2020ko apirilaren 1a

Gobernuak 5,2 milioi euroko laguntza ematea baimendu du Tasubin SA eta Elkarkiderentzat

15 zentro okupazional finantzatzeko erabiliko dira; horietan 815 plaza daude desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonentzat

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, bi akordio onartu ditu, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (ANADP) zuzendari kudeatzaileari baimena emateko guztira 5.237.185 euroko diru-laguntza bana zuzenean emateko, hots, 2018an baino 337.185 euro gehiago, Tasubin SA eta Elkarkideri, zentro okupazionalen 2020ko proiektuetarako.

Exekutiboak baimen hori onartu du; baimenarekin martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela-eta alarma-egoera aitortzen duenak, administrazio-epeak eteteko ezarritako agindua salbuesten da, bi erakunde horiek duten izaera espezifikoa medio eta haien jarduerak desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsona hain sentikorrentzat direla kontuan hartuta. Zehazki, Errege Dekretu horretako xedapen gehigarriko 3. atalean, salbuespen hau agertzen da: “interesatua ados badago epea ez etetearekin”.

Desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonentzako 815 plazako 15 zentro okupazional

Tasubin SA enpresak 3.430.985 euro jasoko ditu desgaitasuna duten pertsonentzako zentro okupazionaletako proiektua garatzeko; Elkarkidek, berriz, 1.806.200 euro gaixotasun mentala duten pertsonentzako zentro okupazionaletako programarako. Bi erakundeek 815 bat plaza dituzte 15 zentrotan.

Zehazki, Tasubin SAk 3.430.985 euro erabiliko ditu desgaitasun intelektuala duten 600 pertsonatik gora artatzeko Nafarroako geografian zehar banatuta dituzten 11 zentro okupazionaletan: Elizondo eta Lakuntza iparraldeko zonan; Ibaiondo (San Jorge), Orkoien, Beriain eta Burlata Iruñerrian; Tafalla, Villatuerta eta Zangoza Erdialdeko zonan; eta San Adrián eta Tutera hegoaldean. Pertsona horiek artatzeko, Tasubin SAk guztira 94 profesional ditu.

Tasubin SA irabazi asmorik gabeko onura publikoko enpresa pribatua da, eta zentroetan terapia okupazionaleko zerbitzuak eskaintzen ditu, aldi baterako desgaitasunak edo desgaitasun iraunkorrak eragindako narriadura kognitibo eta funtzionala medio, lan-jardueran integratu ezin duten pertsonentzat, izan enpleguko zentro berezia edota enpresa arrunta.

Zerbitzuen artean, honako hauek eskaintzen dira: jarduera okupazionalak, prestakuntzakoak, lan-aurreko izaerakoak, ezagutza suspertzekoak, autonomia pertsonala eta garapen sozialekoak, zentro okupazionaletan artatutako pertsonen ezaugarrietara egokituta.

Elkarkideri dagokionean, gaur onartutako 1.806.200 euroko laguntzarekin, 215  plaza eskaini ahal izango ditu nahasmendu mental larria duten pertsonentzat honako hauetan kokatutako lau zentro okupazionaletan: Arantzadi (65 plaza) eta Iturramako (40 plaza) zentroak, Iruñean; Lizardi, Noainen (80 plaza); eta beste 30 plaza Tuterako Las Labradas zentroan.

Elkarkidek era guztietako zentroak eta gaixotasun mentala duten pertsonak errehabilitatzeko, errekuperatzeko eta integratzeko zerbitzuak eta programak sortu, sustatu, kudeatu eta garatzen ditu; era berean, laguntza eta aholkularitza eskaintzen die jarduera-eremu horretako erakundeei. Halaber, korporazio publikoek, elkarteek eta edozein motako erakundek garatzen duten lan zientifikoa eta terapeutikoa bultzatzen du, ikerketa-proiektuak egiteaz gain. Orobat, gizartetik baztertzeko egoeran aurkitzen diren pertsonak lan eta gizarteratzeko laguntza eskaintzen du, gaixotasun mentala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako zerbitzu guztiak emateaz gain.

Programa nahasmendu mental larria duten pertsonentzat da, bilakaera-urte dezente dituztenentzat, arreta pertsonalizatua eskatzen eta nahasmendu kognitiboa, fisikoa eta erlazionala geraraztea behar dutenentzat. Zentro okupazionaletan jarduera okupazionalak, prestakuntzakoak, lan-aurrekoak eta garapen sozialekoak egiten dira pertsona horientzat, lan-jarduera batean ezin dutelako integratu, izan enpleguko zentro berezia edota enpresa arrunta.