(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

8/2015 Foru Agindua, otsailaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ...

8/2015 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 4KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN HAUR HEZKUNTZAKO BIGARREN ZIKLOKO ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IKASKETAK EGIN BEHAR DITUZTEN IKASLEAK IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA PRIBATU ITUNDUETAN ONARTZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK ONESTEN DITUENA

( 2015eko 26. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 9an)

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen du. Horren arabera, beharrezkoa da jarduketa egutegia ezartzea eta aipatutako foru dekretuak behar dituen prozedurari buruzko alderdiak garatzea.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokian tokiko eskolatze batzordeak eratu eta arautzen dituen maiatzaren 9ko 40/2011 Foru Dekretuak ezartzen du aipatu dekretu horretan ezarritako lehentasunezko irizpideak gainbegiratu egin behar direla eta, hala behar denean, onarpen prozesuko oinarri arautzaileetan ezartzen diren irizpide osagarriak behar bezala ezartzen diren gainbegiratu behar dela.

Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, foru agindu honek ikasle horientzako ikaspostuak gorde beharra ezartzen du.

Ikasle bat ikastetxe publiko batean edo pribatu itundu batean matrikulatzean, ez da inoiz ere bereizkeriarik eginen jatorriagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edo gainerako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik. Horretaz gainera, matrikulazioak berarekin dakar ikastetxearen hezkuntza proiektua errespetatzea, ikasleei eta haien familiei indarra duten legeetan aitortzen zaizkien eskubideak ukatu gabe.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

Artikulu Bakarra. Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak onestea.

Foru agindu honen eranskineko oinarriak onesten dira.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Hezkuntza Departamentuaren eskumenak.

Foru agindu honen eranskineko oinarrietan Hezkuntza Departamentuaren esku uzten diren eskolatze eginkizunak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Eskolatze Arloak kudeatuko ditu.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetzen da Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 23ko 235/2011 Foru Agindua. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak onetsi ziren.

ERANSKINA. Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak

1. oinarria. Prozedura.

Ikasleak onartzeko prozedura apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1., 2., 4. eta 5. ataletan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatez kanpoko irakaskuntza ematen duten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak onetsi ziren.

2. oinarria. Baremazioa eta onartzeko irizpideak.

1. Baremazioa aipatu foru dekretuaren II. kapituluan ezarritakoaren eta aplikatu beharreko oinarrizko araudiaren arabera eginen da, bai eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokian tokiko eskolatze batzordeak eratu eta arautzen dituen maiatzaren 9ko 40/2011 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren irizpide osagarrien arabera ere.

2. Familia unitatearen per capita errenta baremo honen arabera baloratuko da:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 1,5 puntu.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa eta soldata horren hiru laurdenak edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 1,0 puntu.

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenak baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 0,5 puntu.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada, puntuazio hau emanen da: 0 puntu.

3. Legeen arabera familia ugaria bada, puntu bat emanen da, ondokoarekin bat:

a) Familia ugaria izatea horretarako ezarritako titulu ofizialaren bidez frogatuko da. Titulua emateko, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean ezarritako baldintzak bete behar dira, eta aurreko ahaide batek, tutoreak, harrera egileak, zaintzaileak edo legezko ahalmena duen familia unitateko beste kide batek eskatu.

b) Familia ugariek dituzten onurak titulu ofiziala aitortzeko edo berritzeko eskaeraren egunean hasiko dira.

c) Familia ugarien tituluak hori ematean edo berritzean ezarritako epea bukatu arte izanen du indarra, edo familia unitatea sailkatu zen kategoria aldatu arte edo familia ugaria izateko baldintzak betetzeari utzi arte.

4. Behar bezala frogatutako irizpide hauek aplikatuta, bata bestearen atzetik, ebatziko dira berdinketak:

a) Zeinek duen puntuazio handiena ikastetxean matrikulatutako anai-arreben edo bertan lan egiten duten aita, ama edo legezko tutoreen atalean.

b) Desgaitasunaren bat izatea.

c) Zeinek duen puntuazio handiena etxearen hurbiltasunaren atalean.

d) Zeinek duen puntuazio handiena familia unitatearen per capita errentaren atalean.

e) Legeen arabera familia ugaria izatea.

f) Jendaurreko zozketa, eskatutako ikastetxean ikasleak onartzeko eskudantziak dituen organoaren eta ikastetxearen ikuskatzailearen aurrean.

5. Irizpide osagarriak erabiliko dira irizpide nagusiak nahikoa izan ez direnean ikastetxean ikasleak onartzeko lehentasunak ezartzeko.

6. Ikasleak onartzeko irizpide osagarria izanen da, betiere, eskatzailearen helbideak eta eskatutako ikastetxeak posta kode bera izatea, horregatik 0,5 puntu emanen baita. Bat-etortze hori eskaera zer urtetan egiten den, urte horretako urtarrilaren bata baino lehen gertatu beharko da.

7. Ikastetxe bakoitzeko organo eskudunak gehienez ere puntu bat ematen ahalko du beste irizpide osagarri batzuengatik. Horretarako, ikastetxeko organo eskudunak arrazoiak azaldurik kontuan hartu beharko ditu gorabehera nabarmen batzuk, ikastetxeek ikasleak onartzeko prozesua hasi baino lehen ageriko leku batean argitaratu beharko dituen irizpide objektiboei jarraituz.

8. Ikastetxeek irizpide horiek Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira igorri beharko dituzte, gainbegira ditzan, ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman egokiro, aukera berdintasunean eta indarra duen araudiari lotuz sartzen diren begiratzeko, inskripzioa egiteko epea hasi baino lehen.

9. 31/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren 2. ataleko f) letran aipatzen den zozketa jendaurreko ekitaldian egin behar da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuta. Betiere aurretiaz jakinaraziko da, ikastetxeko ageriko toki batean, ekitaldi hori, beharrezkoa izanez gero, zein toki, egun eta ordutan eginen litzatekeen.

10. Urte berean jaiotako anai-arreben eskaeren kasuan, bat onartzeak berarekin ekarriko du bestea ere onartzea, eta geratzen diren ikaspostu hutsen kopurua murriztu eginen da; baina anai-arrebak hautatutako azkenak badira, ez zaio inori kenduko aurretik esleitutako ikaspostua.

3. oinarria. Jarraibideak eta epeak.

1. Ikasleak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan onartzeko prozeduraren epeak bi hauek dira: arrunta eta berezia. Ikasturtearen gainerakoa epetik kanpokotzat joko da.

2. Hezkuntza maila bakoitzerako ezarritako epean matrikula egiten ez badu, ikasleak esleitu zaion ikaspostua hartzeko eskubidea galduko du.

3. Ikasturte bakoitzerako prozesua zehazten duten epe eta jarraibideak eskolatze arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpen bidez ezarriko ditu urtero.

4. oinarria. Tramitazioa.

Ikastetxeek Educa informatika-aplikazioaren bidez eginen dute eskolatze prozesuaren tramitazio osoa.

5. oinarria. Eskaerak.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, behar bezala betea eta eredu ofizialaren araberakoa, ikasturte bakoitzerako zehazten den epean.

2. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

3. Epe arruntean, Hezkuntza Departamentuak ikaspostu bat esleituko die ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikasposturik lortu ez duten ikasleei.

4. Epe berezian, herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako eskaera egin ez duten ikasleek bakarrik izanen dute eskaera aurkezteko aukera, betiere lekualdaketak eskaera justifikatzen badu. Hezkuntza Departamentuak, dauden ikaspostu hutsak kontuan hartuz, ikaspostuak esleituko dizkie ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikasposturik lortu ez duten ikasleei.

5. Ikaspostua epe arruntetik eta berezitik kanpo eskatzen duten ikasleak: ikasturteak dirauen bitartean, ikastetxeek aurkezten diren eskaerak hartuko dituzte, ikaspostu hutsik izan edo ez, eta Hezkuntza Departamentura igorriko. Eskolatzearen fase horretan, Hezkuntza Departamentuak baimenduko ditu honako ikasle hauek aurkeztutako eskaerak: helbidea beste herri edo auzo batera aldatzen dutenek (ikastetxe aldaketa justifikatzen duena) edo Nafarroako hezkuntza sisteman lehenbizikoz sartzen direnek (berandu sartzen direnak).

6. Hezkuntza Departamentuak baimendutako ikasleak gehienez ere astebeteko epean sartuko dira dagokien gelan. Ikaslea ezarritako epean ikastetxe berrian hasten ez bada, gordetako ikaspostua galduko du.

7. Tokian tokiko eskolatze batzordea eratua duten herrietan, ikaspostua epe arruntetik eta berezitik kanpo eskatzen duten ikasleak batzorde horietara joaten ahalko dira; haietan, argibideak eta orientabideak emanen zaizkie eta familiak eskatutako ikastetxean ikaspostu bat esleituko zaie, ikaspostu hutsik baldin badago, eta hala jakinaraziko zaio dagokion ikastetxeari. Ikastetxeek Hezkuntza Departamentuari ikastetxean sartzen diren ikasle berriei buruzko informazioa emanen diote, matrikula egiteko.

8. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake ikastetxez aldatzeko epez kanpoko eskaeretarako, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.

6. oinarria. Onarpena.

1. Ikasle bat ikastetxe batean onartu dela ulertuko da, onartutako ikasleen behin betiko zerrendan agertzen denean, edo Hezkuntza Departamentuak ikastetxe batean plaza esleitzen dionean.

2. Ikasle bat, epe arruntean, eskolatuta dagoen ikastetxean ez baizik eta beste batean onartzen badute, jatorrizko ikastetxeko ikaspostua galdu eginen du. Ikaspostu hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira.

7. oinarria. Matrikulazioa.

1. Ikastetxe berrian hasten diren ikasleek matrikula egiteko, epe arruntean zein berezian edota behin ikasturtea hasita, foru agindu honen 3. oinarriko 3. puntuan aipatzen den urteroko ebazpenean zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. Eskaera eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira Familia Liburuan agertzen direnekin.

3. Oinarri honen 1. puntuan aipatzen diren agiriez gain, ikastetxeek beharrezko agiri osagarriak eskatzen ahalko dituzte.

4. Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.

8. oinarria. Ikaspostuen erreserba.

1. Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, ikastetxe publikoek zein pribatu itunduek 2 ikaspostu gordeko dituzte talde bakoitzeko, bai Haur Hezkuntzako bigarren zikloan bai Lehen Hezkuntzan, aurreinskripzioko epe arrunta bukatu arte, gizarte eta kultura arloan egoera ahulean dauden ikasleentzat.

1.1. Ikaspostu horiek eskatzen ahalko dituzte, ikasleak onartzeko epe arruntean, gizarte eta kultura arloan egoera ahulean dauden familiek.

1.2. Erreserba horretako ikaspostuak lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera aurreinskripzio inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztuko dute.

1.3. Aurkeztutako eskaerak dauden ikaspostu hutsak baino gehiago badira, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15.2 artikuluan zehaztutako irizpideen aplikazioan oinarritutako lehentasun hurrenkera ezarriko da.

2. Ikasleak beste ikastetxe batera joan daitezke atzerriko hizkuntza bat ikasteko. Hori errazteko, ikastetxe publikoek eta pribatu itunduek matrikulatuta utziko dituzte ikasle horiek, gehienez ere ikasturte batez. Epe hori igarota, eta ikaslea ikastetxera itzuli ez bada, zegokion ikaspostua galduko du.

9. oinarria. Hizkuntza-eredua aldatzea.

1. Hizkuntza eredua aldatzeko eskaerek Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 1eko 89/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiko diote. Horiek aurkezteko epeak, berriz, onarpen eskaerak aurkezteko jarri diren epe arrunt eta berezi berberak izanen dira, foru agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.

2. Foru agindu honen 5. oinarrian aipatutako kasuetan, ikaslea ordura arte egindako hizkuntza eredua ez duen herri bateko ikastetxe batera aldatzeak, Hezkuntza Departamentuak baimena eman ondoren, ikaslearen hizkuntza eredua aldatzea izanen du ondorio.

3. Ikastetxea aldatu gabe hizkuntza eredua aldatzeko, hutsik dauden ikaspostuak errespetatuko dira, irakaskuntza maila bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ratioari jarraikiz.

10. oinarria. Informazioa.

Ikastetxeek eta Departamentuko zerbitzuek beren eginkizunei buruzko txostenak emanen dizkiote Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari, eskatzen dizkienean.

11. oinarria. Jendaurrean jartzea.

Foru agindu hau eta bere 3. oinarriko 3. puntuan aipatzen den urteroko ebazpena ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek horien berri izan dezaten.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa