2021ko uztailaren 22a

The Beatlesi omenaldia eta ikuskizun jakobeo bat Altsasun eta Orreagan izango dira asteburuan Kultur programarekin

Gua-Mia-Buren ‘Azken eguzkilorea’ erakusketak aurrera jarraitzen du, abuztuaren 31ra arte Bertiz Jaurerrian ikusgai
Flaming Shakers.
camera_alt Flaming Shakers.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Flaming Shakers, The Beatles taldeari omen egiten dion talderik onena kontsideratzen dena, Altsasuko Iortia zabalgunean izango da ostiralean, uztailak 23, 20:00etan, Kultur programa musikal eta eszenikoarekin. Hurrengo egunean, larunbata, Orreagaren txanda izango da: 19:00etan, Done Jakue Bideko musikez gozatzeko aukera izango du Kolegiatan, Zorongo talde nafarraren Experientia Xacobeo ikuskizunarekin.

Bitartean, Kultur 2021ek bere arte plastikoen erakusketa eskaintzen jarraitzen du Bertiz Jaurerrian, Gua-Mia-Buren Azken eguzkilorea-rekin, abuztuaren 31ra arte bisitatu daitekeena.

Flaming Shakers

Altsasuk Flaming Shakers hartuko du ostiralean, 20:00etan, Iortia zabalgunean. Kritika espezializatuaren arabera, The Flaming Shakers da The Beatles taldeari omen egiten dion bandarik hoberena. 2015ean Liverpoolen egin zen International Beatle Week-en ustekabean ateratako banda izendatu zituzten aparteko musikari hauek eta berriro hautatu zituzten 2017ko edizioan. Banda honen funtsezko argudioa denboran zehar egindako bidaia da. Izan ere, The Beatles taldearen musika eta irudi zoragarri hura berriro ekartzen digute gurera, aldaketa eta esperimentazio gose zen gizarte hartan hala eragin zuen huraxe. Fab Fouren karrerako alderdirik aipagarrienak berrikusiz, haien ekitaldietan erabilitako jantziak eta musika-tresnak ere islatzen dituzte. 

Taldearen garaikideek garai haiek eta Liverpooleko laukotearen ibilbidea gogoratzeko aukera izanen dute, eta belaunaldi berriek nor ziren jakinen dute modu oso profesional, errespetuzko eta gomendagarrian. Nazioartean omen-banda bakarra da The Quarrymen-ekin (The Quarrymen banda John Lennonek sortu eta bideratu zuen) eta Pete Bestekin batera jo duena (The Beatles taldearen bateria-jotzailea izan zen 1960tik 1962ra arte Pete). Halaber, Europa osoan jo du Beatle unibertsoan egin diren programaziorik entzutetsuenetan.

Zorongoren 'Experientia Xacobeo'

Done Jakue Bideko Erdi Aroko musikak Orreagako Kolegiatan entzungo dira uztailaren 24an, larunbatarekin, 19:00etan. Experientia Xacobeo da Zorongok Xacobeo 2021-22 jaialdirako egin duen proposamen berria; Donejakue Bideko musiketan oinarritutako Erdi Aroko musika, oroigarria eta garaikidea aldi berean. Kontzertu honekin, Erdi Aroko munduaren eta estetika modernoagoen arteko espazio musikal berri baten bila dabil talde nafarra. 20 urte baino gehiagoko ibilbidean zehar, Zorongori flamenko-jazz fusioa aitortu zaio, baina Erdi Aroko eta Hiru Kulturetako musika proiektuak ere egin ditu.

Kontzertuaren egunean bertan, Orreagak bisita gidatua eskainiko du. Sarrerak 16:30ean erosi ahal izango dira priorearen etxearen leihatilan.