2019ko maiatzaren 9a

Carlos Irijalbak Historiaurretik gaur egunera bitarteko ibilbidea egiten du Nafarroako Museoko erakusketa berrian

Nafarroako artistak ‘Hiato’ izeneko obra berria aurkeztu du. Museoko kaperan egongo da ikusgai 2020ko martxoaren 22ra bitarte
Mercedes Jover, Ana Herrera, Carlos Irijalba eta Susana Irrigaría, Hiato 
obraren ondoan.
camera_alt Mercedes Jover, Ana Herrera, Carlos Irijalba eta Susana Irrigaría, Hiato obraren ondoan.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Museoko kaperan Nafarroako Carlos Irijalba artistaren erakusketa berri bat egongo da gaurtik aurrera ikusgai, Arte guztia garaikidea da proiektuaren barnean. ‘Extemporáneo’ izenburuarekin, erakusketaren helburua da garraioaren bilakaera eta gizakiak denboran zehar batetik bestera ibiltzeko izandako moduak sakontzea.

Modu horretan, Irijalbak bere obrak eta museoko piezak konbinatu nahi izan ditu erakusketan; hots, garai eta estilo desberdinetakoak. Ondorioz, gizateriaren historian barrena ibilbide bat egingo da, ondo hautatutako zazpi obraren bitartez; alegia, Paleolitikoko bisontearen haginetatik hasi eta Abauntzeko maparekin jarraituko da, k.a. 10.000 urte ingurukoa, “egungo Google Mapseko aitzindari urrunena”, erakusketaren artistak definitutako moduan. Pieza horri gehitu zaizkio, halaber, XIV. mendeko ezproi zeremonial gotiko pare bat, Andosillakoak, eta gizakiaren bilakaeraren beste urrats bat irudikatzen dute, animaliaren trakzioa eta abiadura erabiliaz eta “objektu bakar bat ere ez dela soilik funtzionala edo estetikoa” gogoratuaz.

Azkenik, Gerardo Zaragüetaren 1934ko argazki batek, Iruñeko autobus-geltoki zaharrarenak, bisitaria egungoagoak baina etengabe aldatzen ari diren garaietara eramango du.

‘Hiato’, instalazio artistiko berria

Bilakaera horren adibide dira Carlos Irijalbak sartutako bere hiru obra, automozioaren eta industria aeroespazialaren ingurukoak. ‘Switch off all devices II’ argazkia, Nafarroako Museoaren bildumakoa dena 2006az geroztik, eta 2017ko ‘Muscle memory’ eskultura horietako bi dira. Hirugarrena, berriz, ‘Hiato’ da; hots, Irijalbak erakusketa honetarako nahita diseinatutako instalazio artistikoa.

Sormen berri horretan, aluminiozko profilak erabili ditu, Hydro enpresarekin eta taldeak Irurtzunen duen lantegiarekin batera eginak. Horien antzeko profilak ohikoak izaten dira industria automobilistikoan, eta batez ere inpaktuak xurgatzeko erabiltzen dituzte. Estres probak egin ondoren, forma kiribilduak hartzen dituzte, “egoera materialaren izaera erlatiboa” erakutsiaz, artistak elastikotasunaren eta dinamismoaren ideia helarazteko egiten duen apustuan.

Objektuen “bizitza funtzional eta estetikoak” betetzen du erakusketa osoa. Erakusketaren azalpen-testuan agertzen den moduan, obretan honako hauek konbinatzen dira: “batetik, arte bezala sortuak izan ez ziren eta museo batean amaitu zuten objektuak eta, bestetik, horrela pentsatuta izan arren, soilik denborak bere bidea emango dien objektuak”.

Erakusketa 2020ko martxoaren 22ra bitarte bisitatu ahal izango da, eta irekita egongo da Museoak duen ohiko ordutegian. Horrez gain, maiatzaren 12an, igandean, 12:30ean, artistak berak erakusketaren azalpena egingo du. Uda ondoren, beste bisita gidatu batzuk egingo dira, eta horien berri bere garaian ematen joango gara.

Nafarroako Museoak erakusketari buruzko argitalpena egingo du laster, Museoaren argazkiekin eta Carlos Irijalbaren testuekin. Doakoa izango da, eta aretoan bertan eskuratu ahal izango da.

Nazioarteko artista

Carlos Irijalba (Iruña, 1979) Nafarroako artista nazioartekoena da une honetan. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Berlingo UDK-n. New York eta Amsterdam artean bizi da; azken hiri horretara joan zen 2013an, ordura bitarte Rijksakademie-tik igarotako Espainiako hamaika pertsonetariko bat izateko; hain zuzen ere, nazioartean artistentzat dagoen egoitza garrantzitsuenetarikoa da.

Sari ugari jaso ditu haren obrak eta ibilbide artistikoa medio, eskultura, argazkigintza eta instalazioak konbinatuaz. 2004. urtean lehen saria jaso zuen Nafarroako Artista Gazteen Topaketan, eta, geroztik, sariak eta bekak lotzen joan da; tartean, errebelazio-saria PHotoEspañan 2011. urtean eta Mondriaan Beweize Talent (Holanda) saria, New Yorkeko ISCPn eta Pekingo MA Studion ikasteko bekez gain.

Haren lanak objektuen eta sortzen dituzten egoeren egokitasunari buruzkoak dira, eta mundu erdian barrena ibili dira. Zerbaitegatik erakusketak egin ditu, besteak beste, herrialde hauetan: Espainia, Estatu Batuak, Holanda, Frantzia, Belgika, Erresuma Batua, Alemania, Txina, Japonia, Australia, Turkia eta Kroazia.