(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

431/1992 Foru Dekretua, abenduaren 21ekoa, udal titularitateko emisorek maiztasun modulatuko uhin metrikoetan irratiaren zerbitzu publikoa emateko administrazio kontzesioen erregimena ezartzen duena

 

(1993ko 4.NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 8an)

Atarikoa

Telekomunikazioen antolamenduari buruzko abenduaren 18ko 31/1987 Legeak bere 26.3.a) artikuluan xedatzen duenez, maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati zerbitzuak, gai horretan eskumenak dituzten Administrazio Publikoek zuzenean ustiatzen ahal dituzte, edo Toki Korporazioek zeharka, administrazio kontzesioa dela medio. Beraz, azken horiei aitortu egiten zaie, aldez aurretiko administrazio kontzesioaren bidez, aipatu irrati zerbitzuak kudeatzeko eskubidea.

Maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irratiei buruzko Plan Tekniko Nazionala onesten duen otsailaren 10eko 169/1989 Errege Dekretuak bere 5. artikuluan zehazten du nolakoak izan behar duten Toki Korporazioen emisoren ezaugarri teknikoek eta xedatzen du, ezen aipatu Korporazioek emisoren zeharkako kudeaketa gauzatu ahal izateko, beharrezkoa izanen dela Nazioko Gobernuaren edo, bestela, Autonomia Elkarteko organo eskudunaren aldez aurretiko kontzesioa, beti ere, Telekomunikazioaren Zuzendaritza Nagusiaren esku utziz maiztasun eta proiektuaren gainerako ezaugarri teknikoen zehaztapena.

Dena dela, Errege Dekretuaren beraren Xedapen iragankorrak ezartzen duenaren arabera, 5. artikuluaren aplikazioa ez da gauzatuko, harik eta, komunikabide sozial honi dagokionean, Espainiako Konstituzioaren 20.3 artikulua garatuko duen Legeak indarra har dezan arte.

Era berean, eta Nafarroako Foru Komunitateari buruz, maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati emisoren kontzesioetarako erregimena finkatzen duen otsailaren 15eko 37/1990 Foru Dekretuaren Laugarren Xedapen Gehigarriak xedatzen duenari jarraikiz, Toki Korporazioek dituzten emisorak, otsailaren 10eko 169/1989 Errege Dekretuaren 5. artikuluan aipatzen diren haiek, Estatuak onesten dituen oinarrizko arauak garatzeko Nafarroako Gobernuak ezartzen dituenen menpe egonen dira.

Udal emisoren antolamendu eta kontrolari buruzko apirilaren 8ko 11/1991 Legea, Konstituzioaren 20.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko asmoz emandako hura, oinarrizko izaerarekin aldarrikatu baitzen, gaur egun badago behar den legezko babesik, udal titularitateko emisoren maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati zerbitzuaren prestazioa arautzeko.

Azkenik, eta kontzesioen alderdi teknikoei dagokienean, urriaren 23ko 1273/1992 Errege Dekretuak, maiztasun modulatuko emisoren kontzesioak egiteko eskumenak Estatuarenak direneko kasuetan Toki Korporazioei ematen zaizkien kontzesioak arautzearekin batera, zenbait arau orokor ezartzen ditu, maiztasunak esleitzeari buruzkoak, proiektu teknikoak onestekoak, eta instalazioak ikuskatzearen gainekoak, Nazioko Gobernuak eman behar dituen kontzesioentzat nahiz Autonomi Elkartearen eskumenekoak direnentzat aplikagarriak direnak.

Beste aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 55.1 artikuluak Nafarroari esleitzen dio irrati eta telebistaren erregimenaren lege garapen eta haren burutzapena, irratia eta telebistaren zuzenbidezko estatutua arautzen duen Legean ezarritako era eta kasuetan.

Hori denagatik, Telekomunikazioen antolamenduari buruzko Legearen 26.5 artikuluan ezartzen denez maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati zerbitzuen kontzesioak, Udalek aipatu zerbitzuak emateko kontzesioak barne direla, apirilaren 8ko 11/1991 Legearen Xedapen gehigarriak finkatzen duena kontutan hartuz, komunikabide sozialen arloan eskumenak dituzten Autonomia Elkarteek emanen dituztela; eta Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 55.1 artikuluan Nafarroari esleitzen zaionez irrati eta telebistaren erregimenaren lege garapena eta haren burutzapena, Nafarroako Foru Komunitatearen esku gelditzen da, maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irratiaren zerbitzu publikoa ematea dela eta, Nafarroako udal korporazioei ematen zaizkien kontzesioek bete behar dituzten arauen ezarpena. Horixe da, hain zuzen ere, Foru Dekretu honen xedea. Foru Komunitateak, Nafarroako Gobernuaren bidez, udal emisorendako kontzesioak emateko duen eskumena, haren 1. artikuluan berretsi ondotik, Foru Dekretuak Estatuko Administrazioaren organo eskudunen gain uzten du maiztasunaren zehaztapena, proiektuaren ezaugarri teknikoen finkapena eta proiektuaren beraren onespena.

Zerbitzuaren kudeaketa eta emisoren finantzazioari dagokienean, Foru Dekretuak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Ogasunei buruzko Arauean ezarritakoetara jotzen du, hurrenez hurren, eta udal korporazioaren esku uzten ditu iharduketen kontrola eta ihardueraren egokitzapena hura arautzen duten oinarriekiko.

Foru Dekretuak, hala behar zuen eta, zehatz-mehatz ezartzen du kontzesioen ematea arautuko duen administrazio prozedura, alderdi teknikoei dagozkienetan Estatuko organoek parte hartuko dutelarik.

Azkenik, arau-hauste eta zehapenen arloan behar diren aurrikuspenak eransten ditu.

Horiek horrela, Lehendakaritza Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamabiko abenduaren hogeita batean egin bilkuran harturiko Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua

Nafarroako Gobernuari dagokio administrazio kontzesioak ematea, Lehendakaritza Kontseilariaren proposamenaren ondotik, Nafarroako Foru Komunitateko Udalek maiztasun modulatuko uhin metrikoetan irratiaren zerbitzu publikoa eskaini ahal izan dezaten, Foru Dekretu honetan ezartzen diren arauen arabera, eta udal emisoren antolamendu eta kontrolari buruzko apirilaren 8ko 11/1991 Legean eta aplikagarriak diren gainerako xedapenetan, Estatukoak nahiz Foru Komunitatekoak izan, xedaturikoarekin bat etorriz.

2. artikulua

Nafarroako Udalen emisoren ezaugarri teknikoak, maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irratiei buruzko Plan Tekniko Nazionala onesten duen otsailaren 10eko 169/1989 Errege Dekretuak bere 5. artikuluan zehazten dituen erizpide orokorrei lotu beharko zaizkie.

3. artikulua

Kontzesioa eman edota zerbitzuaren prestazioa hasi aurretik, Herrilan eta Garraio Ministraritzako Telekomunikazioen Zuzendaritza Nagusiak erabakiko du emisora teknikoki bideragarria den, maiztasunaren zenbatekoa zehaztu, proiektuak izan behar dituen ezaugarri teknikoak finkatu eta proiektua onetsiko du.

4. artikulua

Kontzesioaren xedea den irrati zerbitzu publikoaren kudeaketa zuzena izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2 artikuluan ezarrita dauden bideetakoren baten bitartez.

5. artikulua

Udal emisoren finantzazioa, Nafarroako Toki Ogasunen berrikuntzari buruzko Arauean, 1981.eko ekainaren 8ko hartan, eta hura garatzeko emandako 1981.eko abenduaren 17ko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera eginen da, eta merkataritzaren bidezko dirusarrerak erabiliz.

6. artikulua

Udalbatzak kontrolatuko du irrati zerbitzuaren kudeatzailea gertatzen den organo edo entitatea, eta ihardueraren xedea burutzeko oinarriak errespeta daitezen begiratuko du. Aipatu oinarri horiek udal emisoren antolamendu eta kontrolari buruzko apirilaren 8ko 11/1991 Legearen 2. artikuluan dauden zehazturik.

7. artikulua

Udal titularitateko irrati emisoretan hauteskundeetarako propaganda saioak sartzeko, udalen irrati emisoretako hauteskundeetarako publizitateari buruzko apirilaren 8ko 10/1991 Lege Organikoan xedaturikoari lotu beharko zaio.

8. artikulua

Nafarroako Udalek maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati emisora bat izateko administrazio kontzesioa eskatzen ahal dute, Korporazioburuak sinatu eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Kontseilariari zuzenduriko eskabidearen bitartez, zeina Erregistro Orokorrean aurkeztuko baita honako agiri hauekin batera:

a) Udalbatzaren osoko bilkuraren Erabakiaren ziurtagiria, emisora izateko eskabidea eta dagokion txostena onetsi direla egiaztatzen duena, eta Udalburuari eskabide hori egiteko baimena ematen diona.

b) Herriko erroldan sarturik dagoen populazioa isladatzen duen ziurtagiria.

c) Igorpen zentruarentzat aurrikusiriko kokapenaren planoa, haren kota eta koordenada geografikoak adierazita.

d) Txostena, honako hauek bilduko dituena: emisoraren helburuak, hartuko duen eremua gutxi gorabehera, programazio proiektua eta saioen ordutegia, emisoran lan eginen duten pertsonak, kontratatu gogo diren kanpoko zerbitzuak eta 4. artikuluan ezarritakoaren arabera erabili gogo den kudeaketa bidea, bai eta azpiegitura teknikoaren deskribapena ere.

e) Kontzesio eskabidea abalatzeko egokitzat jotzen den bestelako edozein agiri.

9. artikulua

1. Kontzesio eskabidea eta harekin batera aurkeztu beharreko agiriak hartutakoan, Lehendakaritza Departamentuak Telekomunikazioen Zuzendaritza Nagusiari eskatuko dio behar den maiztasun erreserba, aurreko artikuluko b) eta c) letretan aipatzen den dokumentazioa erantsita.

2. Telekomunikazioen Zuzendaritza Nagusiak maiztasunaren erreserba erabaki, eta indarra nahiz emisoraren instalazioak kontutan hartu beharko dituen gainerako parametro teknikoak zehazteko ematen duen Ebazpenaren jakinerazpena jasotakoan, Lehendakaritza Departamentuak Toki Korporazio eskatzaileari emanen dio haren berri.

3. Aipatu Korporazio horrek, berriz, emisoraren instalazioaren gaineko proiektu teknikoa prestatu eta Lehendakaritza Departamentura igorriko du, behar den denbora utzita, Departamentuak Telekomunikazioen Zuzendaritza Nagusira igor diezaion, urriaren 23ko 1273/1992 Errege Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen duen lau hilabeteko epearen barrenean. Proiektuan espresuki adieraziko da igorpen zentrua eta estudioak herriko hirigunearen zein lekutan kokatzen diren, beti ere, otsailaren 10eko 169/1989 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako erizpideei loturik.

4. Telekomunikazioen Zuzendaritza Nagusiak proiektu teknikoa onetsi eta maiztasuna esleitzeko ematen dituen Ebazpenen jakinerazpenak jaso ondotik, Lehendakaritza Departamentuak bi horien berri emanen dio Toki Korporazio interesatuari, eta hortik aurrera ekiten ahal zaio emisora paratzeari.

10. artikulua

Lehendakaritza Kontseilariak Nafarroako Gobernuari aurkeztuko dio zerbitzua eskatu duen Udal Korporazioari emateko proposamena. Aipatu Korporazioari kontzesioa ematen dueneko erabakia jakinaraziko zaio.

11. artikulua

Emisora paratu eta gero, Toki Korporazioak Lehendakaritza Departamentuari emanen dio horren berri, eta azken horrek Telekomunikazioen Zuzendaritza Nagusiari heleraziko dio jakinerazpena, beharrezkoa den instalazio ikuskapena egin eta, hala behar bada, emisora funtzionatzen hasteko baimena eman dadin. Ez da inola ere funtzionatzen hasterik izanen, harik eta Nafarroako Gobernuak behar den kontzesioa eman arte.

Aipatu baimena jakinarazitakoan, zerbitzua ematen hasten ahal da.

12. artikulua

Foru Dekretu honen babesean Nafarroako Gobernuak ematen dituen kontzesioen indarrak hamar urtez iraunen du, baina epe hori luzatzen ahal da, iraungi aurretik, jarraian joanen diren iraupen bereko beste aldi batzuetarako, Nafarroako Gobernuaren baimenaren bidez. Luzapen hori eskuratzeko, toki entitate esleipen-hartzaileak eskaria aurkeztu beharko du, indarra duen kontzesioa edo haren luzapenaren iraupena amaitu aurretik, hiru hilabeteko aurrerapenekin

13. artikulua

1. Kontzesioa dela eta, kontzesio hartzaile gertatzen den udal entitatea beharturik dago betetzera, alde batetik, maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati arloan indarra duen legeria, eta, bestetik, aipatu legerian ezartzen diren obligazio guztiak.

2. Kontzesio hartzaile gertatzen den entitatea beharturik dago kontzesioaren baldintzei eustera, eta zerbitzuaren prestazioa etenik gabe bermatzera.

3. Era berean, dohainik zabaldu beharko ditu, nondik datozen aipatuz, Nafarroako Gobernuak eta erregelamenduaren bidez zehazten diren agintariek igortzen dizkioten izaera ofizialeko eta interes publikoko ohar eta jakinarazpenak.

14. artikulua

Udal korporazioek eskaintzen duten maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati zerbitzuaren prestazioa erregulatzen dutenekiko arau-hausteak, Telekomunikazioen Antolamenduari buruzko Legearen 33. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz sailkatuko dira. Aipatu arau-hausteengatiko administrazio erantzukizuna, kontzesioaren titularra den udal korporazioari edo kontzesio tituluaren babesik gabe zerbitzua eskaintzen duen hari dagokio, edo erabiltzaileek edo, oro har, aurreko kasuetan sartzen ez diren hirugarrenek eginiko arau-hausteek ukitzen duten aginduak zuzenean jotzen duen hari, aipatu Legearen 32. artikuluan ezarritako eran. Horretaz gain, Lege beraren 34. eta 35. artikuluak ere aplikagarriak izanen dira, arau-hauste horiek egiteagatiko ezar daitezkeen zehapenei eta arau-hausteen preskripzio epeei dagokienean.

15. artikulua

Udal korporazioek eskaintzen duten maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati zerbitzuaren prestazioan egindako arau-hausteengatiko zehapena honako hauen ardurapekoa izanen da: Lehendakaritza Kontseilariarena, arau-hauste oso larriak baldin badira; Lehendakaritzako Idazkari Nagusiarena, arau-hauste larriak badira; eta Prentsa, Argitarapen eta Harreman Sozialen Zerbitzuburuarena, arau-hauste arinak direnean. Arau-hauste oso larriarengatik, kontzesioa atzera botatzea dakarren zehapena Nafarroako Gobernuak erabakiko du.

Lehenbizikoa Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik Udalek irrati emisorak izateko aurkeztu diren kontzesio eskabideek, honetan ezarritakoari egokitu beharko dute, zeren, horrela egiten ez badute, eskatzeari uko egiten diotela ulertuko baita.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati emisorak izateko kontzesioei buruzko gorabeheretan, Nafarroako Gobernuak udal korporazioei emandakoetan, Foru Dekretu honetan aipatzen ez diren afera guztietan, aplikatuko dira Telekomunikazioen Antolamenduari buruzko abenduaren 18ko 31/1987 Legea; Maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irratien Plan Tekniko Nazionala onesten duen otsailaren 10eko 169/1989 Errege Dekretua; Udalen irrati emisoren antolamendu eta kontrolari buruzko apirilaren 8ko 11/1991 Legea eta, bereziki, maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati zerbitzua ustiatzeko Toki Korporazioei emandako kontzesioak eta maiztasunen esleipena arautzen dituen urriaren 23ko 1273/1992 Errege Dekretua, bai eta otsailaren 15eko 37/1990 Foru Dekretua ere, Nafarroako Foru Komunitatean maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati emisoren kontzesioetarako erregimena ezartzen duen hura.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Lehendakaritza Kontseilariari ahalmena ematen zaio, Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa