2020ko azaroaren 6a

Kirol federazioentzako 2,7 milioi euroko laguntzak onartu dira

% 9ko igoera izango da, eta aurtengo irailaren 1etik datorren urteko abuztuaren 31ra bitartean egindako jardueretara bideratuko dira

Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaolak 2.776.500 euroko diru-laguntza deialdia onartu du Nafarroako kirol federazioentzat, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean egin beharko diren jarduerak finantzatzeko. Laguntza horrek % 9ko igoera ekarri du aurreko urteko deialdiarekin alderatuta.

NAOn argitaratu den deialdi honen helburua da erakunde horiei guztiei laguntzea, beren ohiko funtzionamendua sustatzeko eta errazteko; Nafarroako lehiaketa ofizialak egitea sustatzea eta erraztea, bai eta nazio-mailako lehiaketetan parte hartzea ere, eta Foru Komunitatean kirol-jarduera federatua garatzen eta hedatzen saiatzea.

Epea

Eskabideak aurkezteko epea abenduaren 9an amaituko da, eta telematikoki egin beharko da nahitaez.

Diruz lagundu daitezke federazioen ohiko funtzionamenduari dagozkion gastuak, honako kontzeptu hauek barne hartuta: administrazio-arloan kontratatutako langileak eta teknika- eta kirol-zuzendaritza, aholkularitza, bulegoko materiala eta informatika, lokaleko gastuak, COVID-19ak sortutako pandemiaren aurkako prebentzioarekin lotutako osasun-materiala eta horiek detektatzeko nahitaezko probak.

Kirol-jarduerei dagokienez, Nafarroako txapelketa ofizialak antolatzen laguntzen da, bai eta txapelketa nazionaletan parte hartzen eta antolatzen ere, sustapen- eta prestakuntza-jarduerekin batera. Azkenik, kirol-janzkera, material inbentariagarriko ekipamendua eta euskarazko komunikazio-zerbitzuak erosteko diru-laguntzak ere ematen dira.

Gainera, federazioek, deialdi hau alde batera utzita, kirol-errendimenduko programak garatzeko beste laguntza-lerro bat dute, 690.000 eurokoa, eta laguntza-lerro hori eskatzeko epea azaroaren 23an amaitzen da.