(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

416/2008 Ebazpena, irailaren 24koa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, 2008-2012 aldirako Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Plan Estrategikoa onesten duena

 

(2008ko 126. NAOn argitaratutako testua, urriaren 15ean)

Atarikoa

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak bere 18. artikuluan xedatzen duenez, "Hezkuntzako ikuskapenaren epe ertaineko gidalerroak islatzen dituen agiri instituzionala da Plan Estrategikoa", eta plan horrek "helburuak, estrategiak eta barne ekintzako helburuak ezarriko ditu, eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpenaz onetsiko da".

Hezkuntza Departamentuak, ezagutzaren gizarteak dakartzan erronken jakitun, hezkuntzako ikuskapenaren lana modernizatu nahi du, hezkuntza sistema nahiz irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Azken urteotan kalitatea kudeatzeko sistemekin metatutako esperientziak erakutsi duenez, helburu hori modu eraginkorrean betetzeko giltzarri egokietako bat plangintza estrategikoa da.

Horregatik, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua antolatzeko bereziki egokia da Plan Estrategikoa egitea, Plan horrek etorkizuneko ikuspegia emanen baitu zerbitzua modu eraginkorrean emateko ildo batzuk ezarri ahal izateko.

Datozen urteetan hezkuntza ikuskapenerako etorkizun argia ezarri ahal izateko helburu, jarduera, baliabide eta denborak aurreikusten dira planean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:

Lehenengoa

2008-2012 aldirako Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Plan Estrategikoa onestea, eranskin hauetan ezarrita dagoenaren arabera: I (Plan Estrategikoa), II (Prozesuen matrizea), III (Arlo kritikoak, helburu estrategikoak eta prozesuak eta proiektuak) eta IV (Jarraipena eta ebaluazioa).

Bigarrena

Ebazpen hau eta bere eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Hirugarrena

Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

I. ERANSKINA .Plan Estrategikoa

1.-Definizioa.

Hezkuntza Sistema aldaketa zientifiko, teknologiko, sozial eta kulturalen mendean dago. Hori horrela izanik, Plan Estrategikoaren bidez Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak erantzuna eman nahi die datozen urteotan agertuko diren erronkei, eta hezkuntzako ikuskapena bera modernizatu eta hobetzeko tresna eman nahi du.

Hezkuntzako Ikuskapenaren Plan Estrategikoa plangintza instituzionaleko dokumentua da eta, horretan, plana aplikatuko den epean Ikuskapenaren lana egituratuko duten ildo nagusiak biltzen dira.

Planak arlo kritikoak, helburu estrategikoak, prozesu eta proiektuak eta adierazleak ezartzen ditu, hezkuntzako ikuskapenaren noranzkoa modu eraginkorrean bideratu ahal izateko.

Era berean, agiria sortu da Hezkuntza Departamentuak hezkuntzako politikaren helburuak lortzen laguntzeko ezarritako gidalerroen emaitza gisa.

Plan Estrategikoa atal, bulego, ikuskapen eremu eta arlo espezifikoek beren lan ildoak dokumentuan agertzen denaren arabera taxutzeko oinarria da, ikuskapeneko esku-hartzea arrazionala, homogeneoa eta eraginkorra izan dadin.

2.-Aurrekariak.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren 2005-2008ko Lau Urteko Jarduketarako Plan Orokorra onesten duen maiatzaren 31ko 502/2005 Ebazpenak Ikuskapen Zerbitzuaren plangintza estrategikorako lehenengo esperientzia ezarri zuen.

Plan horren indarraldia amaitutakoan, hezkuntzako ikuskapenaren etorkizunari buruzko hausnarketa sakona egin da, epe ertain zein luzerako, eta horren emaitza plan hau da.

3.-Plana paratzea.

2007-2008 ikasturtearen azken hiruhilekoan hausnarketa estrategikoko talde bat eratzea bultzatu zen, kalitate eta kudeaketako arloak koordinaturik.

Taldeak diagnostikatzeko, aztertzeko eta erabakiak hartzeko lana egiten du, plangintza estrategikoaren berezko metodologia erabiliz.

Hausnarketa estrategikoko lana hainbat fasetan egiten da:

-Prestaketa fasea.

-Inguruneko informazio garrantzitsua aztertzeko fasea.

-Barneko egoera aztertzeko fasea.

-Etorkizuna definitzeko fasea.

-Ezarri eta hedatzeko fasea.

Plana egin eta burutzeko jarraitutako prozedurak Ikuskapen Zerbitzuaren Plan Estrategikoaren PR0503 prozesua betetzen du.

4.-Xedea, ikuspegia eta balioak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua, Hezkuntza Departamentuaren mendeko administrazio organoa, Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza sistema ikuskatzeko sortu da, ondoko xede, ikuspegi eta balioekin:

.Xedea:

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak indarreko araudia bete dadila zaindu nahi du, hezkuntza sistemari dagokionez.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak hezkuntza komunitateko kide guztiei informazio eta aholkua eman nahi die, eskubideak erabiltzen direla eta betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak hezkuntza sistemaren etengabeko hobekuntzaren alde egiten du, ikastetxeen funtzionamenduari eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuei dagokienez.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak konpromisoa hartu du Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren ebaluazioa egiteko, baita irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko proposamenak egiteko ere.

Era berean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua Hezkuntza arloko agintari eskudunei hezkuntza arloko programa eta jardueren berri emateaz arduratzen da.

.Ikuspegia:

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ondoko hauengatik aintzatets dezatela nahi du:

-Kualifikazio teknikoko eta lanbide kualifikazioko maila handiagatik, giza baliabide eta baliabide material egokiez hornituta egonik.

-Ikastetxeei laguntza emateagatik, beren beharrizanak zein diren jakinik.

-Hezkuntza sistemaren hobekuntzan lidergoa izateagatik, ikastetxeen kalitate eta hobekuntza prozesuetan lagunduz eta parte hartuz.

-Bere zereginak betetzean independentea izateagatik.

-Irizpide homogeneoekin, taldean eta helburu argiekin jarduteagatik.

-Hezkuntza sistema osatzen duten sektore guztiek bere profesionaltasuna errespetatzen eta baloratzen dutelako.

.Balioak:

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren kultura eta funtsezko balioak ondoko hauek dira:

-Laneko gogoa: laneko gogoa, ardura eta ahalegina.

-Errespetua: ideiak eta pertsonak errespetatzea, ondo egindako lana eta pertsonen ahalegina aintzat hartuta. Ikastetxe guztiak berdin tratatzea.

-Giro ona: giro ona indartzen duten jarrera positiboak. Errealitatearen ikuspegi positiboa. Pertsonen arteko giro ona, komunikazio irekiko giroa. Enpatia.

-Kalitatea eta etengabeko hobekuntza: ondo egindako lanaren kultura. Etengabe hobetzeko jarrera. Hobekuntzan eta kalitatean parte hartzea. Plangintzaren eta antolaketaren kultura. Zorroztasunez, objektibotasunez, irizpide homogeneoekin eta diziplinarekin lan egitea. Etengabeko prestakuntzaren aldeko jarrera.

-Bezeroentzako orientazioa: zerbitzuaren azken hartzailearengan pentsatuz lan egitea. Ikaslea bezero nagusi izatea. Barneko eta kanpoko bezeroen balio pertsonala eta lanbide arloko balioa indartzea.

-Berrikuntza eta sorkuntza: lanbidearen eta sistemaren aldaketen aurrean jarrera irekia izatea. Jarrera konstruktiboa. Teknologia berrien aurrean jarrera irekia.

5.-Estrategiak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren estrategiak, bere helburuak lortzeari dagokionez, hauek dira:

-Plangintza selektiboa, jarduketen lehentasunen bitartez.

-Eraginkortasuna, ikuskapen jardueretan baliabideak erabiltzean (dokumentazioaren azterketa, bisitak, txostenak).

-Balio erantsia, ikuskapeneko esku-hartzearen bitartez.

-Departamentuaren lehentasunezko helburuekin bat egitea, bezeroentzako orientazio gisa.

-Jardueren prestakuntza arloko ikuspegia, hezkuntza sistema atzeraelikaduraren bitartez hobetzeko.

-Berrikuntza zientifikoa eta teknologikoa.

-Hezkuntza Departamentuko beste zerbitzu eta organo batzuekin lankidetza izatea.

-Zerbitzuko kideen partaidetza.

-Talde lana.

-Etengabeko prestakuntza.

-Barneko eta kanpoko komunikazioa.

-Prozesukako kudeaketa.

-Zerbitzuaren antolaketa malgua.

-Arazoei aurrea hartzea.

6.-Arlo kritikoak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak arlo kritiko hauei aurre egin nahi die, eta hain zuzen ere, arlo horietan eginen du hobetzeko ahaleginik handiena:

-Kontrola eta gainbegiratzea.

-Ebaluazioa.

-Hezkuntza Administrazioarekin lankidetza izatea.

-Bizikidetza.

-Aholkularitza.

-Antolamendua eta kudeaketa.

-Kalitatea eta IKT.

-Prestakuntza instituzionala eta berrikuntza.

-Itun instituzionalak.

-Irudia eta kanpoko komunikazioa.

7.-Helburu estrategikoak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren etorkizuna helburu estrategikoek markatzen dute. Helburu horiek, berriz, arrakastako ondoko faktore kritikoek irudikatzen dituzte:

.Kontrola eta gainbegiratzea:

-Indarreko arau eta xedapenak behar bezala aplikatzen direla gainbegiratu eta zaintzea.

-Ikastetxeetan ikuskapeneko esku-hartzea lortutako arrakastaren proportzio alderantzizkoan egitea, antolaketaren, funtzionamenduaren eta emaitzen aldetik beharrik handienak dituzten ikastetxeei hobetzen laguntzeko.

.Ebaluazioa:

-Hobekuntza planen gainbegiratzea berrorientatzea, luzetarako ikuspegitik (irakurketa plana, diagnostiko ebaluazioen ondoriozko planak...).

-Ikastetxeen emaitzak hobetzen laguntzea kanpoko ebaluazioen emaitzak itzuliz eta Hobekuntza Planen jarraipena eginez.

-Irakaslanaren ebaluazioa hobetzea (irakaskuntzan aritutako lehenengo urtea, praktiketako funtzionarioak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak, irakasleen borondatezko ebaluazioa, programazio didaktikoen gainbegiratzea).

-Zuzendaritza lanaren ebaluazioa hobetzea zuzendaria lanbidean ari den prozesu osoan.

.Hezkuntza Administrazioarekin lankidetza izatea:

-Departamentuko beste zerbitzu batzuekiko lankidetza birdefinitzea hainbat alderdiri buruz, besteak beste araudia paratzeari buruz, plangintzako batzordeei buruz, esparruen azterlanei buruz, etab.

-Ikuskapen Zerbitzuaren eta beste Zerbitzu batzuen (irakasleen hautaketa,...) arteko lankidetza birdefinitzea eta ikuskapeneko esku-hartzea berrikustea ikastetxeentzako baliabideen plangintzari eta esleipenari dagokienez.

.Bizikidetza:

-Ikastetxeetan aniztasun sozial eta kultural handiagorako egokiak diren jarduketa protokoloak aurreikustea.

.Aholkularitza:

-Ikastetxeei aholkua ematea curriculumari, oinarrizko gaitasunei, araudiari, antolaketari eta abarri buruz.

.Antolamendua eta kudeaketa:

-Guneak hobetzea arlo hauetan: atxikitze irizpideak, antolaketa, koordinazioa, barneko koherentzia eta erantzukizun-kidetza.

-Ikuskapeneko zereginak birdefinitzea ikastetxeek pedagogia, antolaketa eta kudeaketa arloetan autonomia handiagoa duten testuinguruan (eremuak eta kontrolaren nondik norakoak definitzea).

.Kalitatea eta IKT:

-Bezeroentzako orientazioa indartzea beren iguripenak zein diren jakinda eta beren eskariei erantzun orekatua emanez.

-Jarduteko irizpideen homogeneizazio eta kalibraketa indartzea.

-Prozesukako kudeaketa sistema berrikusi eta sakontzea: prozesu horiek eguneratu, eta ahal bada, sinplifikatzea, jabeari garrantzi handiagoa ematea, ikuskatzaileen ezaugarriak kontuan hartuta. Ikastetxeetan kalitatea kudeatzeko sistemak ebaluatzen jarraitzea.

-ECO eta EDUCA programak hobeto eskuratzeko aukera lortzea eta formatuak argitzea. Horri buruzko dokumentazio ofizialaren lege alderdia aztertzea. Administrazio elektronikoari buruzko araudia aztertzea.

.Prestakuntza instituzionala eta berrikuntza:

-Prestakuntza instituzionala indartzea, hobetzeko erronka den aldetik, prestakuntzari eta araudiaren azterketari denbora luzeagoa emanik.

-Ikuskatzailearen lanbide gaitasunak definitzea eta ondorioz eguneratze plan bat egitea.

-Ikuskatzaileak etengabe eguneratzeko mekanismoak ezartzea, prestakuntzako ibilbideak kontuan hartuta (arauen eguneratzea, teknologia berriei, hizkuntzei, administrazio prozedurari, curriculum eremuei eta abarri buruzko prestakuntza).

.Itun instituzionalak:

-Beste ikuskatzailetza eta erakunde batzuekiko lankidetza eta itunak indartzea.

.Irudia eta kanpoko komunikazioa:

-Ikastetxeetan ikuskapenaren irudia hobetzea: teknikoa, burokratikoa baino gehiago. Horretarako denentzako helburu, irizpide eta jarduketak lortzea.

8.-Helburu estrategikoak.

Plan Estrategikoak helburu estrategikoak ezartzen ditu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lortu nahi dituen emaitzen adierazpen gisa, eman beharreko zerbitzuei edo epe ertaineko barneko kudeaketari dagokienez.

Arrakastako faktore kritiko bakoitzerako, helburu estrategiko bat edo batzuk zehazten dira, eta helburu horiek Arlo Kritikoetan antolaturik azaltzen dira, ondoko zerrenda honetan:

.Kontrola eta gainbegiratzea:

-Derrigorrezko Hezkuntzako (Lehen Hezkuntzako eta DBHko) ikastetxeen lagin baten %90en programazio didaktikoak kontrolatu eta gainbegiratzea (gaitasunak eta ebaluazioa). Lagin horietako ikastetxeek %10era heldu behar dute -esku-hartzea arrakastaren proportzio alderantzizkoan egitea-.

.Ebaluazioa:

-Ikastetxeen kanpoko ebaluazioen emaitzak luzetarako ikuspegian biltzeko datu-base bat sortzea.

-Ikastetxeen %80en hobekuntza planen jarraipena egitea prozedura berri baten arabera. Prozedura horretan, hobekuntza planen eta ikastetxeek kanpoko ebaluazioetan lortutako errendimenduen arteko harreman zuzena egiaztatu beharko da -ikastetxe bat ikasturte eta ikuskatzaile bakoitzeko-.

-Irakasleen %100 ikastetxe publikoetan irakaskuntzan aritzen diren lehenengo ikasturtean ebaluatzeko sistema berri bat abian jartzea.

-Zuzendaritza lana ebaluatzeko sistema berri bat ezartzea. Sistema horrek barnean hartu beharko ditu agintaldiaren prozesua eta agintaldiaren amaiera, eta HLOaren araberako izendapena duten zuzendarien %100 jarriko dira bere mendean.

.Hezkuntza Administrazioarekin lankidetza izatea:

-Beste Zerbitzu batzuekiko lankidetzaren funtsezko alderdiei buruzko azterlan bat egitea eta lankidetza hori egokitzea baliorik ez duten esku-hartzeak desagerraraziz.

-Ikastetxeen funtzionamendurako plantillak zehaztea, ikastetxeen autonomia kontuan hartzen duen prozedura berri baten arabera.

.Bizikidetza:

-Ikastetxeek kulturaniztasunaren eta aniztasun sozialaren ondorioz izaten dituzten bizikidetza arazoei buruzko jarduketa protokoloak ezartzea.

.Aholkularitza:

-Zerbitzua prozesuen matrizeari lotutako hezkuntza araudiari buruzko datu-base batez hornitzea.

.Antolamendua eta kudeaketa:

-Ikuskapen eremu batzuk diseinatu eta ezartzea, atxikitze irizpide zehatzekin, lan talde orekatuak egiteko moduan.

-Ikuskapen eremuen funtzionamendua definitzea taldeko lana, barneko koherentzia eta erantzukizun-kidetza bideratzen dituzten irizpideekin.

-Ikastetxeen Erregelamendu Organikoa eta Bizikidetzako Araua paratzen parte hartzea, horiek ikastetxeen autonomia handiagoaren arabera egokitzeko.

-Ikuskapen prozesuak ikastetxeen pedagogia, antolaketa eta kudeaketa arloetako autonomia handiagoko testuinguru berrira egokitzea.

.Kalitatea eta IKT:

-Bezeroen iguripenak zein diren jakitea, eta zerbitzua haien eskariei jaramon eginda ematea.

-Ikuskapen jarduerak homogeneizatu eta kalibratzeko prozesua diseinatu eta abian jartzea.

-Prozesuen matrizea berrikusi eta sinplifikatzea, prozesuak eguneratzea eta jabeak nahiz beraien zereginak argi eta garbi ezartzea.

-ECO programara edozein ordenagailuren bitartez sartzeko aukerari buruz irizpen juridiko eta teknikoa jasotzea.

-ECO programara edozein ordenagailuren bitartez sartzeko sistema bat diseinatu eta ezartzea eta EDUCA programan erabiltzailearen definizioa ikuskatzailearen beharrizanen arabera doitzea.

.Prestakuntza instituzionala eta berrikuntza.

-Ikuskatzailearen lanbide gaitasunak definitzea, gaur egungo egoeran.

-Prestakuntza instituzionaleko plana ezartzea ikuskatzailearen lanbide gaitasunak eta plan estrategikoaren ondoriozko lehentasunak kontuan hartuta.

.Itun instituzionalak.

-Jardun onetan oinarritutako harremana lortzea, Erkidegoetako Ikuskapen Buruen bileretan parte hartuz.

-Kalitaterako Nafarroako Fundazioarekin itun formala ezartzea.

.Irudia eta kanpoko komunikazioa.

-Arlo hauetako estrategiei buruzko prestakuntza abian jartzea: komunikazio asertiboa, entzute aktiboa, gatazka egoeretan jokatzea, bitartekaritza,... bezeroekiko harremana helburu dela.

9.-Prozesuak eta proiektuak.

Ikuskapeneko helburu estrategikoak lortu ahal izateko, prozesuak eta proiektuak garatu eta abian jarri beharko dira.

Hausnarketa estrategikoaren bidetik, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren prozesuen matrizea aldatu behar izan da antolamendu berriaren, prozesuen indarraren eta prozesu berrien diseinuaren irizpideak kontuan hartuta.

Prozesuen mapa honek barnean hartzen ditu funtsezko eragiketa prozesuak, prozesu estrategikoak zein laguntzako eta kudeaketako prozesuak.

Plana indarrean dagoen bitartean egin beharreko prozesuak ebazpen honen II. eranskinean azaltzen dira.

10.-Arduradunak.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuan xedatuta dagoenaren arabera, Plan Estrategikoak exekuzioko erantzukizunak ezartzen ditu.

Ebazpenaren III. eranskinean erantzukizunak Zerbitzuaren antolaketa egiturei nola esleitzen zaizkien azaltzen da. Planaren kudeaketaz arduratzen diren jabeek diseinatu eta garatuko dituzte helburu estrategikoak lortu ahal izateko prozesu eta proiektuak.

11.-Plan Estrategikoaren garapena.

Plan Estrategiko hau lau ikasturtetan zehar garatuko da ekintza estrategikoko plan egokien bitartez. Plan horiek Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Planean txertatuko dira.

2008-2009 ikasturtean ekintza estrategikoko lehenengo plana diseinatu eta burutuko da. Plan horrek arlo kritikoak, helburu estrategikoak, ekintzak, proiektuak/prozesuak, adierazleak eta arduradunak barnean hartuko ditu.

12.-Jarraipena eta ebaluazioa.

Plan Estrategikoak jarraipen sistema bat aurreikusten du, helburu estrategikoak zein mailataraino lortu diren zehazteko, baita aldatzeko beharrizanak antzemateko eta, egokia bada, bidezkoak diren doikuntzak egiteko ere.

Urtero, Zerbitzuko Zuzendariaren zuzendaritzapean, Plan Estrategikoaren jarraipena eta ebaluazioa eginen dira, ebazpenaren IV. eranskinean agertzen den tresnaren bitartez. Ebaluazioaren emaitzak Zerbitzuaren Azken Memoriaren atal gisa txertatuko dira.

Helburu estrategikoen jarraipena eta ebaluazioa ezarritako betetze-adierazleen arabera eta ekintza estrategikoko planak esleitutako erantzukizunen arabera eginen dira.

Plan Estrategikoaren indarraldia amaitzean azken ebaluazioa eginen da, planaren eraginkortasun maila zehazteko. Horren emaitzak 2011-2012 ikasturteko azken memorian txertatuko dira.

13.-Aurreikusitako aldaketak.

Plan Estrategikoak lekua eta denbora aurreikusten ditu bertan aurreikusita ez dauden beharrizan eta eskariei erantzuteko. Dagokion ekintza estrategikoko plana egiteko esparruaren barruan, ikasturte bakoitzean, beharrizan berriei helduko zaie eta Plan Estrategikoak behar dituen doikuntzak eginen dira.

14.-Indarraldia.

Plan Estrategikoa datozen lau ikasturteetan -2008-2012 aldian- Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua modernizatu eta hobetzeko oinarri gisa hartuko da.

2011-2012 ikasturtean indarreko plana ebaluatuko da, eta hurrengo Plan Estrategikoa eginen da.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa