2019ko apirilaren 15a

Nafarroako Gobernuak Hiruko Itunaren baitan hizkuntza politika gaietan lankidetza berretsi du

Ana Ollo, Bingen Zupiria eta Beñat Arrabitek 2019ko ekintza palana sinatu dute
Ezkerretik eskuinera: Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari 
Beñat Arrabit, Ollo kontseilaria eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta 
Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria.
camera_alt Ezkerretik eskuinera: Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari Beñat Arrabit, Ollo kontseilaria eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP, Iparraldeko erakunde publikoak), Baionan hizkuntza politika lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute. 2017an Iruñean hizkuntza politikan elkarlanean aritzeko “Hiruko Itunaren” 2019ko Eranskina siantzeko ekitaldian.

Astelehen honetako dokumentuaren sinadurarekin, erakundeek 2019an egingo diren ekintza nagusiak aurkeztu dituzte, hala nola helduen euskalduntzea, euskararen erabileraren sustapena edota hizkuntza honen inguruko ikerketak. Narbemtzekoak dira Eskola Futura programa, Wikipedia bezalako tresna digitaletan euskararen bultzada, edota helduen irakaskuntzarako programen lana.

Sinadura ekitaldian Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilarak, Bingen Zubiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak parte hartu dute. 2017an sinatutako hitzarmenean jasotzen zen moduan, hiru erakundeak urterko hitzarmena berritzeko konpromisoa hartu zuten. 2019rako, honakoak dira garatuko diren lan lerroak:

  • Hezkuntza eta helduen euskalduntzea.
  • Euskararen erabileraren sustapena.
  • Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak.
  • Ikerketa soziolinguistikoa eta euskararen corpusa.
  • Lankidetza Europako markoan.

Ana Ollo kontseilariak azpimarratu duenez Hiruko Ituna garrantzi handikoa da Nafarroaren ikuspuntutik: “Antolatutako lankidetza, interesen trukaketa, ezagutza, jakituria eta esperientziak elkarbanatzeko lana benetan eskertzekoa da”. Lankidetzari erreferentzia eginez, "naturala eta batez ere beharrezkoa da, erakundeen arteko elkarlanak izan behar duen normaltasunez eta eranskin honek lanean jarraitzeko borondatea indartzen digu”. Amaitzeko, Euskarabideari eskerrak eman dizkio eta baita gainontzeko herrialdeetako lan taldeei ere, “Eredugarria da lankidetzarako adierazi duzuen interesa”.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, hitzarmenaren eraginkortasuna nabarmendu du: “2017an Nafarroako Jauregian bildu ginenean azpimarratu genuen euskararen sustapenaren ikuspegitik mugarri bat zela akordioa. Gaur esan dezakegu Hiruko Ituna izan dela euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura dugun erakundeon arteko inoizko elkarlanik eraginkorrena. Hizkuntza politika eta euskararen sustapena kudeatzeko modu berri bat garatzen ari gara, errespetatzen dituena lurralde bakoitzaren erritmoak eta ezaugarriak. Denok ezagutzen ditugu itun honi esker burutu diren proiektuak, eta azpimarratzekoa da horietako batzuek lortu duten arrakasta eta hedapena”.

Beñat Arrabit EEPko presidenteak lankidetza honen izaera estrategikoa azpimarratu du: “Hizkuntza politikan garrantzitsua da partekatzea bakoitzak daukan esperientzia, jakitatea eta informazioa. Lankidetza teknikoa ere funtsezkoa da, eta badaude beste gai batzuk estrategikoak direnak: helduen euskalduntzea, adibidez. Bestalde, badira Iparraldearentzat baitezpadakoak diren proiektuak; hala nola, Eskola Futura edota euskara irakasle izateko lehiaketa berezira hautagaien kopurua handitzeko helburua daukaten mugaz gaindiko dispositiboak”.

Hezkuntza eta helduen euskalduntzea

Hezkuntzari dagokionez, bestelakoen artean, ikasleen mugikortasuna eta trukeak erraztea onetsi da. Gainera, bestelako mugaz gaindiko aukerak aztertuko dira euskarako irakasle izan nahi duten hautagainen kopurua igotzeko helburuz.

Hiruko Itunari esker, eta aurtengo eranskinak jaso duenez, 2019an iaz Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen baitan sortutako Eskola Futura proiektua sustatuko da.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, hiru erakundeek hainbat neurri adostu dituzte hala nola Eusko Jaurlaritzak garatu duen Helduen Euskalduntzearen oinarrizko Curriculuma Nafarroari egokitzeko bidea aztertzea, edo helduen euskalduntzean ari diren profesionalei elduentzako euskararen irakaskuntzan erakunde bakoitzak antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeko aukera ematea.

Euskararen erabileraren sustapena

Euskararen erabileraren kasuan, gazteei zuzendutako egitasmoak, ingurune digitalari lotutakoak eta arlo sozioekonomikoaren gainekoak lehenetsiko dira. Horrela, aztertuko da hiru erakundeen elkarlana eramatea Euskarabentura, Bertso Udalekuak, Mingaina dantzan edota Euskal Kirolari bezalako proiektuetara. Nafarroarentzako arlo garrantzitsua da, izan ere 25 urtetik beherakoen artean %25a euskalduna da.

Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak

Euskararen inguruko sentsibilizazioari dagokionez, herritarren aktibazioa sustatzeko eta erabilera bultzatzeko, Euskaraldia da hiru erakundeak partekatzen ari diren programa nagusia. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa berriz ere izango dira sustatzaile 2020an egingo den bigarren edizioan. Era berean, erakundeek elkarrekin hartuko dute parte Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtzeko azterlan batean.

Ikerketa soziolinguistiko eta hizkuntzaren corpusa

Ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, elkarlana batik bat Euskararen Adierazle Sistemaren (EAS) inguruan sustatuko da. 2017ko abenduan aurkeztu zuten hiru erakundeek EASa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru aldundiekin batera. Tresna honek euskararen egoeraren inguruko informazioa era planifikatuan eta sistematikoan eskaintzen du, hainbat adierazleren bitartez. Orain, 2019an zehar erronka izango da Euskararen Adierazle Sistema garatzea eta lurralde bakoitzaren errealitateak hobeto hartzea kontuan. Horrez gain, Euskaraldiaren emaitzen ikerketa burutuko da eta komunikabideei buruzko azterketen metodoa partekatuko da.

Euskararen corpusa handitzeko bidean, gainera, hiru erakundeek itzulpenen memoriak trukatzen jarraituko dute, eusararen corpusa handitzeko eta itzulpen teknologikoak hobeak izan daitzen.

Lankidetza Europako markoan

Azkenik, 2019rako, hiru erakundeek adostu dute, aukeren arabera, proiektuak aurkezten jarraitzea europar finantzaketa lortzeko eta elkarrekin lan egitea POCTEFAren etorkizuneko programa operatiboetan hizkuntza politika lehentasunezko inbertsio gisa integratzeko.