2020ko uztailaren 14a

2020-2021 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onetsi da

Denboraldi honetako berrikuntza nagusiak dira ehiza-populazioen egoera eta arau hori haien bilakaerara egokitzea

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 2020-2021 denboraldirako ehiza-debekualdiei buruzko xedapen orokorra onetsi du. Ehiza-populazioen egoeraren eta arau hori bilakaerara egokitzearen ondorio dira aldaketa nagusiak.

Horrela jasotzen da Itziar Gomez kontseilariak emandako foru-aginduan; agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen uztailaren 10ean (ostirala).

Ehiza larriko espezie gehienak ugaritu egin dira Nafarroa osoan, eta, ondorioz, egoera jakin batzuetan nekazaritzako kalteak gehitu daitezke eta arrisku handiagoa izan abereei gaixotasunak transmititzeko eta trafiko-istripuak gertatzeko. Hori dela-eta, espezie horien kopurua kontrolatze aldera, gehienen kasuan ehiza-denboraldia zabaldu da.

Basurdeari dagokionean, itxaronaldiko ehiza-denboraldia urte osora luzatu da; hau da, 2020ko abuztuaren 1etik 2021eko abuztuaren 1era. Horrez gain, eraginkortasun-arrazoiak medio, petroliotik eratorri gabeko usain-substantziak erabili ahal izango dira, gehienez ere 10 cm bider 10 cm-ko azaleran. Era berean, oreinaren kasuan, ehiza-denboraldia otsailaren 28ra arte luzatuko da uxaldietan eta/edo ehizaldietan. Gainera, orkatz emeak eta umeak harrapatu ahal izango dira bakarkako ehizaren bidez, udaberrian, Ehiza Antolamendurako Planean (EAP) sartuta dauden eta nekazaritzan kalteak jasaten dituzten barrutietan, batez ere almendrondoetan eta mahastietan.

Aitzitik, alderantzizkoa gertatzen da ehiza xeheko espezie sedentarioekin, haien populazioak pixkanaka-pixkanaka murriztu baitira, nekazaritza-paisaia sinplifikatzeagatik eta baso-ingurunea zakartzeagatik, beste faktore batzuen artean. Eperrari dagokionean, COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela-eta, aurten kudeaketa-arduradunek ez dute udaberriko laginketak aurkezteko betebeharrik izango. Barruti bakoitzeko 3 egunekoa izango da gehienez epea, baldin eta udaberriko ugaltzaileen kopurua EAPean ezarritako ahalmenaren %50ekoa edo hortik gorakoa bada; halaber, ehiztari eta egun bakoitzeko kupoa 2 eperrekoa izango da. Bestalde, egungo osasun-egoerak baimena ematen du udako erbi-laginketak egiteko, eta berriro ere derrigorrezkoak izango dira espezie hori 2020-21 ehiza-denboraldian aprobetxatzeko. Erbi europarraren kasuan, aurten iraila ere gehituko zaie txakurrarekin ibiltzeko baimendutako gainerako hilabeteei.

Espezie migratzaileei dagokienean, berriz, kontuan izanik usapal arruntak duen egoera ahula bere banaketa-eremu osoan eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren jarraibideei jarraiki, ehiza 4 egunetara mugatu da (abuztuaren 23tik irailaren 13ra bitarteko igandeak).

Azkenik, usoaren, galeperraren eta usapal arruntaren debeku erdiko aldiko ehiza bakarkako jauzi-ehizan garatuko da, zuhaitz-eremuetatik kanpo. Aurten, gainera, galeperra eta usapal arrunta erdi-debekualdian ehizatzeko, barrutien esleipendunek zigiluen edo txartelen bidezko sistema ezarri beharko dute. Sistema horren bitartez, harrapatutako animaliak ehiza-egun bakoitzean kontrola daitezke, harrapatzen diren unetik bertatik, kupoa edo gehieneko harrapaketa-kopurua ezarrita duten gainerako espezien antzera. Galeperraren gehieneko kupoa 10 harrapaketakoa izango da ehiztari eta egun bakoitzeko eta 2koa usapal arruntaren kasuan.

Jende-pilaketak saihestu eta osasun-gomendioak betetze aldera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emandako ehiza larriko zigiluak Iruñean duen egoitzan banatuko dira (Gonzalez Tablas kalea, 9) uztailaren 13tik 31ra. Horretarako, aurrez hitzordua hartu beharko da, barruti bakoitzerako ezarritako egun eta orduan. Hitzordua telematikoki jakinaraziko da.

Berrikuntza horietako batzuk Ehizako Aholku Batzordeko eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluko ordezkarien lankidetzari esker eta herritarrek erakusketa publikoaren prozesuan parte hartu ondoren egin dira.