2019ko urriaren 3a

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 2023ra arte berritu dute etxegabetzeen lankidetza hitzarmena

Eduardo Santos, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak, eta Pablo Azcona, NUKF-ko lehendakariak, lehendabizikoz 2016an sinatu zen hitzarmenaren luzapena izenpetu dute ostegun honetan
collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) gaur goizean ofizialki sinatu dute ostegun honetan 2016tik Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin duten lankidetzarako hitzarmena. Nafarroako Parlamentuan gauzatu da sinadura, Eduardo Santos, Migrazio Politikak eta Justiziako kontseilari, eta Pablo Azcona, NUKFeko lehendakariaren artean.

Hitzarmena Nafarroako Gobernuaren, NUKFren eta BJKN-CGPJren arteko lankidetzarako dago planteaturik, herritarrak kaleratze eta hipoteka exekutatze prozeduren aurrean babesteko. 2016ko irailaren 22an gauzatu zen lehen aldiz eta, ondorioz, egungo luzapena inplikaturiko aldeek sinatzen duten hirugarrena da. Oraingo honetan, berriz, hitzarmena ez da urtebeteko epean luzatuko, orain arte bezala, 2023ko irailaren 22ra arte baizik.

Kalteturiko pertsonen babeserako hitzarmena

Hitzarmenak, familiaren etxebizitza altxatzearen ondoriozko zaurgarritasun balizkoak hautematea lantzen du, eta baita gizarte izaerako neurriak ere. 2016an bezala, testuak ezartzen duenez, BJKN-CGPJk Gobernuari jakinaraziko dizkio pertsona bat gizarte bazterketa egoeran egon daitekeen kasuak, jabe zen edo alokairuan zuen etxebizitzaren gainean jasandako kaleratzearen ondorioz.

Une horretatik aurrera, Gobernuak eta hitzarmenarekin bat egin duten toki erakundeek beraien babes programak aktibatuko dituzte. Programa horiek, larrialdi laguntzak ematean, etxebizitza alorreko bitartekaritzan (finantza erakundeekin, etxebizitza jabetzan egon denean, edo errentatzailearekin, alokaturiko etxebizitza izan denean), eta etxebizitza sozialen foru funtsean, alokairu poltsan edo etxebizitza babestuetan dauden etxebizitzen errentamenduetan zentratuko dira.

Baina horrez gain, hirugarren eranskin eta luzapen horrek kaleratze eta hipoteka exekuzio prozedura kasuetan datuen lagapenaren gaineko aldaketak sartzen ditu. Izan ere, lehen hitzarmena sinatu zenetik, datu pertsonalen tratamendua eta babesa arautzen dituzten Europako arautegia eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa sartu dira indarrean.

Hitzarmen horren bitartez, Nafarroako Gobernuak eta hitzarmenarekin bat egin duten toki erakundeek berretsi egin dute beraien familia-etxebizitzatik kaleratuak izan ondoren gizarte bazterketa arriskuan geratzen diren pertsonekin duten konpromisoa. Gizartearen aurkako eredu eta politika ekonomikoen ondoriotzat hartzen den etxebizitza galeraren aurrean babes neurriak eskaintzea bilatzen da.

Hitzarmenarekin bat egiteko interesa duten toki erakundeek, gai horren inguruan hartzen dituzten akordioen kopiak bidali beharko dizkiote UKNF-FNMCri eta hark, aldi berean, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentura bidaliko ditu.