2020ko uztailaren 13a

Udalak hilabete honen amaieran gehituko dira izapide judizialak telematikoki egitera

Tokiko erakundeei sistema gaitzeko lanak amaitzen ari dira, uztailaren 1ean enpresak beren abantailez baliatzen hasi ondoren

Nafarroako Gobernuak, Justiziako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, azken lanak egiten ari da, Foru Komunitateko udalei eta toki entitateei organo judizialen tramitazioa bide telematikoz egiteko. Neurri hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta Foru Gobernuak erabaki zuten, eta haren garapen teknologikoak justicia.navarra.es web plataforma gaitzea dakar.

Justizia Zuzendaritza Nagusia tokiko erakundeei sisteman alta emateko jarraitu beharreko prozesuaren berri ematen ari da. Horri esker, gaiak azkarrago tramitatuko dira, eta, aldi berean, COVID-19 ondoko “normaltasun berrian” eskatzen den osasun-segurtasuna bultzatuko da. Sistema uztailaren 1az geroztik erabiltzen dute enpresek eta pertsona juridikoek.

Toki entitateak funtzionamendu modu berri horretan erabat sartuko dira uztailaren azken astean, aurreikusitakoa baino egun batzuk geroago. Egutegia berregokitu egin da antolaketa kontu batengatik, toki entitateek tramitazio telematikoa guztiz operatibo izan dezaten, altaren eta sistemaren benetako eraginkortasunaren artean desfaserik izan gabe.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak tramitazio telematikoa gaitzeko jarraibide guztiak sartu ditu toki entitateei bidalitako komunikazioan. Dena den, edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago izateko, interesdunen eskura jarri da honako posta elektroniko hau: gestion.proyectos.justicia@navarra.es.

Balantze “positiboa” enpresekiko

Nafarroako Gobernuko Justizia zuzendari nagusiak, Rafael Sainz de Rozasek, “balantze positiboa” egin du pertsona juridikoak sistema honetan sartu zirenetik igaro diren bi asteen gainean, eta “konfiantza agertu du toki-erakundeek beren abantailez ere baliatuko direlako”.

“Justizia herritarrentzat eraginkorra eta bizkorra izatea nahi dugu Departamentutik, zerbitzu publiko gisa; eta herritarrentzako zerbitzu hori beste administrazio batzuei, udalei esaterako, izapideak erraztuz ere lortzen da”, esan du Sainz de Rozasek.

Justiziako Zuzendaritza Nagusiak azpimarratzen du sistema elektronikoak erabiltzeak segurtasun juridikoa ematen duela, Nafarroako organo judizialetan idatziak aurkezteko eta horien jakinarazpenak jasotzeko, prokuradorearekin pertsonatuta ez badaude. Gainera, Justizia Arintzeari buruzko hurrengo Legeak eta 16/2020 Errege Lege Dekretuan hartutako neurri prozesal berriek komunikazio judizialetarako baliabide elektronikoak erabiltzea eskatzen dute.