(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

12/1997 Foru Legea, azaroaren 4koa, Nafarroako Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia eta Tokiko Kontseiluak arautzen dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizko testua 1997ko 136. NAOn argitaratua, azaroaren 12an. Aldaketak: 19/2012 Foru Legea, abenduaren 4koa)

Atarikoa

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 47. artikuluan xedatzen du Nafarroak eskumen osoa duela irakaskuntza arloa arautu eta administratzeko, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, arlo honetako konstituzio aginduetan eta horiek garatzen dituzten lege organikoetan ezarritakoa galarazi gabe eta, ikasketa eta lanbide tituluak lortu eta baliokidetzeko baldintzak arautzeari buruz, Estatuak dituen eskumenak eta agindu horiek guztiak betearazi eta bermatzeko Estatuaren goi- ikuskapena ukitu gabe.

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak, bestalde, hauxe xedatzen du 34. artikuluan: "Autonomia erkidego guztietan, Eskola Kontseilu bana eratuko da, lurralde eremu horretan arituko dena. Horren osakera eta funtzionamendua kasuan kasuko autonomia erkidegoaren Biltzarrak emandako Lege batek arautuko ditu eta, irakaskuntzaren programazioaren ondorioetarako, ukituriko sektore guztien partehartzea bermatu beharko da." 35. artikuluak hauxe dio: "Botere publikoek, dagozkien eskumenak erabiliz, aurreko artikuluan zehaztutako lurralde eremurako ez beste baterako eskola kontseiluak eratu ahalko dituzte eta horien antolamendu eta funtzionamendua arautzeko behar diren xedapenak eman. Beti ere, kontseilu horietan, ukituriko sektore guztien partehartze egokia bermatu beharko da."

Bide beretik, irakaskuntza zentroetako partehartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren 4. artikuluak xedatzen du hezkuntza administrazioek eskola kontseiluak eratu ahalko dituztela, horien lurralde eremu zehatza mugatuz eta osakera, antolamendua eta funtzionamendua zehaztuz.

Aipatu xedapenetan ezarritakoa aintzat harturik, beharrezkoa da indarra duen lege esparrua egungo arauek eta hezkuntza komunitateak eskatzen dutenari egokitzea, Nafarroako irakaskuntza ez-unibertsitarioaren programazio orokorrak ukitzen dituen sektore guztien partehartzea sustatzeko eta eraginkorragoa izan dadin. Hori helburu, Foru Lege honek sortzen dituen partehartze eta ordezkaritza erakundeek 1829ko Gorteen Legeak sortu zuen Nafarroako Hezkuntza Batzorde Nagusiaren jarraipena izan nahi dute, izan ere organo horren bidez azken hamarkadetan artikulatu baita Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Diputazioaren jarduketa bateratua eta, hari esker, foru araubidearen barruko eskumen esparru zabala zehaztu baita.

Konstituzioak indarra hartu ondotik, Nafarroako Foru Diputazioak 1979ko ekainaren 29an harturiko Erabakiaren bidez, Batzordean sartu ziren irakaskuntzaren inguruko hainbat agente sozialen ordezkariak, izan ere Konstituzioaren 27. artikuluan aldarrikatzen baita irakaskuntzaren programazio orokorrean ukiturik dauden sektore guztiek hori finkatzen parte hartu behar dutela. 167/1991 Foru Dekretuaren bidez, Batzordearen osakera eta eginkizunak aldatu ziren aldi baterako, horren antolaketa eta eskumenak Nafarroako Foru Komunitateak irakaskuntza ez- unibertsitarioko zerbitzu eta eginkizunak bere gain hartzearen ondorioz (abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua) etorri zen egoerari egokitzearren. 167/1991 Foru Dekretuaren zioen adierazpenean berean adierazten da Batzordearen osakera eta eginkizun horiek aldi baterako direla.

Gauzak horrela, Foru Lege honek amaiera eman nahi dio Nafarroak irakaskuntza arloko eskumenak erabiltzeko eta Nafarroako gizarteak hezkuntza administrazioan eta kudeaketan parte hartzeko prozesu arau-emaile eta historikoari, foru araubidean oinarritua. Hortaz, Legearen helburua da gizarteak irakaskuntzaren programazio orokorrean parte har dezan bideak ematea, partehartze hori antolatzea eta, batez ere, sustatzea, hezkuntzaren kudeaketa demokratizatuz eta beharrezkoa den kontrol sozialaren menpe jarriz. Izan ere, helburu horiek lortzea ezinbestekoa da Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan arautu diren irakaskuntzak ezartzeko egungo prozesuari begira.

Foru Lege honen helburua I. Tituluan finkatzen da eta bertan ezartzen dira, orobat, irakaskuntza ez- unibertsitarioaren programaziorako kontsulta, partehartze eta aholkularitzako goi mailako organoak.

II. Tituluan Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntza Batzorde Nagusiaren jarduna arautzen da, Nafarroako lurralde eremuan irakaskuntza ez-unibertsitarioaren arloko organo aholku- emaile gorena den aldetik, eta, halaber, ukituriko sektoreen goi mailako ordezkaritzarako erakundea. Kontseiluaren eginkizuna da oinarrizko alderdiak finkatzea, hezkuntzako politika orokorrari zuzenean lotuak eta Nafarroa osoan eragina dutenak.

Kontseiluaren jarduna eraginkorragoa eta arinagoa izan dadin, Batzorde Iraunkorrean arituko da, eta aldi baterako batzordeak eratzea ere aurreikusi da, gai jakin eta zehatzak jorratzeko.

Azkenik, III. Tituluan ahalmena ematen zaie Nafarroako toki entitateei tokiko eskola kontseiluak eratzeko, toki jakin batzuetako irakaskuntza ez-unibertsitarioaren programazioak ukituriko sektoreendako aholkularitza eta partehartze organoak izan daitezen.

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, irakaskuntza ez-unibertsitarioaren programazio orokorrak ukitzen dituen sektore guztien partehartze erreal eta eraginkorra Foru Lege honetan eta berau garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

2. artikulua

Irakaskuntza ez-unibertsitarioaren programaziorako kontsulta, partehartze eta aholkularitzarako organo gorenak ondoko hauek dira:

a) Nafarroako Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia.

b) Horrelakorik bada, tokiko eskola kontseiluak.

II. TITULUA. NAFARROAKO ESKOLA KONTSEILUA EDO HEZKUNTZAKO BATZORDE NAGUSIA

I. KAPITULUA. Kontseilua zer den. Osakera

3. artikulua

Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia irakaskuntza ez-unibertsitarioaren programazioak ukitzen dituen gizarte sektore guztiendako kontsulta, partehartze eta aholkularitzarako organo gorena da.

4. artikulua

1. Hezkuntza Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia kide hauek osatuko dute:

a) Kontseiluburua, Nafarroako Gobernuak izendatuko duena.

b) Nafarroan dauden maila ez-unibertsitarioko ikastetxe publiko eta pribatuetako irakasleen bost ordezkari, honela banatuta:

Ikastetxe publikoen hiru ordezkari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko irakasleen Langileen Batzordean ordezkari gehien duten hiru sindikatuetatik bana, beraiek aukeratu beharrekoak.

Ikastetxe pribatuen bi ordezkari, Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza pribatuan ordezkaritza handiena duten bi sindikatuetatik bana, beraiek aukeratu beharrekoak.

c) Bost ordezkari, ikasleen guraso elkarteen federazioek proposatu eta bakoitzak duen bazkide kopuruaren arabera aukeratuak.

d) Nafarroako maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publiko eta pribatuetako ikasleen bi ordezkari, ikasleen elkarteek edo elkarteen federazioek proposatu eta bakoitzak duen ordezkaritzaren arabera aukeratuak.

e) Nafarroako ikastetxe pribatuetako entitate titularren eta enpresaburuen elkarteen hiru ordezkari, elkarteen edo federazioen proposamenari jarraikiz bakoitzaren ordezkaritzaren arabera aukeratuak, Nafarroako Foru Komunitatean dituzten ikastetxeetan dagoen ikasle kopuruaren arabera.

f) Hezkuntza Administrazioaren bost ordezkari, Hezkuntzako kontseilariak proposatuak.

g) Nafarroako toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuak.

h) Irakaskuntzaren arloan izen handiko pertsonen artean aukeraturiko ordezkari bat, Hezkuntzako kontseilariaren proposamenari jarraikiz izendatua.

i) Unibertsitateetako bi ordezkari, bata publikokoa eta bestea pribatukoa, kasuan kasuko gobernu organoaren proposamenari jarraikiz aukeratuak.

j) Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordearen bi kide, Batzordeak berak aukeratuak.

k) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duen enpresaburuen elkarteak proposaturiko ordezkari bat.

l) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duen sindikatuak proposaturiko ordezkari bat.

m) Nafarroako ikastetxeetako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioa-Erroko Batzordeak proposatua.

n) Nafarroako Foru Komunitateko desgaitasun motak bildu, eta ordezkaritza handiena duen erakundearen ordezkari bat.

├▒) Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetako zuzendarien ordezkari bat, ikastetxe horietako zuzendarien elkarteek proposatuak.

o) Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe pribatu itunduetako zuzendarien ordezkari bat, ikastetxe horietako enpresaburuen elkarteek proposatua.

p) Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko idazkari lanak Nafarroako Gobernuak horretarako izendatutako pertsonak beteko ditu. Bileretan parte hartuko du, hizpidearekin baina botorik gabe, eta horien akta eginen du.

q) Berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteen ordezkari bat, hautatua izanen dena berdintasunaren aldeko agenteen erroldara aurkezten direnen artetik; errolda hori helburu horrekin sortuko da.

2. Hezkuntza Departamentuak Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren esku utziko du bere eginkizunak egoki burutzeko behar adinako giza baliabide nahiz baliabide materialak.

3. Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak bere eginkizunak modu egokian aurrera eramateko beharrezkotzat jotzen dituen teknikari edo aholku-emaileen laguntza eska dezake. Teknikari eta aholku-emaile horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

4. Eskola Kontseiluko kideek uneoro eskatu ahalko dizkiote Hezkuntza Departamentuari beren eginkizunak egoki betetzeko behar dituzten informazio eta agiriak, kontseiluko buruaren bitartez.

5. artikulua

Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu Eskola Kontseilu edo Hezkuntza Batzorde Nagusiko kideak, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren proposamenari jarraikiz, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua

1. Eskola Kontseilu edo Hezkuntza Batzorde Nagusiko kideen kargualdia lau urtekoa izanen da.

2. Aurreko idazatian xedatutakoa gorabehera, kasuan kasuko erakundearen ordezkaritza aldatzen duten hauteskundeak egin ondotik edo haien ordezkariak berritu ondotik, talde horietako ordezkariak berretsi edo aldatu beharko dira, 5 eta 6. artikuluetan ezarritako moduan.

3. Talderen baten ordezkari edo betetzen ari diren karguagatik Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusian dauden kideek Kontseiluko kargua utzi beharko dute taldearen ordezkaritza galdu edo kargu hartatik kendu bezain pronto.

4. Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusian postu hutsen bat gelditzen bada, beste kide bat izendatuko da 5 eta 6. artikuluetan ezarri bezala, postua utzi duenari dagokion kargualdia amaitu bitarte aritzeko.

II. KAPITULUA. Kontseiluaren eginkizunak eta eskumenak

7. artikulua

1. Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiari honako gai hauei buruzko iritzia eskatuko zaio, derrigorrez:

a) Nafarroako Gobernuak onetsi behar dituen hezkuntza arloko Foru Legeen aurreproiektuak eta erregelamendu betearazle orokorren proiektuak.

b) Ikastetxeak sortu, aldatu, kendu eta geografikoki banatzeko plangintza orokorrerako printzipioak, oinarriak eta irizpideak.

c) Ikastetxeetako ezaugarriei, plantilei eta hezkuntza ekipamenduei buruzko arau orokorrak.

d) Ikastetxe publikoen eta ikastetxe pribatu itundu eta diruz lagundutakoen finantzaziorako irizpide orokorrak.

e) Hizkuntz ereduak eratu eta ezartzeko xedapen orokorrak.

f) Nafarroako Gobernuaren beka eta ikasketa-laguntza sistemaren oinarrizko printzipioak.

g) Irakaskuntza ez-unibertsitarioko eskolaz kanpoko jarduerei eta zerbitzu osagarriei buruzko arau orokorrak.

h) Nafarroako Foru Komunitateak Estatuarekin edo beste autonomia erkidegoekin sinatu beharreko hezkuntza arloko lankidetza hitzarmen edo akordioen proiektuak.

i) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzera eta Nafarroako gizartearen egoerari egokitzera bideraturiko xedapen eta jarduketa orokorrak eta gizarte-sektoreen artean eta giza- banakakoen artean dauden diferentzia eta mailaketak konpentsatzera bideraturikoak.

2. Eskola Kontseilu edo Hezkuntza Batzorde Nagusiak, bere aldetik, honako gaiei buruzko proposamen eta txostenak igorri ahalko dizkio Hezkuntza eta Kultura Departamentuari:

a) Hezkuntza sistemaren ebaluazioa.

b) Irakaskuntzako zentroen araubidea.

c) Ikastetxe publiko eta pribatuetan legezko arauak betetzea.

d) Irakasleen prestakuntza eta hobekuntza.

e) Giza baliabideen arloko jarraibideak.

f) Irakaskuntzaren programazio orokorrari loturiko beste edozein.

3. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiari eskatu ahalko dio Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza ez- unibertsitarioaren programazio orokorraren inguruko beste gai batzuei buruzko iritzia eman dezan.

III. KAPITULUA. Kontseiluaren eta Batzorde Iraunkorraren funtzionamendua

8. artikulua

1. Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia osoko bilkuran, batzorde iraunkorrean edo aldi bateko batzordeetan arituko da.

2. Batzorde Iraunkorreko kideak honako hauek izanen dira:

a) Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko burua, edo horrek eskuordeturiko pertsona, Batzorde Iraunkorreko burua ere izanen dena.

b) Hezkuntza administrazioaren ordezkari bat, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak izendatua.

c) Irakasleen hiru ordezkari, bi ikastetxe publikoena eta bata ikastetxe pribatuena.

d) Ikasleen Guraso Elkarteen Federazioetako bi ordezkari.

e) Ikastetxe pribatuetako entitate titularren eta enpresario elkarteen ordezkari bat.

Arestiko c), d) eta e) idazatietan aipatu ordezkarien hautapena eta izendapena Osoko Bilkuran sektore edo talde horiek dituzten ordezkariek eginen dute, euren artean aukeraturik.

Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko idazkaria Batzorde Iraunkorreko idazkari ere izanen da.

3. Batzorde Iraunkorrari hauxe dagokio:

a) Osoko bilkurak agintzen dizkion txosten eta proposamenen azterlan eta proiektuak egitea eta osoko bilkurara eramatea.

b) Kontseiluaren Osoko Bilkurak, kideen bi herenek onetsirik, delegatzen dizkion proposamenak eta txostenak onestea.

c) Urteko lan proposamena egitea eta osoko bilkurara eramatea.

d) 11. artikuluak aipatzen dituen txosten eta oroitidazkia egitea eta osoko bilkurara eramatea.

IV. KAPITULUA. Aldi baterako batzordeak

9. artikulua

1. Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak aldi baterako batzordeak eratu ahalko ditu, Osoko Bilkurak agintzen dituen gai berezi eta jakinei buruzko txosten eta proposamenen inguruan proiektu eta azterlanak egiteko.

2. Batzorde horiek eratu ahalko dira Foru Komunitateko lurraldeko eremu jakin batean jarduteko.

V. KAPITULUA. Beste xedapen batzuk

10. artikulua

Batzordeek egiten dituzten proposamen eta txostenen proiektuak ez dira lotesleak izanen Osoko Bilkurarentzat.

11. artikulua

1. Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak hurrengoak prestatuko ditu ikasturtero: bere jardueren oroitidazkia eta Nafarroako hezkuntza sistemaren egoerari buruzko txostena.

2. Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak egin beharreko txosten eta oroitidazki horiek Hezkuntza eta Kultura Departamentura igorriko dira, argitara eman ditzan.

III. TITULUA. TOKIKO ESKOLA KONTSEILUAK

12. artikulua

Tokiko eskola kontseiluak irakaskuntza ez- unibertsitarioko irakaskuntzaren programazioak ukitzen dituen sektoreendako aholkularitza eta partehartze organoak dira, tokian-tokian eratzen direnak.

13. artikulua

1. Tokiko eskola kontseiluak eratzeko erabakia ikastetxea kokatuta dagoen dermioko toki entitateak edo ikastetxeak berak har dezake.

Eskola kontzentrazioak direnean, eragin eremuko edozein udalen ekinbidez har daiteke erabaki hori.

2. Nafarroako Gobernuak eskumena du tokiko eskola kontseiluen antolamendu eta funtzionamendurako oinarri orokorrak erregelamendu bidez ezartzeko.

3. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, toki entitateak proposaturik, Kontseiluaren osaketa onetsiko du, Kapitulu honetan eta, horrelakorik bada, Nafarroako Gobernuak onesten duen erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

14. artikulua

1. Tokiko eskola kontseiluek kasuan kasuko ikastetxeen eragin eremuko toki entitateek eskatzen dituzten txostenak egin beharko dituzte eta eratzeko arauetan agintzen zaizkionak, toki entitateen eskumena den hezkuntza arloko gaiei buruz.

2. Tokiko eskola kontseiluek, beti ere, aurreko idazatian aipatu gaiei buruzko proposamenak egin ahalko dizkiete dagozkien toki entitateei.

3. Orobat, tokiko eskola kontseiluek Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiari igorri ahalko dizkiote hezkuntza arloko gaiei buruzko proposamenak, beren eragin esparruari badagozkio eta, Foru Lege honetan xedatutakoaren arabera, beren eskumenekoak baldin badira.

Lehen Xedapen Gehigarriak

Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia legez eratuta geldituko da kide edo ordezkarien bi heren, bederen, Kontseiluratzen direnean.

Bigarren Xedapen Gehigarria

1. Eratu eta sei hilabeteko epearen barruan, Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua prestatu beharko du, non arautuko baitira Osoko Bilkuraren bilerak deitu eta egiteko prozedura, proposamenak eta txostenak onesteko bidea, batzordeak eratu eta funtzionatzeko arauak eta Kontseiluak egoki funtzionatzeko behar diren gainerako alderdiak.

2. Kontseiluaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua Hezkuntza eta Kultura Departamentura igorriko da eta honek Nafarroako Gobernuari helaraziko dio, onetsi dezan.

Lehen Xedapen Iragankorra

Foru Lege honek arautzen duen Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia eratu bitartean, egun indarra duen Nafarroako Hezkuntzako Batzorde Nagusiak segituko du bere eskumeneko eginkizunen ardura izaten.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Foru Lege honek indarra hartu ondoren eratzen den lehenbiziko Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusian, ikasleen ordezkariak sartuko dira Batzordea eratu eta hiru hilabetera, orduan duketen ordezkaritzaren arabera.

Azken Xedapenetako Lehena

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Lege honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak baliorik gabe utzi dira.

Azken Xedapenetako Hirugarrena

Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa