Castellano | Euskara | Français | English
1131/2012 EBAZPENA, 2012KO UZTAILAREN 4KOA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ERREKTOREAK EMANA. HAREN BIDEZ "NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN OINARRI TEKNOLOGIKOKO ENPRESEI BURUZKO ARAUTEGIA" ONESTEN DUEN ERABAKIA ARGITARATZEKO AGINTZEN DA. GOBERNU KONTSEILUAK 2012KO UZTAILAREN 4AN HARTUTAKO ERABAKIAREN BIDEZ ONETSI ZEN ERABAKI HORI
(2012ko 142. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 19an)
Atarikoa
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2012ko uztailaren 4an hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki haren bidez "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Oinarri Teknologikoko Enpresei buruzko Arautegia onesten duen erabakia" onetsi zen, eta hona hemen hitzez hitz:
"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO OINARRI TEKNOLOGIKOA DUTEN ENPRESEN ARAUTEGIA
Oinarri Teknologikoa duen Enpresa edo "Spin-off" deitzen zaio, aurrerantzean OTE, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko, zientzia edo teknologia aurkikuntza berrien aplikazioetan bere jarduera oinarritzen duen enpresari. Enpresa horien garrantzia dela-eta Unibertsitateek eta ikerketarako beste erakunde publiko batzuek gero eta arreta handiagoa ematen diete ezagutza bestetaratzeko akuilu direlako, eta teknologia sarea eta ekonomia garapena indartu, kualifikazioa handiko enpleguaren sorrera bultzatu, industria-inguruneari balio erantsi handia eman eta gazteak lan munduan txertatzea ahalbidetzen dutelako.
Enpresa mota hau garatzeko eremu egokia I+G+b-ren arloa da, eta, bereziki, unibertsitate, ikerketa erakunde edo ikerketa zentroen esparruan. Hain zuzen ere arlo hartan ari dira garatzen gehien, eta ikertzaileei aukera gehiago eskaintzen zaizkie beren proiektu ekintzaileak benetako enpresa bihurtzeko.
2001eko abenduaren 21eko 6/ 2001 Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak (LOU), 2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatutakoak, bere Zioen Azalpenean (VII) honako hau ezartzen du: "egitura mota desberdinak hartzen dira kontuan, oinarri teknologikoa duten enpresak barne, beren emaitzak gizartean zabaltzeko eta ustiatzeko". Idazketa indardunak aldatu egin du VII. tituluaren izena (39. artikulutik 41. artikulura) "Ikerketa unibertsitatean", eta aurrerantzean "Ikerketa unibertsitatean eta ezagutzaren bestetaratzea" izango da. Aldaketa horrekin nabarmendu egin nahi da unibertsitateari eskatzen zaion pentsamolde-aldaketa ikerketa-arloan.
Espiritu hari jarraikiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuek, duela gutxi eraberritu direnek, 66. artikuluan honako hau ezartzen dute: Unibertsitateak egiten duen ikerketaren emaitzen balioztatzea sustatuko du, eta, bereziki, ikerketa jarduerari esker sortutako enpresen sorrera edo haietan parte hartzea bultzatuko du". Horri artikulu berean gaineratzen dio, jarduera hau arautuko duen arautegi bat Gobernu Kontseiluan onesteko agindua.
Halaber, 2011ko martxoaren 4ko 2/2011 Ekonomia Iraunkorraren Legeko II. Tituluko V. Kapituluko 1. Atala ikerketa jarduerako emaitzak bestetaratzeari buruzkoa da, eta, zehazki, 56. eta 64. artikuluetan aipatzen du unibertsitatearen parte-hartzea oinarri teknologikoa duten berrikuntza enpresetan.
Azkenik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak beren III. Tituluan arreta berezia eskaintzen dio berrikuntzari, ezagutza bestetaratzeari, eta tresnetako bat da oinarri teknologikoa duten enpresak sustatzea eta sortzea. Hala, 33. artikuluan aipatzen du ezarri beharreko neurrietako bat dela "oinarri teknologikoa duten enpresa berrien sorrera bultzatzea". Bestalde, 35. artikuluak, ezagutza balioztatzeari eta bestetataratzeari buruzkoak, honako hau aipatzen du: "ezagutzak, gaitasunak eta teknologia bestetaratzeko bitartekoak ezartzea, arreta berezia jarriz oinarri teknologikoa duten enpresak sortzeari eta laguntzeari". Administrazio Publikoari dagokionez, eta bereziki unibertsitate publikoetan zerbitzu ematen duten karrerako ikertzaile funtzionarioei edo lan kontratupeko ikertzaile finkoei dagokienez, I+G+b betearazteko eragile pribatuetan, esaterako, oinarri teknologikoa duten enpresetan, lanean hasteko eszedentziak hartzeko aukera ezartzen du 17. artikuluak. Halaber, 18. artikuluak merkataritza sozietateetan, esaterako oinarri teknologikoa duten enpresetan, lanaldi partzialeko zerbitzuak eta iraupen zehatzekoak emateko baimena arautzen du, bai eta bateraezintasunei buruzko araudia partzialki ez aplikatzea ere.
Horren guztiorren arabera, eta Nafarroako Unibertsitate Puiblikoko Estatutuetako 66.6 artikuluko agindua jasoz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko OTE sorrera bultzatu, haren bideragarritasuna eta biziraupena sustatu, bere langileen parte-hartzea eta unibertsitateak sortutako enpresaren kapitalean partaidetza izateko baldintzak arautzeko, bai eta bere instalazio eta zerbitzuetarako sarrera arautzeko ere, arautegi hau egin da.
1. artikulua. Definizioa.
1. Oinarri teknologikoa duen enpresa edo "Spin-off" izango da, aurrerantzean Nafarroako Unibertsitate Publikoko OTE, baldintza hauek betetzen dituen erakundea:
a) Bere jatorria Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa jardueran izatea. Ikerketa jarduera dela ulertuko da unibertsitatean bere azpiegitura eta baliabideak erabiliz sortutako sorkuntza eta ezagutza.
b) Enpresa-ekimena ikerketa-emaitzen ustiapenean oinarritzea, eta enpresa-ekimenak ondasun eta zerbitzuak, aurrerapen teknologikoak eta/edo ezagutza berrien aplikazioa eskaintzea merkatuan.
c) Bere sustapen edo sorreran parte hartzea irakasle eta ikertzaileek, prestakuntzan dauden ikertzaileek, Unibertsitateari atxikiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren edo administrazio publikoen programa berekietan, edo kontratuaren bidez Unibertsitatearekin lotutako beste zeinahi langilek, hirugarrenen lankidetza edukitzeko aukera izanda.
d) Enpresak lankidetza hitzarmen bat sinatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, ustiatu beharreko ikerketa-emaitza bestetaratzeko kontratua garatzeko, eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak partaidetza baldin badu enpresa hartan, bazkide-ituna.
2. Unibertsitateak oinarri teknologikoa duen enpresa dela ziurtatuko du dagozkion bere gobernu-organoen bidez arautegi honen arabera eta aplikagarri diren gainerakoen arabera. Halaber, "Nafarroako Unibertsitate Publikoko spin-off" marka emango dio. Aipatu lankidetza hitzarmenak arautuko du enpresak nola erabiliko duen marka hori.
2. artikulua. OTE sortzeko prozedura.
1. Proposamena. Unibertsitateko ekintzaileek OTE sortzeko proposamen bat egingo dute eta Ikerketa Zerbitzuan aurkeztuko dute emandako ereduaren arabera. Dokumentu horretan beharrezkoa den informazioa jasoko da artikulu honetako 3. puntuan aipatutako alderdi guztiak balioesteko.
2. Batzorde batek balioetsiko du proposamena, eta honako hauek izango dira batzordeko kideak: Errektorea edo hark eskuordetutako errektoreordea, batzordeburua izango dena, Ezagutza Bestetaratzeko Arloko zuzendaria, Ikerketa Batzordeak beren kideen artean izendatutako ordezkari bat, Aholkularitza Juridikoko pertsona bat, eta Gizarte Kontseiluak bere kideen artean izendatutako ordezkari bat. Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean aritu ohi diren enpresen sustapenarekin lotutako erakundeetako kideak izendatzeko aukera izango du errektoreak.
3. Aldez aurretiko ebaluazioa. Batzorde horrek ebaluatuko du OTE sortzeko proposamena, eta proposamenaren alderdi hauek aintzat hartuko ditu zeregin horretan:
3.1. Talde ekintzailea eta haren harremana unibertsitatearekin, agerian ipiniz enpresa berriaren sustatzaileen partaidetzan eragina izan dezaketen legezko gorabeherak.
3.2. Enpresa sortzeko oinarria diren ikerketa-emaitzak.
3.3. OTEren bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa ebaluatzeko Enpresa Plana.
3.4. OTEren eta unibertsitatearen arteko lankidetzei buruzko proposamena. Lankidetza horiek ezartzeko, ustiapen baliabideak (enpresak sustatzeko tokiak) erabilgarri jarriko dira, unibertsitateko baliabideen erabilera proposatuko da, LOUko 83. artikuluan oinarritutako kontratuak egingo dira bere modalitate ezberdinetan, karrera amaierako proiektuak, doktoretza tesiak, praktikak enpresan, irtenbide profesional berriak garatuko dira edo unibertsitatearen eta enpresaren arteko sinergia sustatzen duen beste zeinahi jarduera.
4. Atariko txostena. Aldez aldez aurretiko txostena egin ondoren, Batzordeak atariko txosten bat emango du. Txosten hura emateko, eskatzaileei aurkeztu dituzten dokumentuez gainera dokumentu gehiago aurkez ditzatela eskatzeko aukera izango du, bai eta dokumentu horietan behar adina ez direla garatu uste duen alderdiak argi ditzatela eskatzeko aukera ere. Txostenak lankidetza hitzarmena, eta beharrezkoa bada, unibertsitateak enpresan izango duen partaidetza sistema idazteko oinarri proposamen bat edukiko du.
5. Behin betiko proposamena. Enpresaren tramitazioa onetsi ondoren, talde ekintzaileak behin betiko proposamena egingo du Ikerketa Zerbitzuan emandako ereduaren arabera eta atariko txostena aintzat hartuta.
6. Onespena. Behin betiko proposamena, Batzordeak proposamenari buruzko txostena eman eta gero, gehienez ere hilabeteko epean hartzen denetik Unibertsitateko Gobernu Kontseilura bidaliko da onets dezan, Gizarte Kontseiluak aldez aurretik txostena eginda.
3. artikulua. Unibertsitatearen ekarpena OTEri.
1. Unibertsitateak oinarri teknologikoa duten enpresen jardueretan parte hartu edo lagunduko du modalitate hauetako baten edo batzuen bidez:
a) Zuzenean parte hartuko du, edo partaidetzen gehiengoa daukan enpresen bidez, OTEren kapital sozialean, zeinahi ekarpenen bidez. Partaidetza hori izango da diru ekarpena, ondasun ekarpena, eskubide ekarpena edo gauzazko zerbitzuen ekarpena, eta aldez aurretik balioetsiko dira, Gizarte Kontseilua ezartzen duenarekin bat etorriz.
Oro har, eta behar bezala justifikatutako kasuak salbu, unibertsitateak gutxiengoan dagoen eta aldi baterako den partaidetza izango du kapitalean, eta bazkide-itunean bermatu beharko da unibertsitateari lotutako talde ekintzaileak akzioak berriz erosteko eskubidea.
b) Ikerketa-emaitzen ustiapen eskubideak lagatuz kontratuaren bidez.
c) Unibertsitateko zerbitzuak eta guneak erabiltzeko baimena ematea, haiek arautzen dituzten arauekin bat etorriz, bai eta enpresei laguntzeko sortzen diren unibertsitate zerbitzuak erabiltzeko ere.
OTE izenekoei eskainitako zerbitzuak eta guneak erabiltzeko aukera eta beren erabilera beraien onespen-egintzan ezarriko dira, edo berariazko erabakiaren bidez. Erabaki horretan zehaztuko dira aldeen eskubideak eta betebeharrei buruzko gorabeherak, eta beraien kokalekua, esleitutako zerbitzuak eta lokalak, OTEk eman beharreko kontraprestazio ekonomikoa, beren kapitalizazioa edo ondare bihurtzea, hala dagokienean, eta beren erabileraren iraupena.
d) Enpresaren eta unibertsitatearen artean sinatutako hitzarmenean zehaztutako OTEri laguntzeko egindako beste zeinahi ekarpen.
2. Unibertsitateak bere urteko aurrekontuetan ekimen horretara zuzendutako kontusail bat sartuko du, eta kontusailak gehienezko diru kopuru bat edukiko du. Unibertsitatearen sozietateek, fundazioek edo unibertsitateari lotutako entitateen esleipenak ere unibertsitatearen ekarpenen artean egongo dira. Unibertsitateari lotutako langileek OTE baten kapital sozialera egindako ekarpenak ez dira unibertsitateren ekarpentzat hartuko.
3. Kapital sozialaren aldaketak edo akziodunen ehunekoaren aldaketak kapital-zabalkuntzagatik edo murrizketagatik edo akzioa erosi edo saltzeagatik unibertsitateari dagokion partean, Gobernu Kontseiluak onetsi beharko ditu. Bazkideen gainerako aldaketak ere organo honi jakinarazi beharko zaizkio.
4. Gizarte Kontseiluak OTEren urteko kontuak onetsi beharko ditu unibertsitateak kapital sozialean gehiengoa baldin badauka. Onespena unibertsitateak dituen epe beretan egingo da, merkataritzako legeriak edo entitateek beren nortasun juridikoaren arabera daukaten beste batek ezarritakoa galarazi gabe. Hori guztia OTEk daukan bete beharretako bat galarazi gabe, alegia, unibertsitateek dituzten epeetan eta prozedurekin kontuak ematekoa.
5. Unibertsitatearen partaidetzak OTEn berekin ekarriko du unibertsiteak eskubidea izango duela ordezkari kopuru bat izendatzeko OTEren administrazio-organoan, eta ordezkaritza hori kapital sozialean daukan partaidetzaren proportzionala izango da. Nolanahi ere, Unibertsitateak eskubide hura ez erabiltzeko aukera izango du, eta hala egiten badu ahalmena izango du, egoki jotzen badu ordezkari bat izendatzeko OTEren administrazio-organoko bileretara joan dadin entzule gisa.
Gobernu Kontseiluari dagokio, unibertsitateko errektoreak edo hark eskuordetutako errektoreordeak proposatuta, Unibertsitateak OTEren administrazio-organoan izango dituen ordezkariak izendatzeko ahalmena, bai eta haiek kargutik kentzea eta ordezkatzea ere, eta ordezkariak izendatzeari uko egitea ere.
4. artikulua. OTEren betebeharrak.
1. Arautegi honetan xedatutakoaren arabera sortutako oinarri teknologikoa duten enpresek merkataritza, lan eta zerga legeek eta lege zibil indardunek eskatutako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta unibertsitatearen eta enpresa proiektuaren proposatzaileen arteko lankidetza hitzarmenak eskatutako baldintzak ere.
2. OTEek entitatearen sorrerako helburuen betearazpenari buruzko oroitidazki edo txosten bat aurkeztu beharko dute urtero, bai eta urtero, martxoaren 30a baino lehen, urteko kontuak eta egindako kudeaketari buruzko txosten bat bidali ere, bai eta enpresa-entitatearen estatutuetan sartu nahi den zeinahi aldaketa ere.
3. Unibertsitateak barneko edo kanpoko kontu-ikuskapenak, ekonomia eta teknologia arloko kontu-ikuskapenak eta era guztietakoak egingo ditu, beharrezkotzat jotzen denean, bere finantza eta teknologia egoera zehazteko.
4. Unibertsitateko langile berriak bazkide gisa sartzeko onespena unibertsitateko Gobernu Kontseiluak emango du, eta, horretaz gainera, legeria indardunak eskatutako gainerako baldintzak betetzea eskatuko da behar bada.
5. Enpresak OTE izateari uzten badio galtzen badu edo unibertsitatearekin dauzkan betebeharrak direla-eta ez-betetze larriren bat egiten badu, honek laguntza guztia kenduko dio, eta, kasua bada, enpresan daukan partaidetza salduko du. Enpresak inolaz ere ezin izango du unibertsitatearen ondarea erabiltzen jarraitu, eta "Nafarroako Unibertsitate Publikoko spinn-off" aipamena erabiltzeko eskubidea galduko du.
6. Sustatzaileek dokumentu bat sinatu beharko dute. Dokumentu hartan jasoko da erakunde hartako bazkideak diren edo erakundean partaidetzak dauzkaten unibertsitateko komunitate kideek unibertsitateak entitate berrian harpidetzen dituen partaidetzak berriz erosteko betebeharra izango dutela, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, arrazoiak emanez, erabakitzen duenean enpresa erakundean dauzkan partaidetzak saltzea.
Kasu horretan, unibertsitateak enpresa erakundean daukan partaidetzaren balio erreala ezarriko da, unibertsitateak horretarako kontratatzen dituen adituen txosten baten edo batzuen bidez.
7. OTEren jardueran parte hartzen dutenak behartuak egongo dira ez zabaltzera unibertsitateko edo haren menpeko erakundeetako kide izateagatik ezagutu dituzten sekretu industrialak eta jabetza intelektualaren objektua. Bestela, behartuak egongo dira aurretik hitzarmenean ezarritako arbitrajearen bidez erabakitzen den kalte-ordaina ematera.
5. artikulua. Unibertsitatearen aldeko kontraprestazioak.
Unibertsitateak OTEri laguntza emateagatik egin beharreko kontraprestazioek formula hauetakoren bat edo batzuek erabiliko dituzte:
1. Dibidenduen kobrantza kapital sozialean partaidetza izateagatik.
2. Royaltyen kobrantza unibertsitateko ezagutza erabiltzeagatik.
3. Prezioen kobrantza unibertsitateko ondasun edo zerbitzuak erabiltzeagatik.
4. Unibertsitatearen kontratazio lehenetsia era guztietako kontsultoretza eta I+G+ b-ren lanak egiteko.
5. Ikasleen onarpena praktiketan.
6. Enpresaren esparruan gradu eta master amaierako lanak eta doktoretza tesiak egiteko aukera.
7. Unibertsitateko langileen eta prestakuntzan dauden ikertzaileen aldi baterako mugikortasunerako akordioak.
8. Enpresaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean sinatutako hitzarmenean adosten den beste zeinahi formula.
Lortutako ekonomia-itzulkinak unibertsitateko aurrekontuan sartuko dira, eta itzulkin haiek jasotzeko lehentasuna izango dute ikerketa jarduerek edo unibertsitateko oinarri teknologikoa duten enpresak sortzeko sustapen jarduerek.
6. artikulua. Unibertsitateko langileen parte-hartzea.
1. Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek ikerketatik sortutako prozesuak gauzatzearen ondorio diren enpresen sorreran parte hartzeko edo jadanik sortako OTEn hasteko aukera izango dute. Nolanahi ere, irakasle eta ikertzaileek oinarri teknologikoa duen enpresa batean daukaten parte-hartzearen berri emango zaio ikertzailea atxikita dagoen Sailari eta gai hartan eskumena duen Errektoreordetzari.
2. Administrazio eta Zerbitzuetako langileek (AZL) unibertsitateko OTE batean lan egiteko bateragarritasuna lortuko dute, betiere haien araubide juridikoak baimentzen badu. Halaber, beste administrazio-egoera batera igarotzea eskatzeko aukera izango dute unibertsitatearen menpekoa den edo hari lotuta dagoen OTE batean parte hartzeko, aplikagarri den araudian ezarritakoaren arabera.
3. OTEren sustatzaileek administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko legeria indarduna bete beharko dute nolanahi ere.
4. Errektoreak, Irakaskuntza Batzordeak proposatuta, eta betiere Sailaren beharrek uzten badute, aldi baterako eszedentzia edo lizentziak/baimenak emango ditu jarduera hori egiteko, bai eta zerbitzuak ematea baimendu ere lanaldi partzialeko eta iraupen jakineko lan kontratuen bidez bere irakasle eta ikertzaileei, enpresa-ekimenak garatzeko arau honen arabera, unibertsitatearekin duten loturaren arabera aplikagarri den administrazio edo lan legerian ezarritako moduan. Halaber, irakasle eta ikertzaileek LOUko 83.1 artikuluan ezarritako moduan parte hartuko dute.
5. OTE batean parte hartzen duten unibertsitateko langileek unibertsitateari jakinarazi beharko diote unibertsitateko lan jardueraren eta enpresako parte-hartzearen arteko interes gatazka sor dezakeen zeinahi zirkuntantzia esanguratsu. Betebehar hori hausteak berekin ekarriko du unibertsitateak OTEri emandako laguntza galtzea, eta, hala badagokio, enpresan daukan partaidetza saltzea.
7. artikulua. Unibertsitatearen sustapen neurriak.
1. Unibertsitateak zuzenean gai hartan eskumena duen errektoreordearen bidez edo beste erakunde edo organismo publiko edo pribatuekin lankidetzan, unibertsitateko oinarri teknologikoa duen enpresen sorrera eta onarpena bultzatuko du eta unibertsitateko kultura ekintzailea sustatuko du.
2. Unibertsitateak prozedurak ezarriko ditu bere barnean sortutako OTEek, unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuaren bidez, teknologia zainketako eta prospektibako eta industria jabetzako gaietan laguntza zerbitzuak erabiltzeko aukera izan dezaten, eta kasu bakoitzean arautuko da zerbitzuak emateko kontratua. Halaber, aholkularitza emango dio enpresak sortzeko administrazio eskakizunak betetzeko eta bere jarduera arloko araudia betetzeko.
3. Unibertsitateak ekintzaileei laguntzen aritzen diren entitateekin akordioak eta hitzarmenak egitea sustatuko du, enpresak abian jartzea errazteko. Halaber, finantza enpresekin, arrisku kapitaleko enpresekin edo businessangels enpresekin akordioak egitea sustatuko du, kapital zabalkuntzak errazteko edo unibertsitatearen menpe dauden OTEei kredituak emateko.
8. artikulua. OTEen erregistroa.
Unibertsitateak bere barnean sortutako Oinarri Teknologikoa duten Enpresen Erregistro bat izango du, eta Ikerketa Zerbitzuaren menpe egongo da. Erregistro hartan jasoko dira, hala badagokio, unibertsitatearen partaidetza bere kapitalean, bere ehunekoa, proposatzaileen izenez, onespen egunez eta estatutuez aparte.
Lehenengo Xedapen Gehigarria
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-jardueran jatorria duten eta arautegi honek indarra hartu baino lehen eratu diren oinarri teknologikoa duten enpresek, unibertsitateak bere OTEei emandako marka erabili nahi badute, eta ahal den heinean gaur egungo legeriak ematen dizkien abantailetatik onura atera nahi badute, arautegi honetako baldintzak bete, eta bigarren artikuluan jasotako prozedurari jarraitu beharko diote.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek abian jarritako enpresen sustapen eta sorrera kasuetan, arautegi honetan ezarri gabe daudenetan, unibertsitatearen parte-hartzea eskatzen bada, arautegi hau izango da aplikagarria kasu haiek jasotzen dituen araudi espezifikorik ez dagoen bitartean.
Xedapen Iragankor Bakarra
Arautegi honek indarra hartzen duenetik bost urteko epean, Gobernu Kontseiluak lortutako emaitzak aztertuko ditu, eta beharrezkoak diren aldaketak onetsiko ditu, oinarri teknologikoa duten enpresen sorrera errazteko.
Azken Xedapen Bakarra
Arautegi honek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak onesten duen egunaren biharamunean hartuko du indarra.