Zer da lurralde-antolamendua, eta zertan datza?

 

Lurralde-antolamendua gogoeta-prozesu luze eta zail bat da, eta prozesu horren azken emaitzak eremuaren antolamendu fisiko egoki bat izan behar du. 

Europako Gutunak (1983) dio lurralde-antolamendua diziplina zientifiko bat, teknika administratibo bat eta politika bat dela. Beste politika publiko batzuk bezala, lurralde-antolamenduak bizi-kalitatea hobetu nahi du, eta guztien ongia defendatu interes partikularren gainetik. Lurralde-antolamenduaren funtsezko helburuen artean honako hauek daude: garapen sozial eta ekonomiko orekatua sustatzea eskualdeen artean eta lurraldearen eta horren baliabide naturalen arrazoizko erabilera sustatzea. 

Lurraldeari eta horren antolamenduari buruzko gogoeta honen emaitza dokumentu idatzietan eta planetan mamitzen da. Horien bitartez, hainbat lekutan baimenduta edo debekatuta dauden jarduketak bideratzen edo zehazten dituzten gidalerroak, orientabideak edo arauak ezartzen dira, baita jarduketa horien baldintzak ere.

Lurralde-antolamenduko tresnak lantzeko eta onartzeko eskumena duen agintaritza Administrazio Publikoa da. (Irudia: Sarrigurengo aireko ikuspegia).