(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

6/2008 Foru Legea, martxoaren 25ekoa, oinarrizko irakaskuntzarako testu liburua finantzatzeari buruzkoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 41. NAOn  argitaratua, martxoaren 31n. Aldaketak: 19/2011 Foru Legea, abenduaren 28an)

Zioen Azalpena

Foru lege honen helburua da testu liburuak finantzatzeko programa arautzea; programa hori funts publikoekin ordaintzen diren eta oinarrizko hezkuntza irakasten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztietan aplikatuko da.

Espainiako Konstituzioak 27.4 artikuluan ezarri du oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa dela. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 4.1 artikuluan jasotzen da oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa dela pertsona guztientzat, eta 3.3 artikuluan ezartzen da oinarrizko hezkuntza lehen hezkuntzak eta bigarren hezkuntzak osatzen dutela.

Aipatu lege organikoko laugarren xedapen gehigarriak, testu liburuei buruz ari dela, ezartzen du ikastetxeen koordinazio didaktikoko organoei dagokiela, autonomia pedagogikoaz dihardutela, irakaskuntzetan erabili beharreko testu liburuak eta gainontzeko materialak aukeratzea; betiere ikasleen adinei eta hezkuntza-administrazio bakoitzak onetsitako curriculumari egokitutako zorroztasun zientifikoa izanen dute. Halaber, ondokoekiko errespetua islatu eta sustatu beharko dute: Konstituzioan jasotako printzipio, balio, askatasun, eskubide eta betebeharrak; legean bertan jasotako printzipio eta balioak; Generoko indarkeriaren kontrako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan jasotako printzipioak eta balioak, eta Gizonen eta emakumeen arteko egiazko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan jasotakoak.

3/2006 Lege Organikoko 88.2 artikuluak ezartzen du hezkuntza-administrazioek behar diren baliabideak emanen dizkietela ikastetxeei oinarrizko irakaskuntzaren doakotasuna bideratzeko.

Irakurketari, liburuari eta liburutegiari buruzko ekainaren 22ko 10/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz eginen da testu liburuen salmenta.

Testu liburuak derrigorrezko hezkuntzak kalitatez emateko erabiltzen den hezkuntza-materialaren zati bat baizik ez direla. Beste hezkuntza-material batzuk ere badaude ikastetxeetako eta ikasgeletako liburutegietan; esate baterako, kontsulta-liburuak, entziklopediak, monografiak, eskuliburuak, ikus-entzunezko materiala, prentsa, ikastetxeek beren ikasleei eskaintzen dizkietenak eta familientzat inolako kosturik ez dutenak. Europako inguruneko herrialde gehienek eta autonomia erkidego askok testu liburuen doakotasuna gauzatzeko sistemak ezarri dituzte. Gurasoen elkarteek sistematikoki eskatu izan dute, azken urteetan, testu liburuen doakotasuna.

Hori dela eta, komenigarria da Nafarroako Foru Komunitateak testu liburuak finantzatzeari ekin diezaion, kontuan izanda doakotasuna derrigorrezko hezkuntzako mailetan modu gradualean lortuko den helburu bat dela.

Funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan testu liburuak finantzatzeko programa da Nafarroako Gobernuak aurrera eramanen duen jarduera, hezkuntza zerbitzu publikoaren doakotasuna errealitate bihurtzeko.

Programa honek, halaber, errespetuzko eta baterako erantzukizunezko jarrerak sustatu nahi ditu ikasleengan, funts publikoekin finantzaturiko ondasunen erabilera dela eta; eta lagungarria izan nahi du familien eta ikastetxeen artean lankidetza handiagoa izateko, eta ikastetxeen autonomian aurrera egiteko.

1. artikulua. Testu liburua.

Testu liburua da, foru lege honen ondorioetarako, material iraunkorra eta buruaskia, ikasleek erabiltzeko eginikoa eta Nafarroako Gobernuak hezkuntza-etapetan curriculumak garatzeko onetsi duen araudian ezarritako edukiak garatzen dituena.

2. artikulua. Doakotasuna.

1. Diru publikoekin ordaindutako ikastetxeetako testu liburuak, alegia kastetxe bakoitzak oinarrizko hezkuntzan irakasteko legez aukeratu dituen haiek, dohainik izanen dira aipatu irakaskuntzan ari diren ikasle guztientzat.

2. Erregelamenduz zehaztuko dira aipatu ikastetxeek eta gurasoek edo tutoreek foru lege honen xedea diren testu liburuak jasotzeko jarraitu beharreko prozedurak.

3. artikulua. Finantzaketa.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak aurrekontu-ekitaldi bakoitzean bilduko ditu testu liburuak finantzatzeko behar diren kontusailak, Erregelamenduz zehaztuko diren formulen arabera.

4. artikulua. Programaren ezaugarriak.

1. Testu liburua finantzatzeko programa maileguaren sistemaz garatuko da.

2. Oinarrizko irakaskuntzetako ikasleek bost ikasturtez erabiltzeko modukoak izan beharko dira liburuak, horiek berritzeko eta Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako erregelamenduz ezartzen dena galarazi gabe.

3. Eskola Kontseiluak hautatutako batzorde bat arduratuko da ikastetxe bakoitzean programa kudeatu eta gainbegiratzeaz.

5. artikulua. Programaren ezarpena.

1. Programa ondoz ondoko ikasturteetan ezarriko da, oinarrizko hezkuntza maila guztiak hartu arte.

2. Programa 2008-2009 ikasturtean hasiko da, eta 2011-2012 ikasturtean egonen da ezarririk.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuak, indarra hartu eta gehienez sei hilabeteko epean, foru lege hau erregelamendu bidez garatuko du, Hezkuntza Departamentuak proposatuta eta Nafarroako Eskola Kontseiluak bere txostena eman ondoren.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indargabetu egiten da foru lege honek xedatuari kontra egiten dion maila bereko ala apalagoko arau oro.

Azken Xedapen Bakarra. Indarrean sartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa