2020ko urriaren 1a

Zabalik jarraitzen du 2020ko Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko izendapenak aurkezteko epeak

Datorren urriaren 15ean, 14:00etan, amaituko da hautagaiak proposatzeko aukera

Datorren urriaren 15ean amaituko da 2020ko Nafarroako Urrezko Domina, Foru Komunitateko sari nagusia, jasotzeko hautagaiak aurkezteko epea.

Hautagaiak aurkezteko aukera izango dute instituzio, entitate eta elkarteek, zein edozein pertsona fisiko edo juridikok, nahiz eta, ez diren onartuko norberak saria jasotzeko haugataitzak edo legalki ordezkatzen dituztenentzako egindakoak.

Proposamenak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorrean,  Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea 2, 31002 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz aurkeztuko dira. Eskaera Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuari zuzenduko zaio.

Javier Remírez kontseilariaren foru aginduan argitaratutako deialdi publiko honen xedea da bermatzea herritarrek parte hartzen dutela Nafarroako Urrezko Domina emateko prozesuan; izan ere, domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena.

Javier Remírez, lehendakariordeak eta Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barneko kontseilaria buru izango duen epaimahaiak hiru hautagaitza aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean, honako irizpideak kontuan hartuz: pertsonaren edo kolektiboaren jarduketa eredugarria, herritarrek, oro har, halakotzat hartua gaur egun; gizartearen balio demokratikoei egindako ekarpena; herritarren alde egindako lana eta elkartasunean oinarritutako ekintzen sustapena; gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa lortzeko egindako ibilbidea jarduera-esparru desberdinetan: kultura, enpresa mundua, gizarte arloa; genero-berdintasuna, emakumeek gizarteari egindako ekarpena aintzat hartzen duena; hezkuntza, osasuna, ingurumena eta aurrerapen soziala sustatzea eta Nafarroaren irudia kanpoan sustatzea.

Epaimahaiak Nafarroako Gobernuari igorriko dizkio aukeratutako hautagaitzak. Ondoren, Gobernuak, lehendakariaren edo Gobernuko edozein kideren ekimenez, haietako bat aukeratu, eta saria hari ematea onetsiko du, Dominaren hartzaileak aurretik onartuta betiere.