2020ko otsailaren 8a

Otsailaren 22ra bitarte egin daitezke datuaren erabileraren Adierazpen Etikoaren lehen zirriborroaren aurreko ekarpenak

Helburua da adimen artifizialean aurrera egitea, etika lehenetsiaz herritarren interesak babesteko

Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri du datuaren erabileraren Adierazpen Etikoaren lehen zirriborroa; era horretan, herritarrek, erakundeek, enpresek eta gizarteak oro har otsailaren 22ra bitarte aukera izango dute testuaren aurrean ekarpenak egiteko. Helburua da adimen artifizialean aurrera egitea, etika lehenetsiaz datuak esportatzeko edozein ekimenaren aurrean, herritarren interesak babeste aldera. Dokumentua jada eskura daiteke Gobernu Irekiaren web gunean eta sare sozialetan.

Baliabide publikoak modu eraginkorragoan erabiltze aldera, Gobernuak berrikuntza sustatu behar du, datu ordenatuetan eta prozesatuetan oinarrituaz, adimen artifiziala bezalako tresna digitalen bitartez. Hain zuzen ere, pertsonen bizitza, gizartearen ongizatea eta ingurumena hobetzeko tresna  bat da eta datuen ingeniaritzaren ondorioetariko bat.

Informazioaren babesa

Foru Exekutiboaren ustez, zaintzen eta jasotzen dituen datuen erabilera adimentsuak 4.0 gobernantza egiten lagunduko du, eta, era horretan, gobernuaren egitekoaren bilakaera egokituko da, industria-iraultza ezberdinek bideratutako teknologiaren aldaketak onartuaz. Horrela, administrazioa digitalizatuko da, horrek baimendutako datuen bilketa masiboa egingo da, eta algoritmoak eta adimena aplikatuko dira. Ondorioz, horrekin guztiarekin izapideak bizkortu ahal izango dira, inguratzen gaituen ingurunea hobeto ezagutu ahal izango dugu eta etorkizuneko egoerak aurreikusi (ezbehar-tasa, epidemiak, e.a.). Datu horiek guztiak erabilita, erabakiak hobeto hartu ahal izango dira, kudeaketa publikoko lehengo ereduek baino fidagarritasun handiagoko ebidentziak aintzat hartuaz.

Datuen antolamendu, ustiapen eta azterketa horrek zuzeneko onurak ekarriko ditu osasunean, lurralde-kohesioan, zerga-sarreratan, segurtasunean, hezkuntzan eta beste edozein eremu sozialean.

Datuen erabilerak eta adimen artifizialeko teknologien aplikazioak beste maila batera eramango dute kudeaketa publikoa; hots, 4.0 industriaren antzeko batera (industria-negozioaren eredu berria, tresna teknologiko eta digitaletan oinarritzen dena, datuen prozesamendua erabiliaz industriaren sektorean teknologia ezartzea lortzeko).

Hala ere, informazio horren guztiaren erabilerak etika zorrotzenaren barruan araututa egon behar du, iraunkortasuna, berdintasuna, berrikuntza eta gobernu ona bezalako balioekin bat datorren kudeaketa-esparruan. Gauza da erabilerari buruzko berriak beti eman behar direla, informazioa arduraz babestuta, berrerabilpena sustatuta eta dagoen informazio guztiaren analisian oinarritutako gobernantza-mota landuaz.

Gainera, dokumentuak aurre hartu nahi die teknologiak berak epe laburrera ekarriko dituen etorkizuneko konpromisoei eta 4.0 gobernantza bat garatu digitalizazioan onurak batzeko, izapideak bizkortu eta erabaki hobeak hartze aldera.            

Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua prestatzen ari den Nafarroa Digitala 2030 Estrategia alderako urrats bat da hau. Horren aurkezpena aurtengo urtean zehar egingo da. Gobernuaren ustez, urrats horiek gardenki eman behar dira, jendeari informazioa eman behar zaio, pertsonen eta enpresen artean esku hartu behar da, eta Zuzenbideak eta etikak berak herritarrei eta erakundeei ematen dizkien mugak argi eta garbi ezarri behar dira.