2021ko uztailaren 21a

Nafarroak Europako Funtsen 17,2 milioi jasoko ditu 2021ean enplegu-politika aktiboetarako

Aparteko finantzaketa horrek bereziki indartuko ditu gazte enplegua, enplegua eta emakumea eta lurralde kohesioa

Foru Komunitateak 11,6 milioi gehiago izango ditu enplegu-politika aktiboak garatzeko, Europako funtsen transferentzia hori onartu ondoren Enpleguaren Konferentzia Sektorialean. Konferentzia hori asteazkenean egin zen, ministerioaren eta komunitate guztietako ordezkarien artean. Kopuru hori Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2021ean React Europako funtsetatik jasoko dituen 5,6 milioiei gehituko zaie.

Funts horietan ondorengoek dute lehentasuna: gazteen enplegura zuzendutako programak, landa-ingurunean intzidentzia berezia duten emakumeen prestakuntza eta enplegua, gaitasun berrien gaineko prestakuntza ekoizpen-eraldaketa digital berderako eta lurraldearen berroreka eta ekitatea bultzatzen duten programak.

Ekarpen ekonomiko honen bitartez finantzatuko diren proiektu nagusien artean aurkitzen dira lurraldearen berroreka eta ekitatea hobetzeko ekintzailetza eta mikroenpresako proiektu berria, eta, horietarako, 3,4 milioi euro jarriko dira. Bigarren programa, inbertsio-bolumenaren arabera, gazteen enplegua dinamizatzeari dagokio, 2,8 milioi euroko aurreikuspenarekin. Programa hori batik bat lehen lan-esperientziak bultzatzeko eta ikertzaile gazteak kontratatzeko izango da.

Gaitasun digitalak erabiltzeko langileen gaitasuna hobetzeko, 1,3 milioi euroko finantzaketa izango da. Proiektu horren bigarren helburua, berriz, ekintzailetza bultzatzea da, bereziki landa-eremuan, eta genero-arrakala murriztea, langabeziari nahiz soldatari erreparatuta.

Batez ere egoera ahulean aurkitzen diren taldeei zuzendutako programek 1,2 milioi euroko finantzaketa izango dute, lurraldearen ikuspegiaren eta desberdintasunak murriztearen ikuspegitik banatuta horiek ere.

Emakumeen enplegua bultzatzeko, landa-eremuan zein hirian, 1,1 milioi euro inbertituko dira. Azpimarratu behar da guztira 11,6 milioi euroko funtsetatik ia sei enplegurako eta emakumeen programetarako izango direla.

Azkenik, orientazio-zentro bat sortzeak eta ekintzailetzak 900.000 euroko finantzaketa izango dute.

Modu horretan, Nafarroak 51,1 milioi euro jasoko ditu Europako eta Espainiako Gobernuaren funtsetatik, enplegurako politika aktiboak bultzatzearren. Hasiera batean 34 milioi euro jaso ziren: 25,5 milioi Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialaren bidez eta 8,9 milioi Espainiako Gobernuaren eskutik prestakuntza, LH barne, ordaintzeko. Horrela, 34 milioi euro horiei Europar Batasunaren 17,2 milioi gehitu behar zaizkie.

Gogoratu behar da apirilaren amaiera aldera, Enplegurako Konferentzia Sektorialean jakin zela Nafarroak aurten 34 milioi euro jasoko zituela enplegua bultzatzeko, politika aktiboetarako eta lan-arloko prestakuntzarako.

Oro har, Nafarroak enplegurako politikak dinamizatzeko jarritako aurrekontu-zuzkidura handiena da.

Dakigun moduan, Nafarroako Gobernuak duela egun batzuk sinatu zuen 2021-24 Enplegu Plana eragile sozial nagusiekin; hau da, akordio horren bitartez, indarrean egongo den lau urteetan, 700 milioi bideratuko dira gazteen enplegua sortzeko, enpresa-sarea sendotzeko, ETEetan eragina izanaz, eta enpleguan COVID-19aren efektuak arintzeko berreskuratze-neurriak abian jartzeko.

Aurrekontu osoaren %39,48, 277 milioi, enplegurako politika aktiboak finantzatzeko izango dira, tartean dauden agente guztiekin adostutako Plan berri batekin. Azken helburua da kalitatezko enplegua sortzea, desberdintasun sozialak eta genero, prestakuntza eta lurralde mailakoak zuzentzeko. Erakunde sinatzaileek lau urteko indarraldian 254 neurri aplikatzea adostu zuten.

Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk eta Nafar Lansareko (NL_SNE) zuzendari kudeatzailea den Miriam Martonek nabarmendu dute “funts horiek garrantzitsuak direla onartu berri diren Enplegu Planeko eta Enplegurako Politika Aktiboen Planeko konpromisoak betetzeko izango direlako”. Biek azpimarratu dute erabat bat datozela Lan Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren helburuak, Enplegu Planean jasotzen direnak. “Emakumeak, gazteak, lurralde-kohesioa eta gure ekonomiaren eraldaketa digital eta berdea gure Enplegu eta Politika Aktiboko Planen lehentasun nagusietako batzuk dira”, adierazi dute.