2020ko maiatzaren 30a

Tokiko Administrazioak gida batean bildu ditu deseskalatzean udal eta kontzejuek egindako ohiko galderak

Dokumentuak erantzuna ematen dio, besteak beste, terrazen kudaketa edo aisialdiko eremuetarako sarreren arautegien gaineko zalantzei

Tokiko Administrazio eta Despopulazioaren Zuzendaritza Orokorrak aholkularitza juridikoa eskaintzen duen gida bat prestatu du Nafarroako udal, kontzeju eta mankomunitateei zuzenduta COVID-19aren izurritearen ondorioz ezarritako deseskalatze planari lotutako arautegien eguneraketekin.

‘COVID-19. Galderak eta erantzunak’ dokumentuan (gehitu esteka), toki-erakundeek deseskalatzearen lehen bi faseetan Toki Erakundeen Aholkularitza Juridiko eta Lankidetzako Zerbitzuari helarazi dizkioten gai ohikoenetako batzuk jasotzen dira; zerbitzu hori arlo juridiko, ekonomiko eta tokiko azpiegituren arloko zalantzak erantzuteaz arduratzen da.

Udalek eta Kontzejuek terrazak handitzeko edo berriak instalatzeko jasotako eskaeren aurrean nola jokatu behar duten esaten da gidan; halaber, jabari publikoa okupatzeko tasaren kudeaketaz hitz egiten da edo txikizkako saltokiei diru-laguntzak emateko aukeraz. Era berean, Udalaren eskumeneko espazio naturaletarako sarrerak eta edukiera arautzen dira; hala nola, askaldegiak, aisiarako guneak, barbakoa, e.a. Azkenik, etxabeak, lokalak eta sozietateak erabiltzea edo hilerriak bezalako udal espazioen kudeaketa erregulatzen dira.

Arlo administratiboan, lizitazioen, esleipenen eta laguntzen deialdien prozesuak berriz abian jartzeari buruzko zalantzak argitzen dira; baita ere, zerga-zorrak ordaintzeko epeak luzatzea eta udal-zergen kudeaketa, besteak beste.

Gida honen bitartez, Toki Administrazioak gehitu ditu alarma-egoera aitortu zenetik tarteka Udalei, Kontzejuei eta Administrazioei bidalitako dokumentuak, arauen eguneratze ezberdinak laburbiltzearren.