(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

245/1996 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzaren Sarea sortzea eta haren egitura eta antolaketa arautzen dituena

 

(1996ko 75. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 21ean)

Atarikoa

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak aldarrikatzen du IV. Tituluan beharrezkoa dela botere publikoek lehentasunezko arreta eskaintzea irakaskuntzaren kalitatearen eta hobekuntzaren alde egiten duten faktoreei eta, horien artean, 56. artikuluan azpimarratzen du etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra dela. Halaber, Legeak ezartzen du hezkuntza administrazioek prestakuntzarako behar diren iharduerak planifikatuko dituztela eta irakasleek etengabeko prestakuntzako programetan parte hartzea bultzatuko dutela. Era berean, Administrazio horien esku uzten du irakasleendako etengabeko prestakuntzako zentroak sortzea sustatzea, eta kontutan harturik Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 47. artikuluan eta irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko Estatuaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onartu zuen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan xedatutakoa, Nafarroako Gobernuari dagokio bere eskumeneko lurralde esparruan Prestakuntza Sarea antolatzeko behar diren neurriak ezartzea.

Azken hamahiru urte hauetan irakasleendako prestakuntza zerbitzuak "erakundetzen" joan dira gero eta gehiago: lehenbizi Irakasleentzako Zentroak (2112/1984 Errege Dekretua) eta geroago Irakasleentzako Laguntza Zentroak (abuztuaren 31ko 223/1990 Foru Dekretua). Pixkanaka, Nafarroako Hezkuntza Sistemaren ezaugarrietako baten izaera hartu dute, irakasleen garapen profesionalerako eta ikastetxeek eta irakasleek curriculuma ulertu eta zehazteko duten arduraz baliatzeko beharrezkoak diren erreferente eta gehigarri bilakatu baitira. Curriculumaren markoa irekia izateak eskatzen du, batetik irakasleak eta ikastetxeak ardura daitezela emandako autonomiaz baliatzen, eta bestetik Hezkuntza Administrazioak ahalegin osagarria egitea hartaz baliatzeko baldintza egokiak bermatzeko.

Era berean, urte hauetan iharduneko prestakuntzaren inguruko "kultura" moduko zerbait eraiki da, eta bereziki lagungarria izan zaizkio Irakasleen Hobekuntzako Atalak sortutako urteko Prestakuntza Planak. Plan horiek prestakuntzako eskuhartzeak proposatutako helburuen garapenera egokitzeko giltzak aurkitu eta garatu dituzte, prestakuntzarako eduki eta estrategia zehatzen bitartez.

Prestakuntza Planen ondorioak garrantzizkoak izan dira, eskualde eta ikastetxe desberdinetan irakaskuntza berriak ezartzeko baldintzak bateratu dituztelako, eta lorpen nabarmena dira Irakasleentzako Laguntza Zentroen artean beharrezkoa den koordinazioari begira. Azkenik, beste ikuspegi batez jabetzea ahalbideratu dute, azterketa eta iharduketa esparru nagusi bezala Foru Komunitatea bere osotasunean harturik, Irakasleentzako Laguntza Zentro bakoitzaren lurralde esparruaren gainetik.

Halere, azken urteotan pilatutako esperientziak egungo Prestakuntza Sarearen egitura eta antolaketa berrikustea aholkatzen digu, kontutan harturik topatutako zailtasun haundienetako bat izan dela ebaztea Sarearen funtzionamenduan agertzen ziren disfuntzioak, egitura bikoitzak, hau da, Prestakuntza Unitate Teknikoa (egitura zentrala) eta Irakasleentzako Laguntza Zentroak (egitura periferikoa), sortutakoak, ikastetxeetan egoteari eta eskualdeetan bete beharreko dinamizazio pedagogikoari, Irakasleentzako Laguntza Zentroak egoera kaskarrean utzi baititu giza eta funtzio baliabideen aldetik.

Sare berriaren definizioaren asmoa da Irakasleentzako Laguntza Zentroen ezarpena sustatu eta hobetzea atxikirik dauden eskualdeetan, ikastetxeetako presentzia bultzatu, prestakuntzako baliabideak erabiltzaileengana hurbildu, bai eta irakasleen parte hartzea eta laguntza lortzea erakunde horiek egiten dituzten prestakuntza iharduketak aurrera eramaten.

Prestakuntza Sarearen egitura berria definitzeko, behin aztertu eta ulertuta antzemandako disfuntzioak, lehentasunezko irizpidetzat hartu da giza baliabideak eta baliabide materialak hurbildu eta batzea hezkuntza eskualde eta ikastetxe ezberdinetan, horretarako Irakasleentzako Laguntza Zentroei behar dituzten baliabideak, langile zein antolaketa mailakoak, emanez.

Sarearen egitura berriak eskatzen du Irakasleen Hobekuntzako Atalak koordinazio lan kementsua egitea, Hezkuntzaren Erreforma eta Berriztapenerako Atalaren laguntzaz, ILZek sustatu eta bultzatu beharko dituzten prestakuntza eta berriztapen prozesuak aberastu eta osatzeko helburuarekin.

Halaber, onartzen da bistan dagoela ikastetxeei laguntzeko instantzia guztien arteko koordinazioa haunditu eta hobetzea beharrezkoa dela -Ikuskaritza Teknikoa, Eskola Orientazioa eta Prestakuntza-, bai eta iharduketak artikulatzen lagunduko duten eskuhartze estrategia eta ereduak sustatzea, ikastetxeen curriculum autonomia eta prestakuntza prozesuen ebaluazioa sendotzeko. Aipatutako guztiak helburu bat du: zerbitzu hauen eskuhartzeak irakasleen eta irakaskuntza taldeen prestakuntza, aholkularitza eta laguntza beharretara hobeki egokitzen direla ziurtatzeko, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko xedeaz, beti ere.

Irakasleendako Laguntza Zentroen garapen instituzionalak eta etengabeko prestakuntzako politika egokiak eskatzen dute Irakasleentzako Laguntza Zentroek Pedagogi Proiektu bat edukitzea, bertan adieraziko direlarik prestakuntzako eskuhartzeak gidatuko dituzten hezkuntza eta lanbide aukerak. Pedagogi proiektua prestakuntza eta aholkularitzarako hartuko den ereduaren definizioa eta hari buruzko eztabaidarako gunea da, eta ikastetxe horien garapen instituzionalean laguntzen du.

Era horretan, Irakasleentzako Laguntza Zentroak, Sarearen berrikuspenaren eta berrantolaketaren emaitza direnak, ikastetxeetan curriculuma garatzeko eta garapen profesionalerako irakaskuntzako langileek dituzten eta bidezkoak diren asmoetarako laguntzan garrantzizko papera jokatuko duten instantziak bezala ikusten dira. Horixe da ondotik zehazten diren funtzio multzo haundiak atxikitzeko arrazoia:

-Irakasleen Hobekuntzako Atalak ezarriko dituen orientabide eta prozeduren barruan Nafarroako Foru Komunitateko Prestakuntzako urteko Plana prestatzea.

-Foru Komunitateko prestakuntza planak garatzea, prestakuntzako eskuhartzeen testuingurua irakasle eta ikastetxeendako gero eta autonomoagoak izanen diren prestakuntza prozesuak sustatzeko ildoan kokatuz. Prestakuntzako prozesu hauek hezkuntzako praktikarekin lotuta dauden arazoak identifikatu, ulertu eta konpontzean oinarritu beharko dira.

-Aholkularitza eta laguntza zuzena ematea irakasle eta irakaskuntzako taldeei, bai eta ikastetxeetako unitate espezializatuei ere, Hezkuntza eta Curriculum Proiektuak prestatu eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko lanetan, alderdi orokorrei zein biltzen dituzten programazio didaktikoei dagokienez.

-Laguntza, baliabide didaktikoen zentroak diren aldetik: informazioa eta aholkularitza ikastetxeetako curriculumen garapenerako materialen eta iturri dokumentalen erabileran; materialak prestatu eta zabaltzea; azterketa eta laguntza, irakasleek material didaktiko eta kurrikularrak presta eta berregin ditzaten eta berrikuntza didaktiko guztien berri zabaltzea.

-Hezkuntza eta gizarte mailako dinamizazioa. Funtzio hau are nabarmenagoa da curriculumaren markoa irekia denean eta irakasleen arteko trukaketa eta aberastea bultzatzeko asmoarekin, ikastetxe bakoitzaren lorpen eta ezaugarri berezietatik abiatuta. Horrez gain, herri txikietako irakasleek bizi duten egoera, sakabanaketa eta isolamendua, alegia kontutan harturik, Irakasleentzako Laguntza Zentroek funtzio garrantzizkoa bete behar dute topaleku gisa, eskolako eta eskolaz kanpoko hezkuntza prozesuak koordinatzeko eta programa espezifikoak garatzen laguntzeko gune bezala eta, oro har, hezkuntza eta kultura arloetako ekimenak bultzatzeko tokitzat harturik.

Arestian aipatutakoarekin bat, Prestakuntza Sare berri bat sortzea proposatzen da, langile, antolaketa eta material aldetik behar adinako baliabide izanen duten Irakasleentzako Laguntza Zentroek osatua, eta Irakasleen Hobekuntzako Atalak koordinatua.

Hori horrela, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren hamazazpian eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat.

Dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Dekretuaren xedea

1. artikulua

1. Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Sarea sortu eta haren egitura eta antolaketa arautzea.

2. Irakasleendako Etengabeko Prestakuntzako Sarea honakoek osatuko dute: Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari atxikirik dagoen Irakasleen Hobekuntzako Atala, Irakasleentzako Laguntza Zentroak eta haien Hedapenak, eta Jarraipenerako Batzorde Teknikoak.

3. Irakasleentzako Laguntza Zentroak (ILZ) Hezkuntza Administrazioak ihardunean dauden irakasleen prestakuntzarako aurrikusi dituen lehentasunezko erakundeak dira, irakasle horiek Unibertsitate aurretiko mailetan aritzen badira, erregimen orokorreko zein bereziko irakaskuntzetan. Ulertzen da zentro hauen lehentasunezko izaerak ez duela esan nahi Unibertsitateek eta beste erakunde, enpresa edo etengabeko prestakuntzako ihardueretan espezializaturik dauden zentro batzuek ez dutela parte hartuko, zehaztuko diren baldintzetan.

4. Irakasleentzako Laguntza Zentroek irakasleen elkartze profesionala sustatuko dute partaidetza eta lankidetza markoan. Dagozkien lanak beteko dituzte, ikastetxea bultzatuko diren prestakuntza prozesuak egituratuko dituen ardatzatzat harturik.

2. artikulua

Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Urteko Plana prestatuko du ikasturte bakoitzerako.

Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Urteko Plana da Nafarroako Irakasleendako Etengabeko Prestakuntzako Sareak eginen dituen iharduera guztiak orientatu eta koordinatzen dituen oinarrizko tresna. Prestakuntza Plan horrek erantzuna emanen die irakasleek prestakuntza iraunkorrari dagokionez dituzten beharrei eta irakaskuntza berriak ezartzeari zuzenean loturiko beste batzuei, ikastetxea prestakuntza hori egituratuko duen ardatzatzat harturik. Era berean, irakasleen garapen profesionalerako prestakuntzako aukerak eskaini beharko ditu.

Irakasleen Hobekuntzako Atalari dagokio Urteko Prestakuntza Plana prestatzea, horretarako egokitzat jotzen dituen plana eta prozedura ezarriko dituelarik.

II. KAPITULUA. Irakasleentzako Laguntza Zentroak

3. artikulua

Irakasleentzako Laguntza Zentroak Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko Irakasleen Hobekuntzako Atalari atxikiak egonen dira.

Irakasleentzako Laguntza Zentro bakoitzak zehaztuko den alde geografikoan beteko du bere lana, gainerako Irakasleentzako Laguntza Zentroekiko erantzukizunkidetasun eta osagarritasun irizpideetan oinarritua. Zentro hauetako bakoitzaren atxikipen aldea Nafarroako Foru Komunitatearen barruan Hezkuntza Planifikazioaren ondorioetarako dauden Hezkuntza Barruti batek edo batzuek osatuko dute. Salbuespen gisa, Irakasleentzako Laguntza Zentro bati Hezkuntza Barruti osatugabe bat atxiki ahalko zaio.

Aurrekoaren kaltetan joan gabe, Prestakuntza Sareak aurrera eramanen dituen prestakuntza/aholkularitza ekintzek eskatu ahalko dute Laguntza Zentro zehatz bati atxikiriko aholkulariak beste Irakasleentzako Laguntza Zentro bati edo batzuei dagokion aldean aritzea, aipatutako osagarritasun irizpide hori dela eta.

Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuari dagokio Irakasleentzako Laguntza Zentroak eta haien luzapenak sortu, kendu, antolatu eta arautzea, bai eta aldeei atxikitzea ere.

4. artikulua

Ondokoak izanen dira Irakasleentzako Laguntza Zentroen eginkizunak:

-Egiten dituzten ihardueretan irakasleen eta ikastetxeen parte hartzea sustatu eta haiekin behar diren loturak ezartzea, iharduketa planetan ikastetxeen ekimenak, prestakuntza eta hezkuntza berriztapeneko prozesuekin lotutakoak, sartzeko bide eman dezaten.

-Nafarroako Hezkuntza Sistemaren lehentasunak edo helburuak kontutan harturik prestakuntza beharrak aztertzea, bai eta ikastetxeek eta irakasleek garatzen dituzten curriculum prozesuen inguruan ematen dituzten datuak ere.

-Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Planaren prestaketan ardura konpartitua hartzea, Irakasleen Hobekuntzako Atalak ezarriko dituen orientabide eta prozeduren markoaren barruan, eta Urteko Plan hori garatzea, Prestakuntza Sarearen oinarrizko irizpidea, osagarritasunarena, kontutan harturik, funtzionaltasun handiagoa lortzeko.

-Ikastetxeei Autonomia kurrikularra erabiltzeko ahalbideratuko duten laguntzak ematea, ikastetxeen beharretara egokiturik dauden prestakuntza eskuhartzeak garatuz Hezkuntza eta Curriculum Proiektuak prestatu, garatu eta ebaluatzeko prozesuan.

-Hezkuntza berriztapena eta ikerkuntza sustatzea, eta bai halaber esperientzia pedagogiko eta didaktikoen zabalkundea eta trukaketa.

-Irakasle lanerako eta hezkuntza berriztapenerako lagungarri izanen diren baliabide didaktiko eta dokumentalak kudeatu eta prestatzea, eta irakasleek IPZan hezkuntzaren inguruan dagoen informazioa eta dokumentazioa eskura dezaten erraztea.

-Urteko Prestakuntza Planen garapenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, hezkuntzaren arloko beste instantzia batzuekin batera, Komunitateko prestakuntzarako urteko plangintzan aintzakotzat hartu eta iharduketa planen definizio berria egiteko.

Irakasleek, IPZ bakoitzaren Prestakuntza Kontseiluan parte hartuz, prestakuntzaren plangintzan eskuhartzen dutela bermatzea.

-Hezkuntza administrazioak, atxikipen Zerbitzuari dagozkionen artean, haien esku utzitako beste edozein.

5. artikulua

Irakasleentzako Laguntza Zentroetan ondokoak izanen dira haren eraginpeko aldeko irakasleen parte hartze eta gobernu organoak:

1. Zuzendari bat, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak izendatua, Nafarroako Gobernuaren menpeko irakasleen artean, funtzionario edo lan kontratatu finkoak, merezimenduzko lehiaketa irekiaren bidez hautatua.

Laguntza Zentroetako zuzendariak urtebeterako izendatuko dira hasiera batean zerbitzu eginkizunetako araubidean. Izendapen hau amaiturik betetako lanaren ebaluazioa eginen da, zehaztuko diren baldintzetan. Ebaluazioaren emaitza positiboa baldin bada izendapena berritu eginen da, zerbitzu eginkizunetan berriz, hiru urtetarako. Bigarren izendapen hau akiturik, beste ebaluazio bat eginen da, eta hau ere positiboa bada, izendapena luzatuko da beste hiru urtetarako zerbitzu eginkizunetan.

Hirugarren izendapena ere akiturik, haien lanpostuetara itzuli beharko dira, gutxienez bi urtetarako Irakasleentzako Laguntza Zentro bateko zuzendaritzan edo aholkularitzan berriz aritu ahal izateko.

Laguntza Zentro bateko zuzendaritzarako izangairik ez balego edo izangaiek deialdian eskatutako gutxieneko merezimenduak beteko ez balituzte, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak behin-behineko zuzendaria izendatuko luke urtebeterako.

2. Talde Pedagogikoa, zuzendariak eta Irakasleentzako Laguntza Zentroko aholkulariek osatua. Irakasleentzako Laguntza Zentro bakoitzari dagozkion aholkularien kopurua eta izaera Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak zehaztuko ditu. Aholkularien hautaketa merezimenduzko lehiaketa irekirako deialdiaren bidez eginen da.

3. Zentroko Prestakuntza Kontseilua, ondoko kide hauek osatua:

a) IPZko zuzendaria, kontseiluburu arituko dena.

b) Irakasleentzako Laguntza Zentroko Talde Pedagogikoa. Aholkularien kopurua zazpitik gorakoa izanez gero, Talde Pedagogikoa batzorde batek ordezkatuko du: gehienez ere zazpi aholkularik osatua eta bertan ordezkaturik egonen direlarik Irakasleentzako Laguntza Zentro horren ardurakoak diren Hezkuntzako Etapa eta Modalitate guztiak. Batzorde hau Irakasleentzako Laguntza Zentroko zuzendariak izendatuko du, Talde Pedagogikoak proposaturik. Izendapenari ezin izanen zaio uko egin eta ikasturte osoa iraunen du.

c) Irakasleentzako Laguntza Zentroaren esparru geografikoari dagozkion ikastetxeetako Koordinazio Pedagogikorako Batzordeen ordezkariak, gehienez ere hamar.

6. artikulua

Irakasleentzako Laguntza Zentroko zuzendariak ondoko eginkizun hauek izanen ditu bere esku:

-Zentroaren ordezkari ofiziala izatea.

-Zentroaren iharduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kudeatzea, Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseiluaren eta Talde Pedagogikoaren eskumenen kaltetan joan gabe.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseiluaren bilkuretarako dei egin eta haren buru aritu, eta Talde Pedagogikoa koordinatzea.

-Aholkularien lana koordinatu eta zuzentzea eta haien ardurapean egonen diren ikastetxeak atxikitzea.

-Aholkularien egin beharrak eta lan egutegia planifikatzea, Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Proiektu Pedagogikoa eta iharduketarako Urteko Plana prestatu eta aurrera eramateko.

-Ikastetxearen barne funtzionamendurako arauak eta Irakasleen Hobekuntzako Atalak ezarritakoak bete eta betearaztea.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroko urteko aurrekontua prestatu eta betetzea, horretarako Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak emanen dizkion kredituen barruan.

-Zentroaren kudeaketa administratiboa, ekonomikoa eta inbentariokoa egitea.

-Prestakuntza iharduerak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak, likidazioak eta prestakuntza ihardueretatik heldu diren gastuetarako baimenak luzatzea.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroak material didaktikoetan eta ekipamenduan dituen beharren aurrean proposamenak egin eta Irakasleentzako Laguntza Zentroak Kudeatu eta Koordinatzeko Unitate Teknikora igortzea.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroari atxikitako langileen burutza betetzea.

-Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak haren esku utzitako beste edozein.

7. artikulua

Talde Pedagogikoa zuzendariak eta Irakasleentzako Laguntza Zentroaren plantilakoak diren aholkulariek osatutako organoa da. Ondokoak dira haren eginkizunak:

-Proiektu Pedagogikoa prestatzea Zentroko Prestakuntza Kontseiluarekin batera.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroaren iharduketa Plana prestatzea, haren esku dituen eginkizunak betetzeko.

-Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Planaren barruan haren esku utzitako iharduera guztiak koordinatu eta ebaluatzea.

-Urteko Prestakuntza Planean aurrikusirik ez dauden ihardueretarako proposamenak aztertu eta horien gaineko irizpena ematea, baita Irakasleentzako Laguntza Zentroari atxikitako mintegi, lan talde eta ikastetxeetako proiektu, memoria eta hezkuntza esperientziak ere.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Barne Araubideko Erregelamendua prestatzea.

-Zentroaren Urteko Memoria egitea.

-Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Plana prestatzeaz arduratzea besteekin batera, Irakasleen Hobekuntzako Atalak antolaketarako aurrikusitako egituren bidez.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroaren esku utzitako eginkizunak behar bezela betetzeko haren esku utziko den beste edozein.

8. artikulua

Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseilua irakasleen ordezkariek dagokien Laguntza Zentroan parte hartzea bideratzen duen organoa. Eginkizun hauek izanen ditu:

-Talde Pedagogikoari ematea ikastetxeetako irakaskuntza taldeek somatutako prestakuntza beharren berri.

-Zentroko Proiektu Pedagogikori buruzko irizpena eman eta hura onartzea.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroak prestatuko dituen prestakuntza proposamenak baloratzea.

-Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Planaren balorazioa egitea, bai eta hura Irakasleentzako Laguntza Zentroaren eraginpeko aldean garatzeko baldintzena eta exekuzioarena ere.

9. artikulua

Irakasleentzako Laguntza Zentroek Proiektu Pedagogikoa prestatu beharko dute, eta horretan zehaztu iharduketa irizpideak eta Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Iharduketa Planak, epe ertainean eta luzean, gidatuko dituzten prozedurak.

Proiektu Pedagogikoa izanen da Talde Pedagogikoaren kideek sustatzen diren prestakuntza prozesuei zentzua emateko egin beharko duten hausnarketarako erreferentea eta gunea. Hausnarketa egin eta erabakiak hartzeko esparru honek aholkularien ekintza zehatz eta partikularrak gainditzera behartzen du, arrazoitu, esanahia eman eta ebaluaziorako balioko duen marko zabalago baten barruan.

Proiektu Pedagogikoa Talde pedagogikoak prestatuko du, eta horretarako kontutan hartuko ditu Hobekuntza Atalak emandako orientabideak eta Zentroko Prestakuntza Kontseiluak egin ditzakeen ekarpenak, IPZko Talde Pedagogikoak eta Prestakuntza Kontseiluak batera bultza dezaten proiektuaren eta Iharduketa Planaren arteko artikulazioa, azken honetaz biak arduratzen baitira.

Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseiluari dagokio Proiektu Pedagogikoa onartzea.

Proiektu Pedagogikoaren barruan, gutxienez, alderdi hauek sartuko dira:

-Iharduketa esparruaren azterketa, irakasleen eta ikastetxeen ezaugarriak biltzen dituena, bai eta Zentroaren iharduketa aldeko baliabideak eta prestakuntzako eskuhartzeei koherentzia emanen dieten iharduketa irizpideak ere. Prestakuntzako eskuhartze horiek aholkulariek beren prestakuntza lanari buruz egin beharreko hausnarketaren eta balorazio kritikoaren emaitza izanen dira.

-Erakundearen helburuei, epe ertainean eta luzean, erantzunik egokiena emanen dieten helburuak eta iharduketa ildoak, aldi berean une bakoitzean lehentasun eta estrategia egokiak zehazteko bidea ematen dutenak.

-Barne antolaketarako modu berezkoak, Irakasleen laguntza Zentroaren Proiektu Pedagogikoa prestatu eta haren berrikuspen kritikoa egitera bideratutako lanak definitu eta garatzen direla ziurtatzen dutenak.

-Zentroaren Barne Araubideko Erregelamendua.

-Erakundearen ebaluaziorako eredua.

10. artikulua

Irakasleentzako Laguntza Zentro bakoitzean Barne Araubideko Erregelamendu bat egonen da, Zentroaren Proiektu Pedagogikoaren barruan sartuko dena.

-Barne Araubideko Erregelamendua Talde Pedagogikoak prestatuko du, eta ondoren IPZko Prestakuntza Kontseiluari emanen dio, honek onar dezan. Hura prestatzeko oinarriak izanen dira Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak Irakasleentzako Laguntza Zentroen funtzionamendurako araubideari buruz ezarriko duen arautegia eta Irakasleen Hobekuntzako Atalak emandako jarraipideak, Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseiluak egin ditzakeen ekarpenak ere kontutan hartu ahal direlarik.

Barne Araubideko Erregelamenduak, besteak beste, alderdi hauek hartuko ditu:

-Talde Pedagogikoaren antolaketaren egitura, Proiektu Pedagogikoak emandako ildoen jarraipena erraztuko duten funtzionamendu pauta egonkorren arabera.

-Lan eta harremanen artikulazioa organo kolegiatu ezberdinen artean, haien arteko koordinazioa ziurtatu eta funtzionamendua sistematizatuko dutenak, bereziki Proiektu Pedagogikoa prestatzeko prozesuekin lotutako alderdian.

-Ordutegiak prestatzeko irizpideak, prestakuntza iharduerak garatu, informazio orokorra, baliabideak antolatu eta zerbitzuak eman eta erabiltzearen inguruan.

-Haren esparruko ikastetxeekiko eta irakasleekiko harremanetarako mekanismo egonkorrak, bai eta erakunde publiko eta pribatuekiko ere.

-Aholkularien parte hartzea sortu ahal diren eta Laguntza Zentroa bera baino zabalagoak diren lurralde esparruetan eragina izanen duten lan taldeetan, Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Plana prestatu eta aurrera eramateko, eta halaber iharduketa bereziak kontrastatu eta ebaluatzeko.

-Zenbait aholkularik beste Irakasleentzako Laguntza Zentro batzuetan aritu ahal direla aurrikustea, zentro horiek aholkulari mota zehatz bat ez dutelako, edo aholkulari horietakoren batek, lanpostuaren definizioagatik, bere Irakasleen laguntza Zentroa baino zabalagoa den iharduketa esparrua duelako.

11. artikulua

Irakasleentzako Laguntza Zentroek Iharduketa Plan bat prestatuko dute. Irakasleentzako Laguntza Zentroko Talde Pedagogikoari dagokio plan hori prestatzea eta Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseiluari hura onartzea.

Iharduketa Plana egiteko, Irakasleentzako Laguntza Zentroek kontutan hartuko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Plana eta Irakasleen Hobekuntzako Atalak emanen dituen norabideak.

Ikasturte amaieran, Irakasleentzako Laguntza Zentroek ikasturtean zehar egindako iharduera bildu eta baloratu duen memoria bat prestatuko dute. Memoria hori Talde Pedagogikoak eginen du eta Irakasleentzako Laguntza Zentroko Prestakuntza Kontseiluak onartuko.

Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak Irakasleentzako Laguntza Zentroen funtzionamendurako araubideari buruz ezarriko duen arautegian jarraipideak emanen dira Iharduketa Planaren eta ikasturte amaierako Memoriaren edukiari eta prestatzeko epeari buruz.

12. artikulua

Prestakuntzako baliabideak ikastetxeetara hurbiltzeko helburuaz, Irakasleentzako Laguntza Zentro baten eraginpeko alde geografikoak Laguntza Zentro horren Hedapenaren izaera hartu ahalko du.

Hedapenak, dauden kasuetan, zein Irakasleentzako Laguntza Zentrori dagozkion, organikoki horren menpe egonen dira. Beraz, haren iharduerak bat etorriko dira dagokien Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Proiektu Pedagogikoarekin eta horren Iharduketa Planean sartuko dira. Aholkulari bat atxikiko zaie, dagokion aldean arituko dena eta Hedapena bere menpean hartzen duen Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Talde Pedagogikoko kide izanen dena.

Hedapenak sortu edo kentzeko eskaera dagokion Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Jarraipenerako Batzorde Teknikoak eginen du, Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari zuzendua. Sortzeko proposamenarekin batera, horretarako beharra, haren ardurapean hartuko lukeen alde geografikoa, beharko diren giza baliabide eta baliabide materialen aurrikuspena, eta kokapen fisikorako proposamena aztertuko dituen lan bat aurkeztuko da. Proposamena kentzekoa izanez gero, kentzea bidezkoa egiten duten arrazoiak erantsiko zaizkio.

III. KAPITULUA. Prestakuntzaren Jarraipen eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa

13. artikulua

1. Irakasleentzako Laguntza Zentro guztien esparruan osatuko da Batzorde Tekniko bana, zeinen eginkizun nagusia Prestakuntza Planen jarraipena eta ebaluazioa: hasierako, prozesukoa eta laburpenekoa, bermatzea izanen baita. Aipatutako eginkizuna behar bezala betetzeko Jarraipenerako Batzorde Teknikoak hainbat ordezkari bilduko ditu bere barruan: Zerbitzuak Ikuskatu eta Ikuskapen teknikorako Zerbitzukoak, alde horretako Eskola Orientabideko taldeena eta Irakasleen laguntza Zentroaren Talde pedagogikoarenak, hauen artean zuzendaria egotea ezinbestekoa izanik.

2. Prestakuntzaren Jarraipen eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoek eginen duten lana baliagarria izan behar du Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuak eta Zerbitzuak Ikuskatu eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ziurtatu dezaten haien eskuhartzeak hobeki egokitzen direla ikastetxeen eta irakasleek curriculuma garatzeko prozesuetan edukitzen dituzten beharretara. Ondorioz, Batzorde Tekniko hauen iharduerak bi Zerbitzuen artean koordinaturik planifikatu eta garatuko dira, eta zerbitzuen lan planek planifikazio eta garapen horiek aurrikusiko dituzte.

3. Jarraipen Batzorde Teknikoa ondoko hauek osatuko dute:

a) Ikuskatzaile bat, Zerbitzuak Ikuskatu eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak izendatua, batzordeburu arituko dena.

b) Zentroko Talde Pedagogikoa. Aholkularien kopurua lautik gorakoa baldin bada, IPZko zuzendariak, Talde Pedagogikoak proposaturik, gehienez lau aholkulariren ordezkaritza izendatuko du. Horiek, IPZko zuzendariarekin batera, Batzorde Teknikoko kideak izanen dira. Izendapen horri ezin izanen zaio uko egin eta ikasturte osoa iraunen du.

c) Irakasleentzako Laguntza Zentroaren esparru geografikokoa den orientatzaile bat. Batzordeburuak bi orientatzaileren izendapena proposatu ahalko luke Batzorde horretan sartzeko, IPZaren tamaina edo konplexutasuna dela eta komenigarria izanez gero.

4. Batzordearen iharduketa esparruak arlo hauek hartuko ditu:

a) Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Planaren planifikazioa eta garapenaren ebaluazioa.

b) Ikastetxeei gaitasun kurrikularraz baliatzen eta irakaskuntza-ikasketa prozesuak hobetzen laguntzen dieten faktoreak zein diren zehaztea.

c) Zentroetan eskuhartzen duten agenteen koordinazioa:aholkulariak, orientatzaileak eta ikuskatzaileak.

5. Ondoko hauek izanen dira Jarraipenerako batzorde Teknikoak beteko dituen eginkizunak:

-Irakasleen Prestakuntzarako Plana dagokion aldeko esparruan planifikatu eta garatzeko prozesua berrikustea, bai eta Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Iharduketa Plana ere, eta Irakasleen Hobekuntzako Atalera proposamenak igortzea.

-Irakasleen prestakuntza beharrak aztertu eta Prestakuntza planak horietara egokituta dauden baloratzea.

-Ikastetxeek daramaten hezkuntza praktikan prestakuntzak duen eragina baloratzea, bai praktika honi itxura ematen zaion esparruetan bai garatzen den ikasgeletan beraietan.

-Prestakuntza Planen helburuak lortzen eragina duten edo izan dezaketen elementuak edo faktoreak zein diren zehaztea.

-Ikastxeendako kanpoko laguntzen koordinazioa ziurtatzea.

-Eskatzen den informazioa igortzea Zerbitzuak Ikuskatu eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza berriztatzeko Zerbitzura, haien iharduketak artikulatzeko ikastetxeetan.

-Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari proposatzea Irakasleen laguntza Zentroaren Hedapenak sortu edo kentzeko.

14. artikulua

Jarraipenerako Batzorde Teknikoak IPZaren eraginpeko aldeko dinamizaziorako, gizarte zein hezkuntza mailakoa, lagungarri izanen diren prestakuntza/informazio iharduerak bultzatu ahalko ditu eta Irakasleentzako Laguntza Zentroari proposatu.

15. artikulua

Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak aholkulari tekniko bereziak izendatu ahalko ditu hezkuntza administrazioak prestakuntza eta berriztapenaren alorretan planifikatutako programa espezifikoak eta iharduera zehatzak bultzatu eta koordinatzeko, horiek garatzeko behar den denborarako. Aholkulari tekniko hauek bateragarri egin ahal dituzte haien ikastetxeko lana eta prestakuntza sareak antolatu eta koordinatutako lanak, Irakasleentzako Laguntza Zentroekin eta Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari atxikiriko Unitate Teknikoekin elkarlanean, haien esku utzitako ihardueretan, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak ezarriko dien ordutegiarekin.

IV. KAPITULUA. Prestakuntza Sarearen aholkulariak

16. artikulua

Irakasleentzako Laguntza Zentroetako Aholkularien hautaketa merezimenduzko lehiaketa irekiaren bidez eginen da, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuari atxikirik dauden eta hezkuntzako maila ez-unibertsitarioetan lanean aritzen diren irakasleen artean, funtzionario edo lan-kontratatu finkoak direla. Eskola orientatzaileak ere, Nafarroako Gobernuko funtzionarioak edo lan-kontratatu finkoak badira, aholkularitza lanak betetzeko hautatuak izan ahalko dira, deialdian espreski hala adierazten den aholkularitzen kasuan.

Prestakuntza Sarearen aholkulariak urtebeterako izendatuko dira hasiera batez, zerbitzu eginkizunetan. Izendapena amaituta, ihardunaren ebaluazioa eginen da deialdian ezarriko diren baldintzetan. Ebaluazio positiboa eskuratzen duten aholkulariak beste hiru urtetarako izendatuko dira zerbitzu eginkizunetan.

Lau urte horiek iraganik beste ebaluazio bat eginen da. Emaitza positiboa baldin bada berriz luzatuko da izendapena beste hiru urtetarako zerbitzu eginkizunetan.

Azken izendapen hau akiturik haien lanpostuetara itzuli beharko dira, gutxienez bi urtetarako, Irakasleentzako Laguntza Zentro bateko zuzendaritzan edo aholkularitzan berriz aritu ahal izateko.

Aholkularitza lanak betetzeko hautatutako funtzionarioak eta lan-kontratatu finkoek beren mailari dagozkion oinarrizko lansariak, irakaskuntza lanpostuagatik osagarri espezifikoa eta dagokien lanpostuagatiko osagarria jasoko dituzte.

17. artikulua

Prestakuntza aholkularien eginkizunak ondoko hauek izanen dira:

-Foru Komunitateko Prestakuntzarako Urteko Plana prestatu, garatu, kudeatu eta ebaluatzen parte hartzea.

-Ikastetxeei laguntza eta aholkularitza eskaintzea Nafarroako Foru Komunitateko Prestakuntzarako Urteko Planean eta Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Iharduketa Planean zehaztuko den moduan.

-Material didaktikoak egin eta zabaltzea, eta Irakasleentzako Laguntza Zentroaren dokumentu basea hornitu erregistro dokumentalak sortuz.

-Sarearen funtzionamendua koordinatua izan dadin eta autoprestakuntza prozesuak sustatzeko helburuak dituzten lan batzorde guztietan parte hartzea.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroaren kudeaketan, administrazio zein antolaketa mailakoan, laguntzea.

-Irakasleentzako Laguntza Zentroaren Prestakuntza Kontseiluko kideak izatea, eta Talde Pedagogikoa ordezkatzeko hautatuak izanez gero, Jarraipenerako Batzorde Teknikoko kideak ere.

-Hezkuntza Administrazioari laguntza eta aholkularitza ematea curriculumaren garapenaren inguruko gaietan.

-Irakasleen Hobekuntzako Atalari dagokion eginkizunen artean haien esku utzitako beste edozein.

18. artikulua

1. Lehiaketetan, deialdian ezarritako baremoaren arabera, baloratuko da pertsonaren ezaugarriak lanpostuarenetara egokitzen diren, bai eta merezimenduak, lanbide curriculuma eta Administrazio Publikoetan egiazki emandako zerbitzuak. Deialdiaren oinarrietan sartu ahalko dira elkarrizketa pertsonala egin eta baloratzea, lehiatzaileek prestakuntza ikastaro bat gainditu beharra eta eskatzen den lanpostuari buruzko proiektu edo lan memoria bat aurkeztu beharra.

Haien eraginpeko aldean euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten Ikastetxeak dituzten Irakasleentzako Laguntza Zentroen kasuan, izangaiei eskatu ahalko zaie, edo baloratu behintzat, euskaraz behar bezala eta behar beste jakitea, indarra duten arauen barruan.

2. Deialdiek, gutxienez, ondoko zehaztapen hauek bildu beharko dituzte:

-Lehiatzaileek bete beharreko baldintzak.

-Deialdiaren xedea diren lanpostuen zehaztapena.

-Lanpostuen ezaugarriak.

-Hautapenerako merezimenduak, horiek egiaztatzeko ziurtagiriak eta hautapena egiteko baremoa.

-Eskabideak aurkezteko epea, gutxienez hamabost lanegunekoa.

V. KAPITULUA. Lankidetza hitzarmenak

19. artikulua

Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak, behar izanez gero, lankidetza hitzarmen edo akordio berariazkoak izenpetu ahalko ditu Unibertsitateekin, eta beste Entitate edo Erakunde batzuekin, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzaren arloko Programak eta iharduerak egiteko.

VI. KAPITULUA. Irakasleen Prestakuntzarako Nafarroako Kontseilua

20. artikulua

1. Nafarroako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Urteko Plana gainbegiratu eta hari buruzko irizpena emateko Irakasleen Prestakuntzarako Nafarroako Kontseilua sortu da.

2. Irakasleen Prestakuntzarako Nafarroako Kontseiluko burua Hezkuntza zuzendari nagusia izanen da, eta ondoko kide hauek osatuko dute:

-Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

-Zerbitzuak Ikuskatu eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria.

-Euskara Zerbitzuko zuzendaria.

-Hezkuntzaren Erreforma eta Berriztapen atalburua.

-Irakasleen Hobekuntza atalburua.

-Hezkuntzaren Sustapen eta Luzapen atalburua.

-Lanbide Heziketako atalburua.

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren irakasleen batzordeak egindako proposamen loteslearen bidez hautatutako lau kide.

-Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak hari atxikitako langileen artean izendatutako idazkari bat.

21. artikulua

Irakasleen Prestakuntzarako Nafarroako Kontseiluaren eginkizunak ondokoak izanen dira:

-Nafarroako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Urteko Plana prestatzeko irizpideak baloratu eta proposatzea.

-Irakasleen Prestakuntza Atalak Etengabeko Prestakuntzako Urteko Planerako egindako proposamenari buruzko iritzia eman eta Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariari igortzea, honek onetsi ala ez erabakitzeko.

-Nafarroako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Urteko Planaren ebaluazioaren inguruko datuak ezagutu eta egiaztatzea.

-Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak haren esku utzitako beste edozein.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria

Abuztuaren 31ko 223/1990 Foru Dekretuaren bidez sortutako Irakasleentzako Laguntza Zentroak eta haien luzapenak desagertarazten dira, Foru Dekretu honen lehenbiziko xedapen iragankorrean xedatutakoaren kontra joan gabe.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honen bidez desagertarazitako Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta haien Hedapenen ondasun inbentariagarri eta material guztiak Foru Dekretu hau garatzeko sortuko diren Irakasleentzako Laguntza Zentroei atxikiko zaizkie ezarriko diren baldintzetan.

Lehenbizikoa Xedapen Iragankorra

Abuztuaren 31ko 223/1990 Foru Dekretuaren bidez sortutako Irakasleentzako Laguntza Zentroek zerbitzuak ematen segituko dute dagokien lurralde esparruan Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak Irakasleentzako Laguntza Zentroen sare berria eta haien eraginpeko aldeak ezarri arte.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendariak zerbitzu eginkizunetan izendatuko ditu Nafarroako Gobernuaren zerbitzuko funtzionario edo lan kontratatu finkoak diren irakasle edo eskola orientatzaileak, lanpostuak merezimenduzko lehiaketa irekiaren bidez bete arte.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Irakasleen Prestakuntzarako Nafarroako Kontseilua osatzen ez den bitartean Irakasleen Prestakuntza Kontseiluak beteko ditu haren eginkizunak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Irakasleen Prestakuntza Kontseilua eta Irakasleentzako Laguntza Zentroak sortu eta haien funtzionamendua arautu zuen abuztuaren 31ko 223/1990 Foru Dekretua indarrik gabe gelditu da. Era berean, Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontra doan lerrun bereko edo baxuagoko arau oro ere indarrik gabe gelditu da.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu honetan xedatutakoa aplikatu, garatu eta betetzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa