2020ko maiatzaren 14a

Osasun zentroetan aurretiazko borondateen agiria eska dezakete herritarrek

COVID-19ren pandemian, bizi-testamentua izenekoari buruzko kontsultak ugaritu egin dira

Osasun Departamentuak jakinarazi du aurretiazko borondateen dokumentua osasun-zentroetan eska daitekeela, gizarte-langilearekin hitzordua egin ondoren, COVID-19 dela eta,  aurrez aurreko ohiko izapidea eten eta gero.

Ildo horretan, pazienteek edo haien senitartekoek gero eta kontsulta gehiago egin dituzte agiri hori eskuratzearen edo osasun-zentroetan horren gainean egiten duten erabilpenaren inguruan.

Aurretiazko borondateen agirian edo bizi-testamentuan, pertsonak jaso nahiko lukeen osasun-arretari buruzko aurreikuspenak jasotzen dira, baldin eta bizitzaren azken uneetan erabakiak hartzeko gaitasunik ez badu.

Izapidea

Osasun Departamentuak adierazi du aurretiazko borondateen agiria erraz kudeatu daitekeela eta Foru Komunitateko osasun-zentro guztietan egiteko aukera dagoela. Hori egin aurretik, interesatuta dauden pertsona guztiei zenbait galdera egingo zaizkie COVID-19 gaixotasuna duten gaixoak diren jakin ahal izateko.

Halaber, nabarmendu dute beharrezkoa dela jada idatzitako agiria gizarte-langilearen aurrean entregatzea. Era horretan, urrats hori errazteko, interesatuak dokumentuaren eredua ikus eta erreferentzia moduan hartu ahal izango dute Nafarroako Gobernuaren web atarian.

Bertan, izena emateko nahiz dokumentua zuzentzeko jarraitu beharreko urratsak zehazten dira. Horretarako epea urte osoan irekita dago. Agiria datu-base batean gordetzen da, osasun-profesionalek hori existitzen dela jakin ahal izateko.

Zentrora joan ezin den kasuan, gizarte-langileak gaixoaren historia klinikoan zehaztuko du ezarritako baldintzetan inskripzioa egiteko borondatea, eta, joateko aukera duenean, egingo da. Hortik aurrera legezko balioa izango du.

Prozesuaren amaieran, historia klinikoarekin zuzeneko konexioa ezartzen da kontsultatu ahal izateko; era berean, erabiltzaileari formalki jakinaraziko zaio aurretiazko borondateen agirien datu-base ofizialean sartu dela haren agiria.

Baldintza horiek guztiak beteta, dokumentua eskuragarri izango dute osasun-arloko profesionalek, eta egin duen pertsonak nahiz haren senitartekoek kontsultatzeko eskubidea erabili ahal izango dute. Aurretik adierazitako egoeren edo aurreikuspenen gainean aldaketaren bat egin nahi bada, edozein unetan eta modu berean egin ahal izango da, aurrekoa ordezkatuko duen agiri berria aurkeztuta.

Kontsulta-kopuru handiagoa

COVID-19ak eragindako alarma-egoeraren aurrean, aurretiazko borondateen agiriari buruzko kontsulta ugari ari dira jasotzen Herritarren Atalean eta osasun-zentroetan. Alde batetik, hori egiteko zailtasunak daudela egiaztatu da konfinamenduaren egungo arauak direla-eta. Bestetik, krisiaren aurretik egin zutenak daude, eta orain zalantzak dituzte osasun-zentroek horren gaineran egingo duten erabileraren inguruan.

Nafarroako Osasun Departamentuko Herritartasun Sanitarioaren eta Bermeen Atalak gogoratu du “zerbitzu medikoei dokumentu horietara sartzeko gomendioa egiten zaiela, historia klinikotik bertatik, eta pertsona bakoitzak bere tratamenduaren inguruan aldez aurretik zerbait idatzita utzi zuen ikustea eta, hala badagokio, jarraibideak kontsultatzea”.

Halaber, azpimarratu dute “egoera horiek artatzen dituzten profesionalek, aurretiko jarraibideak kontsultatzean, paziente bakoitzak adierazitako hautaketa-askatasuna erabat errespetatu behar dutela”. Kasu horiek kontuan hartzen dira gaixo bat koronabirusarengatik edo beste edozein patologiarengatik ospitaleratuta dagoen guztietan eta haren larritasun-egoera dela-eta, osasun-langileek ezin badiote kaltetuari kontsultarik egin.

Nafarroa, lehen postuan

Aurretiazko borondateen agiria, bizi-testamentu gisa ere ezagutzen dena, ondo hartua izan da Nafarroan. Foru Komunitatea lehen postuan aurkitzen da estatuko rankingean, mila biztanleko 14,43ko tasarekin, Osasun Ministerioak eskainitako datuen arabera.

Gainera, esan behar da goranzko joera izan duela, salbuespen batekin. 567 pertsonak sinatu zuten 2015. urtean; 802k 2016an; 1.135 pertsonak 2017an eta 2.407k 2018an. Zifrak iaz jaitsi ziren, 2.088 lagunek sinatu baitzuten.

Urtearen hasieratik martxoaren 13ra bitarte, alarma-egoera aitortu baino egun bat lehenago, jada 449 pertsonak sinatuta zuten; hots, %28 gehiagok, iazko egun berekin alderatuta. Gainera, COVID-19ak eragindako geldialdi hau gertatu arren, atzoko egunez 645 pertsonak jada eginda zuten agiria.