2020ko urriaren 28a

Gobernuak 2019-2030 aldirako Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen Jarraipen Batzordea sortu du

Planak ezartzen duenez, sarera konektatutako uraren kontsumoa ez da Foru Komunitatean sortutako baliabide hidrikoen % 2 baino handiagoa izango

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki bat hartu du, 2019-2030 aldirako Nafarroako Hiri Erabilerarako Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen Jarraipen Batzordea sortzeko. Bertan, Exekutiboa eta haren sozietate publikoak, NUKF, ur-mankomunitateak, erakunde ekonomiko eta profesionalak eta erakunde sozialak egongo dira ordezkatuta.

Gainera, Zuzendaritza Batzordea sortzeko ardura eman dio Gobernuak Batzordeari, eta batzorde horrek bere funtzionamendu eta osaketa araudia onartuko du.

Zerbitzua emateko sistema publikoa

Plan  Zuzentzailea 2019ko maiatzean onartu zuten, eta Plan horretan uraren hiri-erabilerarako ziklo integraleko zerbitzua emateko sistema publikoa hautatzen da. Zerbitzu horretan, kontsumo-uraren hornidura (sarera konektatutako industriala ere bai) ez ezik, hondakin-uren saneamendu eta arazketa ere sartzen dira (euri-urak barne), baina zerbitzu bakarra da, zati bakoitza entitate edo erakunde ezberdinek ematen badute ere.

Klima-aldaketaren kontrako eta ekonomia zirkularraren aldeko tresnarik handiena da Nafarroako arlo hidrikoan, eta uraren hiri-zikloa planteatzen du garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa, giza osasuna zaindu eta ekosistemetan duen inpaktua ahalik eta gehien murrizte aldera, irtenbide solido eta dibertsifikatuekin, zerbitzu publikoek gidatutako plan baten bidez.

2030. urterako, helburua da biztanleriaren %100 kalitate handiko ur gordina duten iturrietatik hornitzea eta kontsumo-uren gaineko araudia osorik betetzea lortzea. Sistema diseinatzeko, hornidura-iturri behar bezain sendoak eta aldi berean dibertsifikatuak bilatuko dira, hain zorrotzak ez diren erabileretarako kalitate gutxiagoko urak erabiltzea sustatuz. Hiri-erabilerarako bilketak drainatzen dituzten eremuak babestea lehenetsiko da.

Saneamendurako helburua da, 2024. urteari begira, 100 biztanle baino gehiagoko gune guztiek arazketa-sistema biologikoa izatea. Gune txikietan lehen mailako tratamenduak egingo dira, eragindako inpaktuaren arabera beharrezkotzat jotzen denean izan ezik. Nutrienteak edo mikrokutsatzaileak ezabatzeko tratamendu  aurreratuak ezartzea aztertuko da.

Kontsumoa ez da baliabide hidrikoen %2a baino handiagoa izango

Helburu nagusia da uraren hiri-ziklo integralak inpakturik txikiena eragitea: ahalik eta baliabide gutxien biltzea, emari ekologikoak errespetatzea, babestutako espazio naturaletako baliabide hidrikoak babesteko arreta berezia jartzea, Natura 2000 Sarea barne, obren garaian kalterik txikiena egitea, isurketekin inpaktu txikia eragitea, energia-eraginkortasun handiena izatea eta ahalik eta eragozpen gutxien sortzea (usainak, e.a.). Helburu zehatz gisa proposatzen da sarera konektatutako uraren kontsumoak Foru Komunitatean sortutako baliabide hidrikoen %2a ez gainditzea eta lohien %100 nekazaritzan aplikatzea aplikatzeko araudiari jarraiki.

Helburu horiek betetzeko, inbertsio garrantzitsuak egin beharko dituzte Nafarroako Gobernuak zein toki-erakundeek; hots, uraren ziklo integralean eskumena dutenek. Datozen 12 urtetan, 463 milioi euroko inbertsioa beharko dela kalkulatzen da.

Inbertsio horiek hiru ildo nagusi dituzte. Nafarroako herri eta hirietan, behe-sareak eta zoladurak berritzeko 158 milioi euro beharko lirateke, uraren goi-hornidurarako 142 milioi euro eta uraren goi-saneamendurako beste 126 milioi euro.

Batzordeko kideak

Nafarroako Hiri Erabilerarako Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearen Jarraipen Batzordean honako hauek izango dute ordezkaritza: Foru Gobernuaren aldetik, Lurraldearen Antolamendu, Toki Administrazio eta Despopulazio eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiek; Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak; eta Navarra de Infraestructuras Locales S.A. (NILSA) sozietate publikoak.

Horiez gain, honako mankomunitate hauek hartuko dute parte: Iruñerria, Jurramendi, Mairaga, Moncayo, Sakana; Cascante, Cintruenigo eta Fitero; eta Izarbeibar; eta Tuterako Uren Batzordea.

Halaber, bertako kideak izango dira Nafarroako Enpresarien Konfederazioa (NEK) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP).