2019ko maiatzaren 21a

Nafarroako Gobernuak Osasuna omendu du, denboraldi “distiratsuaren” ondoren Lehen Mailara igotzeagatik

Barkos Lehendakariak taldearen eta zaleen arteko lorpen kolektiboa izan dela adierazi du
Nafarroako Gobernuak Osasuna omendu du lehen mailara igotzeagatik Irudi galeria

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkos buru, Nafarroako Gobernuak harrera instituzionala egin dio Club Atlético Osasuna taldeari Lehen Mailara igotzea lortzeagatik. “Zailtasunez beteriko balentria aparta” izan da Barkosen hitzetan, “taldearen eta zaleen arteko bat-egiteari esker gauzaturikoa”, haren iritziz.

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkos buru, Nafarroako Gobernuak harrera instituzionala egin dio Club Atlético Osasuna taldeari Lehen Mailara igotzea lortzeagatik. “Zailtasunez beteriko balentria aparta” izan da Barkosen hitzetan, “taldearen eta zaleen arteko bat-egiteari esker gauzaturikoa”, haren iritziz.

Ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronu Areotan egin da, eta bertan izan dira, Barkos Lehendakariarekin batera, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznárez; Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera; Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko (NKGI) zuzendari Rubén Goñi, eta NKGIko zuzendariorde Primitivo Sánchez. Osasunaren izenean, zuzendaritzako kideak, jokalariak eta teknikariak bertaratu dira, Klubeko lehendakari Luis Sabalza eta taldeko kapitain Oier Sanjurjo buru.

Barkos Lehendakariaren hitzaldiaren ondoren, Osasunako presidente Luis Zabalzak hitz egin du eta zalego gorritxoaren babesa nabarmendu du: "Kaleetan itxaroten gaituzten pertsona guztiena. Altxatu gintuztenek, Sadar leku liluragarrian bihurtu dutenek eta lehen mailara eraman gaituztenek".

Osasunako kapitain Oier sanjurjo, bere aldetik, zaleei eskerrak eman dizkie beren babesa eta emandako bultzadagatik. Bere hitzaldia Osasunaren ereserkiaren hitz batzuekin amaitu du, "Mendiko haritza bezala... Nafarroa Lehen Mailakoa da".

Ekitaldiari amaiera eman zaio, Uxue Barkosek Nafarroako Jauregiko bilkura-aretoko irudia duen plaka oroigarria  Sanjurjo kapitainari eman dionean. Honek, bere aldetik, Lehendakariari irudi bat eman dio, igoera lortu duten taldekide guztiek sinatutako kamisetarekin.

Jarraian, agintariak eta taldeko kideak Nafarroako Jauregiak Sarasate Pasealekuan duen fatxada nagusiko balkoira irten dira bertaratutakoak agurtzera.

Lehendakariaren agerraldia

Jendaurreko agerraldian, Barkos Lehendakariak zorionak eman dizkio Osasunari Lehen Mailara “merezimendu osoz” igo izanagatik, “lehia handiko kategoria zail horretan multzo serio eta ahaltsua osatuz” egindako denboraldi “distiratsuaren” ondorioz.

Lorpen hau klubeko zuzendaritza, talde teknikoa, jokalariak eta gainerako langileak bat eginda mantendu dituen “konpromiso, ahalegin eta plangintzari esker” gauzatu ahal izan da. Horrekin batera, Lehendakariak zaleen atxikimendua ere nabarmendu du. “Hamabigarren jokalariaren bultzada, leialtasuna eta grina nahitaezkoa izan da igoera erdiesteko, bai Sadarreko norgehiagoketan, gainditu ezinezko gotorleku bihurtuta, baita etxetik kanpoko joan-etorrietan ere, taldeari gogoa eta aupada emanez, zenbaitetan airean hegaldaka eramanez”, gaineratu du.

Lehendakariak, Jagoba Arrasate entrenatzaileaz mintzo zela, igoera lortzeko “funtsezko osagaia” izan dela adierazi du, “Taxoareko filosofian bete-betean” sartu dela nabarmenduz.

Alabaina, kirol arloko lorpenen gainetik, Uxue Barkosek oso modu positiboan baloratu du Osasunak nafar guztien arteko “gizarte-kohesiorako osagaitzat” duen garrantzia, aniztasuna eta pluraltasuna barne harturik. “Osasuna taldearen koloreek –adierazi du– harrotasun eta kidetasunezko sentimendu bakarraren inguruan biltzen du nafar gizarte osoa”.

Azkenik, igoera klubarendako “ilusioz beteriko” unean iritsi izana nabarmendu du, estadioaren erreforma eta taldearen kirol proiektua garatzeko eta finkatzeko zorian daudelarik, eta 2019/2020 denboraldian ospatuko den taldearen mendeurrenaren bezperan.