2020ko ekainaren 30a

Nafarroako Gobernuak Pirinioetako Plana sustatzeko dinaminazio taldea osatu du

Ayerdi lehendakariordeak eta Ollo kontseilariak Burgiko bulegoa inaguratu dute, non Aribekoarekin batera zonaldeko jarduera berpizteko lan egingo den
Aierdi lehendakariordea, Ollo kontseilaria eta gainontzeko ordezkariak 
Burgin Pirinioetako Plana garatzeko prestatutako bulegona. 
camera_alt Aierdi lehendakariordea, Ollo kontseilaria eta gainontzeko ordezkariak Burgin Pirinioetako Plana garatzeko prestatutako bulegona.   Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Foru Exekutiboak gaur goizean Pirinioetako Lurralde Planaren Talde berria aurkeztu du, Nafarroako zonalde horretako 32 herrietan garatuko duen plana garatzeko. Dinamizazio-taldea Burgiko bulegoaren inaugurazio-ekitaldian ezagutarazi da, eta, Aribeko bulegoarekin batera, eskualdeko jarduera suspertzeko planaren bultzatzaile izango da. 

Bigarren lehendakariordea eta Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi, eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Burgiko bulegoan izan dira gaur goizean; bulego horren helburua baliabideak bilatzea eta tokiko biztanleria dinamizatzea eta koordinatzea izango da. Ekitaldian, halaber, honako hauek izan dira: Burgiko alkatea, Elena Calvo; Pirinioei buruzko Txostenaren Segimendu eta Kontrolerako Batzorde Bereziko lehendakaria, Adolfo Araiz; Pirinioetako Mahaiaren ordezkaria, Ana Sagardoi; Cederna-Garalurreko lehendakaria, Patxiku Irisarri; Foru Exekutiboaren Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia, Rubén Goñi; nahiz zonako udal-ordezkariak eta tokiko herritarren taldeak.

Gaur aurkeztutako taldea profil teknikoa duten lau pertsonak osatzen dute, eta Pirinioetako Planean jasotako berrikuntza "garrantzitsuenetarikoa" da. Cederna-Garalurrek eta Lursarea lurraldearen eta iraunkortasunaren agentziak zuzenean kontratatu dute, eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak, Pirinioetako ekintza-planaren dinamizazioaren buru denak, bi erakunde horiekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen bitartez finantzatuko da, 112.000 euroko hasierako zuzkidurarekin.

Bulego berriak

Lan-taldeak bere lana Burgin eta Ariben jarritako bulego banatan egingo du. Horietan, inguruan erroldatutako 5.418 biztanleren proposamenak eta eskariak artatuko dituzte, inguruneko jarduera bultzatu eta baliabide sozialak, ekonomikoak eta turistikoak indartzearren, horrela aberastasuna eta enplegua sortzeko eta biztanleria etengabe galtzen ari den zonarako garapen handiagoa lortzeko. 2019ko erroldaren arabera, biztanle-dentsitatea 3,8 biztanlekoa da km2 bakoitzeko; Foru Komunitateko batez bestekoa, aldiz, 68,1ekoa da.

Bisitan zehar, Aierdi lehendakariordeak nabarmendu du bulego horiek irekita Nafarroako Gobernuak "konpromiso argia" erakutsi duela Pirinioak suspertzeko proiektuarekiko; era horretan, azpimarratu du “benetako protagonistak eta aurrea hartzen dutenak tokiko agenteak direla, eta Gobernuak haiekin batera lan egingo duela. Kultura eta lan egiteko modu berria izango dira lurraldetik eta lurraldearentzat eta lurrari lotutako ekintzekin”.

Era berean, Aierdi ziur dago “Pirinioek bizitza berreskuratuko badute, haien ekimenarengatik, bertako jendearen, agente sozialen eta toki-erakundeen bultzada eta dinamismoarengatik egingo dutela, eta, batik bat, lurraldean bertan zaudetenen inplikazio pertsonalarengatik”; aldi berean, honela azpimarratu du: “hemen gauden guztiok sobera dakigu zeintzuk diren gure arazoak, gabeziak eta beharrak, eta, lehen aldiz, diagnostikoetatik erantzunera, azterketetatik ekintzara pasatuko gara”.

Bestalde, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok azaldu du Departamentua, Kanpoko Ekintzako zuzendaritza nagusiaren bitartez, Mugaz Haraindiko Estrategia bat lantzen ari dela, eta lankidetza-ekintzak, erronkak eta eragozpenak jasoko dituela ekintza-plan espezifikoaren bitartez. “Estrategian, Pirinioetako herriek funtsezko papera izango dute diagnostikoa eta mugaren bi albotako herrien arteko lankidetza indartuko duten ekintza espezifikoak garatzerakoan”, adierazi du.

‘Pirinioa gara’ marka

2016. urtean, Pirineo Bizirik- Txantxa-lan eta Lan eta Bizi Pirinioan elkarteek Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuten Pirinioetako haranen egoera, eta zona hori garatzea bultzatzeko politikak abian jartzea eskatu zuten. Geroztik, Nafarroako Gobernuak, Parlamentuarekin batera, ponentzia espezifiko bat bultzatzen du planteatutako gaiak jorratzeko. Pirinioetako Planean, “Gu Pirinioa / Somos Pirineo” goiburuarekin, lana lau ardatzetan garatzen da: gobernantza, ekintza-plana, herritarren parte-hartzea eta komunikazioa.

Ekintza Planak –astelehenean Pirinioetako Batzarrean onartua, Ezkarozen— 225.000 euroko aurrekontua izango du 2020. urtean. Ekintza Plan horretan garatu beharreko ekintzak lau arlotan banatzen dira: turismo iraunkorra, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak; abeltzaintza, nekazaritza eta basoko zerbitzuak; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak; eta industria, enplegua eta lurraldearen garapen iraunkorra.

Turismo iraunkorrari, hurbileko merkataritzari eta zerbitzuei dagokienean, ekimen publikoak nahiz pribatuak abian jartzea bultzatuko da Pirinioen marka helmuga turistiko iraunkor bezala kokatzeko. Tokiko produktuen kontsumoa bultzatzeari dagokionez eta COVID-19ak eragindako krisiarekin bat eginik, inguruko biztanleria ahulen elikadura-premiak artatuko dira, menu osasungarriak eta iraunkorrak egin eta banatuta. Bestalde, adinekoen beharrak eta bizi-kalitatea hobetzeko aukerak aztertuko dira, Eutsi tokiko kooperatibarekin batera.

Abeltzaintzari, nekazaritzari eta basoko sektoreari eskainitako ardatzean, lehen sektore osoarekin batera egingo da lan belaunaldi-aldaketa eta ekonomia zirkularra bultzatzeko edo hiltegi bat eraikitzeko, besteak beste. Horrez gain, bestelako kudeaketak erraztuko dira; esate baterako, NPEri buruzko informazioa, herri-kudeaketari buruzkoa, e.a.

Garraioa eta etxebizitza

Etxebizitza, garraio eta azpiegituren arloan, erabiltzen ez diren etxebizitzen eta ekipamendu publikoen (zentro medikoak, eskolak, Udaletxeak, e.a.) gaineko memoria egiten ari dira, haien egoera ezagutu eta alokairuko etxebizitza publikoaren eskaintza areagotzeko aukera aztertzearren. Horrez gain, garraioari dagokionean, aplikazio informatiko bat garatuko da garraio kolektiboaren baliabideak jasotzeko eta plataforma bat autoa partekatzeko, lurraldearen premietara eta ezaugarrietara egokituta. Halaber, garraio-zerbitzua eskainiko da Abaurregaina eta Jaurrietako zonan ibilgailurik ez duten biztanleentzat.

Azkenik, industria, enplegua eta lurraldearen garapen iraunkorrari erreparatuta, ekintza batzuk garatuko dira; tartean, ekintzailetza-poloan inbertitzea coworking-erako espazio bat sortuta Ariben. Gainera, Pirinioetarako enplegu-poltsa espezifikoa sortzeko lanak egiten ari dira.