2019ko azaroaren 25a

Remirez lehendakariordeak 2019ko Gazte Sarietan sarituak izan direnen gainditzea, elkartasuna eta prestakuntza nabarmendu ditu

Besteak beste, Mohammed Ounasser, Tafallako gazteria eta Uharte, Atarrabia eta Burlatako Udaletako lan eta gizarteratzeko proiektuak saritu dira
Irabazle eta ordezkarien taldeko argazkia.
Irabazle eta ordezkarien taldeko argazkia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Lehen lehendakariordeak eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilariak, Javier Remirezek, gaur goizean banatu ditu Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan, 2019ko Gazte Sariak; hain zuzen ere, hauek izan dira sarituak: Mohammed Ounasser, Pertsona Gaztearentzako Sariaren modalitatean; Tafallako gazteria, Parte-hartze Sozialean; eta Uharte, Atarrabia eta Burlatako Udaletako Gazteria arloak, Erakundearentzako Sariarekin. Horrez gain, Iruñeko Gazteriaren Etxeak aipamen berezia jaso du 50. urteurrenarengatik.

Gazte Sarien banaketa Nafarroaren Egunaren oroitzapenezko ekitaldien barnean kokatzen da, eta ekitaldian izan dira Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain.

Remirez lehendakariordeak honela azpimarratu du: “sari hauek gazteek eta haiekin batera Nafarroan lan egiten duten erakundeek betetzen duten paper garrantzitsua eta positiboa erakusten dute”. Ildo horretan, “erantzukizunetik ez ezik, energia, ekimena, elkartasuna edo enpatiatik ere egiten den lana” baloratu du, orokorrean gazteekin batera doazen ezaugarriak dira-eta.

Era berean, Nafarroako Gobernuak “badaki eta uste du gazteriari zuzendutako politikak zeharka, parte hartzeko eran eta modu koordinatuan jorratu behar direla”; beraz, legegintzaldi honetan, politika horiei erakunde propioa emango zaie, Nafarroako Gazteria Institutua.

Sarituen merituak

Mohammed Ounasser-ek Pertsona Gaztearen saria jaso du, eta Remirez lehendakariordeak nabarmendu du hark “gizarteratzeko eta gainditzeko landutako eredua”, Nafarroara 2018ko irailean iritsi ondoren, familiarik gabe eta pateran 12 orduko ibilaldia egin eta gero.

17 urteko gaztea Marokoko Todra herri berberean jaio zen, eta, une honetan, Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean aurkitzen da, Nafarroako Mugarik Gabe Elkarteak kudeatutako gela-baliabidean. Denbora honetan, Iruñean, SEI Elkartearen (Kultur arteko Zerbitzu Sozioedukatiboa) iragarle bihurtu da, eta haren egoera bereko pertsona gazteei laguntzen die. Horrez gain, iaz arlo sozioedukatibo eta profesionaleko programa osatu zuen, eta, aurten, Elektrizitateko Lanbide Heziketa egiten ari da.

Lehendakariak, halaber, esan du Mohammed Ounasser “ikasteko gogoaren, lotura afektibo berriak egiteko nahiaren eta haren bizi-esperientzia erakustearen erreferentea dela; nahiz eta zailtasunak izan, beste pertsonei lagundu nahi die”.

Modu berean, Parte Hartze Sozialaren Sariarekin Tafallako eta Erdiko Zonako gainerako herrietako gazteen mobilizazioa saritu da edizio honetan, leku horietan, pasa den uztailean, Cidacos ibaiak gainezka egin baitzuen. Lehendakariordeak jarduera hori nabarmendu du; izan ere, “gazteek beste urrats bat eman zuten horrela eskatzen zuen egoeraren aurrean, eta erantzunarekin, benetako elkartasuna erakutsi zuten, zentzurik zabalenean”.

Azkenik, Uharte, Atarrabia eta Burlatako Udaletako gazteria-sailek Erakundearentzako Saria jaso dute, gazteentzat lan eta gizarteratzeko prestakuntza-prozesuak elkarrekin abian jartzeagatik, prestakuntza teknikoa hezkuntza eta motibazioko alderdiekin batuaz.

Lehendakariordeak proiektu horren inguruan esan du “agerian utzi duela gaitasun teknikoak trebetasun pertsonalen behar-beharrezko garapenarekin elkartzeko prestakuntza garatzeak duen garrantzia, eta sare-lana eta laguntza pertsonalizatua sustatzeari balio ematen diola”.

Azkenik, Iruñeko Gazteriaren Etxea ere saritu du 50 urtetan zehar emandako zerbitzuarengatik, gazteek parte hartzeko, ikasteko eta haiei aholkularitza eskaintzeko espazio moduan, aisia osasungarriaren ikuspegitik.

Pertsona Gaztearen Saria Mohammed Ounasser-ek jaso du eta Parte Hartze Sozialarena Tafallako Udaleko gazteria-arloko zinegotzia den Javier Alcuazek. Bestalde, Uharte, Atarrabia eta Burlatako Udaletako gazteriako teknikariek, Joseba Amijorenak, Itziar Aretak eta Sonia Méndezek, hurrenez hurren, Erakundearen Sariari dagokion saria jaso dute. Orobat, Iruñeko alkateak, Enrique Mayak, Nafarroako hiriburuko Gazteria Etxearen aipamen berezia jaso du.

Sarituen agerraldiak

Mohamed Ounasserrek kontatu du nola utzi zituen bere etxea, bere familia eta lagunak "aukera hobeen bila", eta nola sentitu zuen "bakardadea eta beldurra" Iruñeko egonaldiaren hasieran; horregatik, eskertu egin du denbora horretan jaso duen babesa eta maitasuna. Ildo horretan, aitortu du "zaila" izan daitekeela hizkuntza eta ohitura desberdinak dituzten pertsona atzerritarrak hartzea, "Baina beharrezkoa da gu ezagutzea eta aurreiritziak ezabatzea", gaineratu du. Aukera baten bila gatozen pertsonak baino ez gara, lan egiteko eta ikasteko gogo handia dutenak, gizartean bat gehiago izan gaitezen ".

Tafallako Udaleko Gazteriako zinegotziak, bere aldetik, herriari emandako laguntza eskertu du, eta euriteen ondoren gazteek izandako erreakzioak topikoak urtu dituela eta 'gazteen elkartasuna eta konpromisoa' erakutsi duela adierazi du. Huarteko, Burlatako, eta Atarrabiako Gazteria arloen ordezkari gisa, azken horren arduradun Joseba Amigorenak hartu du hitza, eta gazteentzako politika bateratu eta zeharkakoak eskatu ditu.

Azkenik, Iruñeko alkate Enrique Mayak Iruñeko Gazteriaren Etxearen izaera berritzailea nabarmendu du, eta, haren hitzetan, "Erreferentea da ez bakarrik Nafarroan, baizik eta Espainia osoan, bere zerbitzuen kalitateagatik eta gazteen onarpen onagatik".

Gazte Sariak

Gazte Sariak hogeita batgarren ediziora iritsi dira aurten. Iaz, hauek izan ziren saridunak: María Teresa Álvarez (Pertsona Gaztearen Saria), Kaskikos Gazte Elkartea (Parte Hartze Sozialaren Saria) eta Nafarroako Medicus Mundiko Gizarte Ekintzako Taldea (GAS).

Pertsona Gaztearen Sariaren bitartez, ibilbide pertsonala gizarte modernoen berezko balioekin (elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kulturartekotasuna edo nazioarteko mugikortasuna) argi eta garbi lotuta duen eta beste gazteentzat erreferentea den pertsona nabarmentzen da.

Parte Hartze Sozialaren Sariak, berriz, talde edo elkarte bat saritzen du, gazteriaren parte-hartzea errazten eta bideratzen duena, jarduera-maila altuarekin, eta gazteek Nafarroako garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean modu eraginkorrean parte hartzea bermatzen duen taldea.

Erakunde edo Instituzioarentzako (publikoa, pribatua edo toki-erakundea) Sariaren bitartez, gazteen alde egindako lanarengatik nabarmentzen diren erakundeak saritzen dira, gazteen parte-hartze soziala, autonomia edo bizi-kalitatea errazten dutenak, betiere jarduera Nafarroako gazteekin egin badute edo horiek lehentasunezkoak izan badira.