2019ko irailaren 9a

Bihar irekiko da Ekonomia Sozialeko Nafarroa Gaztea sarietan izena emateko epea

Anel, Cein, Laboral Kutxa eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institituak ematen duten sariak ekintzailetzaren aldeko apustuarekin jarraitzen du

Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak Ekonomia Sozialeko Nafarroa Gazte Sarien bigarren edizioa sustatu du Anel, Cein eta Laboral Kutxarekin elkarlanean. Era honetara, gazte ekintzailetzaren aldeko apustuarekin jarraitzen du eta ekonomia beste modu batean ulertzeko moduarekin. Izen-emateak astearte honetatik, hilak 10, eta datorren irailaren 30a bitartean egin daitezke, NKGIren webgunean.

Programa honen bitartez, laguntza eman nahi zaie, pertsona ardatz duen ekonomian oinarritutako jarduera egiten duten enpresei, kalitatezko enpleguak sortzen dituztenei, eta berdintasuna, zuzentasuna, erabakiak hartzearen demokratizazioa edota bertakoaren aldeko konpromisoa gisako balioak sustatzen dituztenei, zeinahi motatakoak direlarik. Horretarako, sariak bi kategoria ditu: Ekonomia Sozialeko Gazte Ekimenik Onena eta Finkatutako Ekonomia Sozialeko Gazte Enpresarik Onena. Bakoitzak 3.000 euroko saria du.

Lehendabiziko kategoria, Ekonomia Sozialeko Gazte Ekimenik Onena, Ekonomia Sozialaren balioen araberako enpresa proiektua garatzen diharduten 31 urtetik beheitiko pertsonei zuzenduta dago; eta Finkatutako Ekonomia Sozialeko Gazte Enpresarik Onenaren saria dagoeneko finkatuta dauden enpresei ematen zaie, gutxienez urtebete eta gehienez bost urteko antzinatasuna dutelarik, betiere bazkide langileetako bat edo gehiago 36 urtetik beheitikoa izanik.

Lehendabiziko edizioko irabazleak

Aurreko edizioan 24 proiektu aurkeztu ziren guztia: 14 proiektu Ekimen Onenaren kategorian eta 10 proiektu Finkatutako Enpresa Onenaren kategorian. 24 proiektu horietatik sei azken fasera igaro ziren epaimahaiak egindako aldez aurreko hautaketaren ondoren, eta bozketa irekian lehiatu ziren proiektu irabazleak erabakitzeko.

Lehendabiziko edizioaren ezaugarri nagusia proiektuen aniztasuna izan zen, arkitektura estudioak zein galdaragintzako enpresak edo domotika arlokoak barne hartuz, baita bozketetan izandako parte-hartze altua ere, online fasean eta presentzialean (2.700 pertsona baino gehiago), eta azkenean, saria EUTSI proiektuak irabazi zuen Ekimen Onenaren kategorian eta Taupadak enpresak Finkatutako Enpresa Onenaren kategorian.

Eutsi deritzon proiektuak Zaraitzu Ibarreko nahiz Nabaskoze Almiradioko 65 urtetik goitiko adinekoen “zahartze aktibo eta osasuntsua” sustatzea du helburu. Eremuko gazteek bultzaturik etagazteak etorkizuna direla kontuan harturik, egun dagoen adineko pertsonen nagusigoaren harira nahitaezkotzat jo du gazteen eta adinekoen arteko lana sustatzea eskualdeko despopulamenduari buelta emateko. Taupadak enpresari dagokionez, Agoizko haur eskolaz arduratzen da 3-3 urteko adin-tartean, baina ez da mugatzen haurrekin lan egitera, gurasoekin ere lan egiten baitu ikasteko ingurunea eta denbora partekatuz.

Ekonomia soziala Foru Komunitatean

Nafarroa da ekonomia sozialarik indartsuena eta errotuena duten autonomia-erkidegoetako bat, eta horren barnean, kooperatibak eta lan sozietateak dira nagusi (% 60 baino gehiago).

Kopuruetan, hauexek dira datuak: ekonomia sozialeko 1.064 enpresa; 16.430 lanpostu, hots, Nafarroako sektore pribatuan lanean dihardutenen % 7 baino gehiago; 1.953 milioi euroko fakturazioa, kalkuluen arabera; eta 28.000 bazkide eta boluntario baino gehiago Ekonomia Sozialeko enpresen inguruan.