrera ezarriko da Nafarroan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi ondoren

Ziurtagiriak hiru kasu jasotzen ditu (txertaketa, PCR edo antigeno-test negatiboa edo gaixotasuna igaro izana), eta urtarrilaren 7ra arte egongo da indarrean

Nafarroak COVID pasaportea ezarriko du larunbat honetatik, azaroak 27, establezimendu eta ekitaldi jakin batzuetan sartzeko, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak neurria baimendu ondoren. Neurria 2022ko urtarrilaren 7ra arte egongo da indarrean, biak barne.

Auzitegiaren erabakiarekin, COVID pasaportea eskatuko zaie 12 urteko edo gehiagoko pertsona guztiei 60 mahaikide baino gehiagorentzako edukierako jatetxe, diskoteka, dantzaleku, kafe-ikuskizuneko lizentziadun establezimendu eta lizentzia bereziko tabernetan sartzeko. Azken hauetan, 0:00etatik aurrera eskatuko da. Era berean, dokumentua egiaztatuko da kultura arloko ospakizun jendetsuetan, janari eta/edo edari kontsumizioarekin barruan ospatzen diren haietan, eta 1.000 pertsonako aforoa gainditzen dutenetan.

Ziurtagiria deskargatu daiteke Osasunaren Karpeta Pertsonaletik (OKP) eta aukera dago telefono mugikorren gordetzeko edo inprimatzeko; hiru kasu kontenplatzen ditu: txertatze-ziurtagiria (pauta osoa), froga-ziurtagiria (PCR negatiboa azken 72 ordutan edo antigeno-test negatiboa azken 48 ordutan) eta gaixotasuna igaro izanaren ziurtagiria (COVID-19a gainditu ondoren igortzen da  eta bere indarraldia 180 egunekoa da). Frogaren eta igaro izanaren ziurtagirien kasuan, Osasunbideak igorritako aurreko 72 ordutan eginiko diagnosi probaren emaitza negatiboaren jakinarazpena edota departamenduak baimentzen duen laborategi pribatuen ziurtagiri bat erakustea onartuko da. Eta froga-ziurtagiriari dagokionez, ez dira ontzat emango auto-test bidez eginiko frogak edo farmazia bulegoetan profesionalek eginikoak. Informazio hedatuko da Gobernu Irekiaren webgunean.

Prebentzio neurriak betetzeko eta txertatzeko deialdia

Osasun Departamentuak gogorarazten digu txertaketa dela COVID-19ari aurre egiteko babes-neurririk onena eta ebidentzia zientifikoak frogatu duela kutsatu diren pertsona txertatuek sintoma arinagoak izaten dituztela, ospitaleratzeko eta heriotza jasateko kasuak murrizteko bidea emanez. Foru Komunitateko datu berrienak kontuan hartuta, Nafarroan COVID-19ari aurre egiteko txertaketaren pauta osoaren batez besteko eraginkortasun maila % 66koa da infekzio guztien prebentziorako (asintomatiko eta sintomatikoak), % 69koa, kasu sintomatikoen prebentziorako eta % 91ekoa, ospitaleratze kasuen prebentziorako. Infekzio arriskua murrizten dela egiaztatu da txertatuta daudenekin kontaktu hertsia izaterakoan, baina prebentzio neurrien erlaxazioak indargabetu dezake efektu hori. Bestalde, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) azterketen arabera, COVID-19aren aurkako txertaketaren hasieratik, Foru Komunitatean, txertoaren eragin zuzena dela eta batez beste ekidin dira 16.000 infekziotik gora, 3.600 ospitaleko sarrera, 400 ZIU-ko sarrera eta 800 heriotza, birusaren ondoriozkoak.  

Bestalde, departamentuak berretsi du izaera orokorreko prebentzio neurriak mantentzen jarraitzeko, bermatu delako eraginkorrak direla birusari eusteko. COVID-19aren hala nola arnasaren beste birus batzuk dabiltzan ingurunetan, pertsona bakoitzak ahalegina egin behar du ekiditeko kutsatzea eta infekzioa transmititzea, konbinatuz ondorengo neurriak: alferrikako kontaktuak murriztu eta jende pilaketak aurreikusi; 1,5 metroko tartea zaindu bizikidetzakoak ez dagozkion beste pertsonekin, musukoa erabili tartea mantentzea ezinezkoa denean, musukoa behar bezala jarri sudurra, ahoa eta kokotsa estaliz, eskuen higienea praktikatzen jarraitu eta behar bezalako aireztapena zaindu lokaletan eta barne eremuetan.

Era berean, gomendatzen da lehenestea aire libreko jarduerak eta topaketa sozialak kanpoan mantentzea. Kanpoan mantendu ezin badira, atzeratzea gomendatzen da eta, hori ezinezkoa izaten bada eta barruan egiten badira, aireztapena eta musukoaren erabilera egokia bermatu behar dira. 

Auto-isolamendua sintomak eta kontaktuak dituzten pertsonen kasuan

Bestalde, Osasunbideak azpimarratu du COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, arnasaren eragozpenak, etab.) dituzten pertsonak auto-isolatu egin behar direla, bere osasun zentroarekin kontsulta eginez. Ez badaude txertatuta, itxialdia bete behar dute PCR negatiboa lortu arte 10 egun barru. Txertatuta badaude edo gaixotasuna duela gutxi pasa badute (6 hilabete baino gutxiago) eta 7 egun barru PCR negatiboa lortu arte, prebentzio neurriak zorroztu behar dituzte: beti musuko kirurgikoa erabiliz, pertsona zaurgarriekin kontaktua ekidinez eta ospakizun sozialetara ez joanez.

Foru Agintaritzaren Neurriak: “egokiak, beharrezkoak eta neurrizkoak”

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, TSJN-ko Administrazioarekiko Auzi-Prozesuaren Epaimahaiaren iritziari jarraiki, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia eta Nafarroako Gobernuaren txostenak kontuan hartuta, erabakitzen du Foru Aginduan adostutako neurriak “egokiak, beharrezkoak eta neurrizkoak direla”. Zentzu horretan, magistratuek ziurtatzen dute COVID ziurtagiria “dela tresna bat gehiago (inpaktu arinagokoa oinarrizko eskubideetan, alderatzen baditugu zorrotzagoak diren beste neurri batzuekin) transmisioa ekiditeko neurrien aplikazioan”.