2020ko irailaren 18a

Nafarroako Gizarte Ekonomiarako Plan Integralak helburuak bete ditu sektoreko lanpostuak %21 igoz

Halaber, gizarte enpresa berrien sorrera hiru puntutan igo da sortutako enpresa guztiekin alderatuz gero
Manu Ayerdi eta Ignacio Ugalde gizarte ekonomiarako elkarteetako 
ordezkariekin
camera_alt Manu Ayerdi eta Ignacio Ugalde gizarte ekonomiarako elkarteetako ordezkariekin  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

2017-2020 Nafarroako Gizarte Ekonomiarako Plan Integrala amaitzeko hiru hilabete falta diren honetan, jada bete dira zehaztutako helburuak. Horrela adierazi du Manu Ayerdik, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, zeinak Nafarroako CEPESeko lehendakari den Ignacio Ugalderekin batera, sortutako lanpostu eta enpresen berri eman duen: 3.375 eta 324, hurrenez hurren.

2017an, Nafarroa izan zen bere S3 estrategiaren barnean Gizarte Ekonomiarako Plan Integralaren erako tresna bat zuen Europako eskualde bakarra. Horren bidez, laguntza eman dakieke elkarlaneko kooperatibei; lan-sozietateei, nekazaritzako elikagaien kooperatibei, gizarteratze-enpresei, fundazioei, elkartasun-ekonomiako entitateei eta, azkenik, irabazi asmorik gabeko enplegu-zentro bereziei.    

Foru Gobernuak eta CEPES Nafarroan bildutako gizarte-ekonomiaren arloko familia guztiek (ANEL, UCAN, CIS Elkartea, Fundazioak eta REAS) elkarlanean landu eta garatu duten dokumentuan enplegua dutenen kopurua %20 handitzeko asmoa zegoen adierazia (3.300 enplegu, zenbaki absolutuetan), baita Nafarroan sorturiko enpresen %10 gizarte-ekonomiaren arlokoak izatea ere, plana abian jarri aurretiko %7ko portzentajea hobetzeko. 300 enpesa sortzeko asmoa zegoen, eta 324 sortu dira.

Kopuruek adierazten dute Planak arrakasta izan duela. 2015ean gizarte-ekonomiako 1.064 enpresa zeuden, eta une honetan 1.250 baino gehiago dira. Orduan 16.439 langile ari ziren, eta gaur egun 20.000tik gora. Gizarte-ekonomiaren eremuan sorturiko lanpostuen artean, azpimarratzekoak dira kooperatibetan eta lan-sozietateetan eraturiko 2.498 lanpostu zuzenak. Gainera, denbora-tarte horretan sektorearen fakturazioa 1.953tik 2.400 milioira igo da.

“Plan honen bitartez bete nahi zen helburua Gizarte Ekonomiako enpresa-sarearen hazkundea sustatzea eta lehiakortasuna sendotzea zen, eta aldi berean enplegu jasangarria handitzen, gizartearen zenbait beharrizanetarako erantzun berritzaileak sortzen eta nafar gizarte parte-hartzaileago eta kohesionatuagoa garatzen laguntzea, eta uste dut lortu egin dugula”, adierazi du kontseilariak.

Bigarren plana, lantzen hasteko zorian

Ayerdik, Ignacio Ugalderekin batera, agerraldia egin du Garapen Ekonomikoko Ostiralak zikloaren jardunaldi batzuetan. Planaren emaitzak aztertu eta jardunbide egokien hainbat adibide aipatu dituzte. Balantze horretan, kontseilariak nabarmendu du planak “lagundu egin duela ekonomia oro har eta Nafarroako pertsonen enplegagarritasuna hobetzen”, eta horrek, adierazi duenez, “berresten du gizarte-ekonomiak garrantzi estrategikoa duela Nafarroako Gobernuaren politika publikoetan, eta eragile publikoen eta pribatuen artean elkarlana dagoela”.      

Horrek guztiak, kontseilariak azpimarratu duenez, “oso oinarri egokia” ezartzen du Gizarte Ekonomia sendotzen jarraitzeko eta sektorea garapen-tresna bihurtzeko Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu planaren esparruan. Ondorioz, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko departamentua, Gizarte Ekonomiako lan-mahaiarekin batera, hasia da bigarren plana lantzen, berriz ere gizarte-ekonomiako familia guztien eta Gobernuko beste Departamentu batzuen parte-hartzeaz, Eskubide Sozialetakoenaz bereziki. “Planifikazio-lanabes honek eragile guztien arteko lankidetzarako eta ezarririko helburuak erdiesteko erabilgarria dela eta ongi funtzionatzen duela egiaztaturik, konpromisoa hartzen dugu eta irmotasunez ekinen diogu bigarren Gizarte Ekonomiarako Plan Integrala lantzeari eta garatzeari”, aldarrikatu du.         

Datuak eskuan, Ugaldek nabarmendu du kooperatibek eta lan-sozietateek Nafarroan aberastasuna eta “garapen jasangarria” sortzeko duten zeregina, eta adierazi du “aldi honetan Nafarroa osoak baino proportzio handiagoan eratu dutela enplegua”. Halaber, Ugaldek gizarte-ekonomiaren eremuko pertsonen “ahalegina, konpromisoa eta erantzukizuna” azpimarratu ditu: “Gu gara kanpora joaten ez garenak, bertan geratzen garenak eta bertan inbertitzen jarraitzen dugunak, enplegua mantentzeko, konponbideak elkarrekin aurkitzeko eta krisiak beti talde zaurgarrienak ez kaltetzeko borrokan”.  

Erreferentziazko eskualdea

Nafarroan Gizarte Ekonomiak duen paperaren ondorioz, Foru Erkidegoa erreferentziazko eskualde bilakatu da Europan. Izan ere, 2018tik bera da “Gizarte-ekonomia EBn industrializazioa sustatzeko” plataformako buru. Proposamena Nafarroak koordinatzen du eta beste eskualde batzuk daude bertan,  baita Estatu kide bat ere, Eslovenia. 

Hiru urte horietan lankidetza esanguratsua ezarri da Europan, arlo horretan Nafarroak duen posizio estrategikoari bermea ematen diona, bat eginik planean adieraziriko ikuspegiarekin, hau da, gizarte-ekonomiaren arloan erreferentziazko eskualdea izatearekin, ezarpenagatik, emaitzengatik, berrikuntza sozialarengatik eta gizarte-ekonomiari laguntzeko politikengatik.

Jardunbide egokiak

Planaren esparruan abian jarri diren ekimenen artetik, kontseilariak bereziki aipatu du Berrikuntza Sozialaren Unitatea (UiS), 2020aren hasieran sorturikoa. Erreferentziazko organoa da Nafarroan inpaktu sozial positiboa izanen duten ekimen ekonomikoak bultzatzeko. “UiS sortzea ekintza aitzindari eta guztiz garrantzitsua izan da. Zalantzarik gabe, berrikuntza oso baliotsua eta beharrezkoa da teknologiaren eta enpresen alorretan. Baina eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzen ahal izateko nahitaezkoa da berrikuntza sozialaz osatzea. Berrikuntza soziala gehi teknologia, horrek ematen du aukera gizartearentzako emaitzak lortzeko. Gainera, berrikuntza sozialak sormena hobetzen du, enpresak eta lantaldeak indartzen ditu eta, azken batean, ekarpena egiten dio Nafarroaren garapenari”. Bestalde, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen integrazio kooperatiborako Landa Garapeneko Departamentuarekin eta sektoreko eragile pribatu garrantzitsuenekin eginiko lana aipatu du, baita ere Mugaz Gaindiko Gizarte Ekonomiako Eskola, Akitania Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen barnean sortu dena hiru eskualdeetako kooperatibekin batera, enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

Jardunaldian izan da, halaber, ANELeko Elena Sarasa, enpresa-arloko gizarte-ekonomiaren zeregina aztertu duena. Arantxa Quintana, bestalde, fundazioen sektoreak Nafarroan duen irismenaz mintzatu da.

Bere aldetik, REAS Nafarroako Edurne Arcelusek Geltoki aurkeztu du, merkatu sozialeko ekimena. Eta Xabier Berrade AEINAko kideak gizarteratze-enpresen zeregina azpimarratu du.

Patxi Vera UCANeko (Nafarroako Nekazaritza Kooperatiben Batasuna) zuzendariak eman dio bukaera jardunaldiari. Bere hitzaldian, Balio Sozialaren Monetizazioa aztertu du, Kooperatibek lurraldearen balio sozialari egiten dioten ekarpenaren ikuspuntutik.