2021ko urtarrilaren 18a

Suhiltzaile Zerbitzuak 11.310 esku-hartze egin zituen guztira 2020an, eta horietatik % 52 salbamendu-jarduketei dagozkie

Konfinamenduak eta COVID-19ak eragindako interakzio sozial txikiagoak suteei eta erreskateei buruzko esku-hartzeen jaitsieran eragina dute

Nafarroako Gobernuko Suhiltzaile Zerbitzuak 11.310 esku-hartze egin zituen 2020an, 2017tik erregistratutako kopuru txikiena. Ekitaldi horretan, konfinamenduak eta COVID-19ak eragindako interakzio sozial txikiagoak eragina izan dute jarduera osoaren eta haren tipologia desberdinen murrizketan. Zehazki, 2017an, Suhiltzaile Zerbitzuak 12.764 esku-hartze egin zituen; 2018an, 12.739; eta 2019an, 12.414.

Iaz egindako esku-hartze motei dagokienean, %52 salbamendu-jarduerak izan ziren (2020an 5.908 eta 2019an 6.382; hots, %7,4 gutxiago). Anbulantzian eramandakoek osatzen dute salmendu-jardueraren zati handiena, 2020an 4.961; 2019an, aldiz, 5.413.

Lekuz aldatzeekin batera, Salbamenduaren barnean beste jarduera batzuk  egiten dira, eta horiek ere 2019an baino gutxiago izan dira; esate baterako, trafiko-istripuen aurreko laguntza (369 esku-hartze 2020an, 2019an baino 72 gutxiago) edota erreskateak (333 iaz, 2019an baino 17 gutxiago).

Erreskateen barnean, apur bat gehitu dira mendiko erreskateak (guztira 188); horietan Erreskate Teknikoaren Taldeak esku hartzen du. Horrez gain, igogailuetako, uretako eta animalien erreskateak egin dira.

Era berean, 196 esku-hartze egin dira animaliak neutralizatzeko eremuan, batez ere liztor-habiak leku edo eraikin publikoetan, eta transplanteetarako 55 organo eramatea.

Suteak %15,6 jaitsi dira

Suteei dagokienean, urtean zehar suteen aurkako jarduera gutxiago egin dira, 2.183 esku-hartze 2019ko 2.588 esku-hartzeren aurrean (%15,6 gutxiago). Zehazki, 2020an, basoetako suteen aurkako esku-hartzeak %22 jaitsi dira iazko urtetik hona (1.120 jarduera, 2019an baino 316 gutxiago) eta hiriko edo industrietako suteak %7,7 (1.063 jarduera 2020an, 2019an baino 89 gutxiago).

Hiri edo industrietako suteen kasuan, jarduerarik handiena zabor-edukiontzietako suteak itzaltzen izan da (191 esku-hartze, eta, jarraian, ibilgailuen suteak (112), bi altueratik gorako blokeetako etxebizitzetakoak (80) eta tximiniako suteak (76).

Urteko balantzean, Suhiltzaileen Zerbitzuak laguntza teknikoa ere jasotzen du; hau da, galtzadak garbitzea, ura ateratzea, ateak irekitzea, eraikuntzak finkatzea, elektrizitatea edo alarmak deskonektatzea, gas-ihesak neutralizatzea edo naturarentzat arriskutsuak izan daitezkeen ekintzak, besteak beste. 2020an, era horretako 1.672 zerbitzu egin dira. Ateak irekitzea izan da gehien eskatutako laguntza teknikoa (365 kasu), eta, jarraian, naturaren aurreko arriskua (179 jarduera) eta galtzada garbitzea (173 esku-hartze).

COVID-19aren aurreko jarduera espezifikoak

COVID-19aren pandemiak markatutako testuinguruan, Suhiltzaileen Zerbitzuak, ohiko jarduera egiteaz gain, honako hauetan ere esku hartu du: anbulantziak gidatzen laguntzea kutsatutako gaixoak eramateko, egoitzak desinfektatzea, hotelak prestatzea COVID-19a dela-eta etxeko ospitaleratzean zeuden gaixoak hartzeko, altzariak osasun-instalazioetara garraiatzea edo otorduak banatzea, besteak beste.

Iraila, irteera gehien egindako hilabetea

Suhiltzaile-talde baten esku-hartze ereduak harreman zuzena du pertsonen jarduerarekin. 2020ko datuen arabera, uztailean (1.179 irteera suhiltzaileen parkeetatik), abuztuan (1.177) eta irailean (1.189) egin dituzte jarduera gehien taldeek. Ordu-tarteen arabera, estatistikari jarraiki, 11:00etatik 14:00etara bitarteko tartean egin dira esku-hartze eskaera gehien. Gainera, 2020ko esku-hartzeen ia herena, zehazki, 2.814, 60 eta 90 minutu arteko iraupenekoak izan dira.