2019ko maiatzaren 18a

Osasun Departamentuak 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo du NOGeko Kirurgia Handi Anbulatorioko unitateak bere instalazioak izateko obrak egiteko

Anbulatorio erregimenean egiten diren ebakuntzak %52 gehitu dira 2015az geroztik, eta aukera ematen dute gaixoak etxera itzultzeko ebaketa edo proba egin bezain laster

Nafarroako Gobernuak helduentzako Kirurgia Handi Anbulatorioko (KHA) unitatea kokatzeko zona espezifiko bat egokitzeko lanak lizitatu ditu, eta 8 hilabeteko epean gauzatu beharko dira. 1.560.144 euroko inbertsioari esker, soilik KHAk erabiltzeko espazio bat egokituko da, egun erabiltzen ez dena; garai batean, Nafarroako B Ospitale Guneko (Virgen del Camino ospitale zaharra) ZIU eta ebakuntza-gela zaharrak zeuden bertan.

Proiektua idazteko prozesuan, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako (NOZ-O) teknikariek eta KHAko unitateko medikoek eta erizainek hartu dute parte; modu horretan, profesionalen ekarpenak sartu ahal izan dira, zona berriaren diseinua ahalik eta gehien optimizatzearren.

KHAko unitate-eremuan, espazio nagusi bat egongo da gaixoak artatzeko, gaixoentzako eta senitartekoentzako itxarongelak eta guzti. Horrez gain, erabiltzaileentzako eta osasun-langileentzako zerbitzuak eta aldagelak egongo dira.

Beraz, laguntzako zona berriak gaixoak artatzeko 23 box izango ditu, gaixoak artatzeko 2 gela independente eta erizaintzako 2 kontrol. Administraziorako, harrera egiteko bi bulego jarriko dira, KHAko koordinatzailearentzako bulegoa eta bilera eta lan gela bat. Halaber, unitatean, aldagelak, komunak eta dutxak jarriko dira gaixoentzat zein langileentzat, eta baita atseden hartzeko gela bat ere. Era berean, ekipo medikoetarako biltegia, farmaziarako tokia eta arropa eta arropa zuriak garbitzeko eta gordetzeko gelak.

Espazioak eta baliabideak optimizatzea

Gaur egun, KHAko bi unitate daude helduentzat: bat NOG-Bko behe solairu orokorrean eta bestea Ama Umeentzako Ospitalean, KHAU pediatrikoaren ondoan. Helduentzako bi unitateak elkarrengandik nahiz eremu kirurgikoetatik urrun daude; beraz, proiektuan lan-eremuen arteko distantzien arazoa zuzentzeaz gain, bietarako baliabide materialak bateratu dira.

Proiektuan, helduen bi KHAk espazio bakar batean bildu dira, NOG-Bko ebakuntza-gela nagusien ondoan, eta amentzako ebakuntza-gelekin konektatuta. Kirurgia anbulatorio pediatrikoko unitatea egungo lekuan mantenduko da, Ama Umeentzako Ospitaleko hirugarren solairuan.

Kokapen berriarekin, hortaz, helduen KHAko unitatea ebakuntza-gela nagusien ondoan egongo da, eta amentzako ebakuntza-gelekin konektatuta; ondorioz, NOGeko helduen bi eremu kirurgikotatik oso hurbil. Modu horretan, helduentzako espazio bakar bat egongo da, ebakuntza-gelen zonen ondoan. Kirurgia anbulatorio pediatrikoko unitatea egungo lekuan mantenduko da, Ama Umeentzako Ospitaleko hirugarren solairuan.

Gainera, KHA berrian gaixo gehiago artatu ahal izango dira, helduentzako egun dauden bi unitatetako 18 box izatetik bateratutako zonan 25 izatera igaroko baita. Horietako bi gainerakoetatik independenteak izango dira, arrazoi ezberdinak medio (tratamendu bereziak edo kontrol zorrotzagoa) isolatuta egon behar duten gaixoentzat.

11.000 gaixo baino gehiago operatu ziren 2018an

Hiru KHAren jarduerak gora egin du azken hiru urteetan. 2015ean, esate baterako, 7.493 arreta erregistratu ziren unitate horietan, eta 2018an, aldiz, 11.407. Alegia, 2015 eta 2018 urte artean, Nafarroako Ospitale Guneko KHAko unitateen jarduera %52,23 gehitu da.

Kirurgia Handi Anbulatorioaren barruan sartzen dira anestesia orokorrarekin, loko-erregionalarekin edo lokalarekin, sedazioarekin edo gabe, egiten diren kirurgia-prozedura terapeutikoak edo diagnostikoak, ebakuntza-ondoko iraupen laburreko zainketak behar dituztenak eta, beraz, ospitaleratze beharrik ez dutenak.

KHAko esku-hartze prozesu bat abian jartzen da erizaintzako langileek box indibidualean gaixoa prestatzearekin; ondoren, ohatilaz eramaten dute dagokion ebakuntza-gelara.

Ebakuntza kirurgikoa amaituta, pazientea box indibidualera itzultzen da, ebakuntza-ondoko arreta jasotzeko. Pazienteak esnatze-geletako moduan monitorizatzen dira.

Dagokion denbora igaro ondoren, eta azken analisiak egin eta gero, gaixoak alta jasotzen du eta etxera itzultzen da, ebakuntza-ondoko adierazpenak jasota. ​​​​​​​