2020ko ekainaren 22a

Nafarroak baliabide naturalen kudeaketa hobetu du PyrenEOS mugaz gaindiko proiektuari esker

Satelite bidezko irudien bidez, arriskuak prebenitzeko eta nekazaritza-, basogintza- eta hidrologia-baliabideak kudeatzeko programa eta aplikazio teknologikoak garatzen dira.
Izurriak detektatzeko tratatutako irudiaren adibidea

 
Izurriak detektatzeko tratatutako irudiaren adibidea

   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroak baliabide naturalen kudeaketa hobetu du, PyrenEOS mugaz gaindiko proiektuari esker. Proiektu hori Foru Komunitatea da buru, eta joan den astean amaitu zen. Europako sateliteen irudien bidez, arriskuei aurrea hartzeko eta nekazaritza-, basogintza- eta hidrologia-baliabideak kudeatzeko programa eta aplikazio teknologikoak garatzen dira.

Egitasmoa mugaz gaindiko lankidetzarako POCTEFA programaren barnean dago, eta haren xedea plataforma bat sortzea da, “Copernicus” programako “Sentinel” satelite-multzoaren Lurra Behatzeko Sistemak dituen ahalmen berriak erabiliko dituena. Horiei esker, denbora-aniztasun aldagaia gehitu dakieke  jasotako irudien tratamenduari eta ustiaketari. (Denbora-aniztasuna une jakinetan neurturiko eta kronologikoki ordenaturiko datu-segida bat da, informazioa une desberdinetan analizatzeko eta konparatzeko aukera ematen duena).      

Proiektu honetan hainbat zerbitzu garatzea planteatu da, bere konstelazioetako “Sentinel” irudiak baliatuz baliabide naturalen, arriskuen eta klima-aldaketaren kudeaketari ekiteko aukera emanen dutenak, bi eremu nagusitan: baliabide hidrologikoen kudeaketa (ura eta elurra), eta nekazaritzako laboreen eta baso-estalduraren kudeaketa.      

Era horretan, espezializatu gabeko erabiltzaileen esku jarri dira beren jardueraren segimendua hobetzeko eta laboreen ekoizpena modu eraginkorragoan kudeatzeko aukera emanen dieten hainbat tresna. Halaber, aurreranzko urrats kualitatibo bat egitea ahalbidetu du, satelite bidezko irudien tratamenduan oinarrituriko teknika berriak ezartzeaz den bezainbatean; horrek lagundu egin du basoetako osasun-arazoak eta laboreetako izurriteak monitorizatzen. Gainera, erraztu egin du mendietako elurrean eta izotzean, baita ibaibideetan eta urtegietan ere, pilaturiko ur-bolumena zenbatekoa den jakitea, eta ibaibideen aldaketa morfologikoak ezagutzea.

Proiektuaren garapena

Proiektua 2016ko uztailean abiarazi zen, operadore publiko eta pribatuei teledetekzioan oinarrituriko zerbitzu berritzaileak eskaintzeko, baliabide eta arrisku naturalak efizientziaz kudeatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko xedez.

Nafarroako Gobernuak gidatu du proiektua, eta hainbat entitatek hartu dute parte: Départament des Pyrenées-Atlantiques, Telespazio France, Tracasa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Teknologien eta Nekazaritzako Elikagaien Azpiegituren Institutua (INTIA) sozietate publikoa, HAZI Fundazioa eta Centre d’étude et d’expertise sur les risques, l’environment, la mobilité et l‘amenagement.

Lurra behatuz lortzen den informazioaren erabilerak aurrera egin du Europako Batzordearen “Copernicus” programari esker. “Sentinel” irudiak erabiltzaileen esku izateak haiek gehiago kontsumitzea ahalbidetu du. Hori dela eta, teknologiak egokitu eta informazio-kantitate hori erraz eskuratu eta prozesatzeko gai diren aplikazio berriak garatu behar izan dira.    

Enpresa publiko eta pribatuen, antolakunde sozial eta akademikoen eta administrazio publikoen lankidetzari esker egiten ahal izan da hori guztia, lau urte iraun duen eta FEDER funtsak eta finantzazio propioa izan dituen proiektuan. Zehazki, Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du proiektuaren %65, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez.