(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

204/2010 Foru Agindua, abenduaren 16koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako bizikidetza arautzen duena

 

(2011ko 13. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 20an)

Atarikoa

Arau honen erreferentziak dira: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa (LOE), Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duena, Indarkeria Sexistaren aurkako Neurri Integralak Hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea eta horren garapena, erregelamendua onesten duen otsailaren 26ko 16/2007 Foru Dekretua alegia, eta Terrorismoaren Biktimei Laguntzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea.

Ikastetxeetan, besteak beste, gertatzen da ikasleen garapen soziala, haien afektuena eta ezagutzarena, harreman sareaz hornituriko hezkuntza komunitate benetakoak baitira; izan ere, haien ezaugarrien eta kalitatearen araberakoa da, zuzenean, ikasleak eskuratuko duen hezkuntzaren kalitatea bera.

Hezkuntza komunitateko kide guztien arteko harreman sare horri deitzen diogu bizikidetza, eta ez dago gatazkatik salbu; izan ere, horiek harremanen zati bat dira, baina baita ikaskuntzaren iturri ere. Horregatik, egungo hezkuntza sistemek kontuan hartu eta arautu egiten dute bizikidetzaren hobekuntza hezkuntzaren inguruan.

LOEk, 1. eta 2. artikuluetan, hezkuntza sistemaren printzipio eta xede gisa hartzen ditu gatazkei aurrea hartzeko eta haiek modu baketsuan konpontzeko hezkuntza, bortizkeriarik eza bizitzaren esparru guztietan, bakerako prestakuntza, giza eskubideen errespetua eta tolerantzia eta askatasuna, bizikidetzaren printzipio demokratikoen barrenean. Printzipio eta xede horiek sistemaren etapetan zehazten dira, lege horren beraren 13., 17., 23., 33. eta 40. artikuluetan batez ere. Bestetik, 132. artikuluak ikastetxeko zuzendaritzari ematen dizkio eskumenak ikastetxeko bizikidetza bultzatzeko, gatazka konponketetan bitartekotza bermatzeko eta diziplina neurriak ezartzeko.

Orobat, printzipio horiek dira abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren oinarria, ikastetxeetako bizikidetzan esku hartzeko jarraibide orokorra ematen baitu.

Bizikidetzaren giro positiboa eraiki eta mantentzeko, hezkuntza komunitateko eragile guztien parte hartzea bultzatzen du aipatu foru dekretuak, gatazkan diren alderdien arteko komunikazioa sustatzen du eta hezkuntza neurriak aurreikusten ditu, bizikidetzaren kontrako jokabideetan edo harentzat oso kaltegarriak direnetan aplikatzeko; egindako kaltea konpontzeko neurriak ere aurreikusten ditu.

Foru agindu honek abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua garatzea du xede, baita bizikidetza planak prestatu eta abian jartzeko jarraibideak ematea ere, erregelamenduekin eta aipatu planeko urteko txosten eta zehaztapenekin batean. Orobat, jazarpen egoeretan eta ikastetxeetan sor litekeen edozein indarkeriatan nola jokatu arautzen du, eta hezkuntza arloko bitartekotza garatzen du, gatazkei aurre egiteko metodo baketsu gisa.

Arau honek irakaskuntzako jarduketa horiek guztiak zehaztu eta orientatzen ditu, ikastetxeen autonomia eta irakasleen aginpide eta erantzukizun profesionala errespetatu eta jasotzen ditu, beharrezkoak baitira hezkuntza lanen burubide egokirako, eta gatazkak sortzen diren tokian haiek konpontzeko neurriak bultzatzen saiatzen da, ez gatazkak ez haiek konpontzeko esparrua gainditu ez ditzaten ahaleginduta.

Eskola Kontseiluak, LOEren 127. artikuluarekin bat, besteak beste, eskumen hauek ditu: diziplina arloko gatazkak konpontzea eta indarra duen araudiari jarrai diezaiotela zaintzea, eta neurri eta ekimenak proposatzea, ikastetxeko bizikidetza, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta norberaren, familiaren eta gizartearen esparru guztietako gatazkak modu baketsuan konpon daitezen bultzatzeko.

Foru agindu honen egitura osatzen duten lau kapituluak bizikidetza hobetzera bideratutako jarduketen plangintzari buruzkoak dira, ikastetxeetako hezkuntza proiektuen barrenean, baita haien helburuei, jarduketa esparruei eta organo arduradunei buruzkoak ere; gainera, neurri edo programa zehatzen aplikazioa dute aipagai eta, bereziki, hezkuntza arloko bitartekotza.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako bizikidetza arautzea, ondoren ezarritako artikuluen arabera:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honek abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan xedatutakoa arau bidez garatzea du xede, hartan Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri baitziren eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautu baitzen.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu hau Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztietan aplikatuko da.

3. artikulua. Helburuak.

Foru agindu honetan xedatutakoak helburu hauek ditu:

a) Bizikidetzaren etengabeko hobekuntza lortzea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan, hezkuntza komunitateko kide guztien arteko harreman positiboak eta bizikidetzaren ikasketa bultzatuta, prestakuntza, prebentzioa eta esku hartzea baliatuz.

b) Gizartean eta herritar gisa jarduteko gaitasuna eta norberaren autonomiarako eta ekimen pertsonalerako gaitasuna garatzea, eta eskolaren esparruan elkarrekin bizitzen irakastea.

c) Baliabideak ematea ikastetxeei bizikidetza plana presta dezaten, baita hura urtero gauzatzeko ere.

d) Laguntzarako egitura eta prozedurak eskuratzea irakasleei, familiei eta ikasleei jazarpeneko arazoak eta edozein indarkeriatakoak moztu eta konpontzeko.

e) Gatazkak modu baketsuan konpontzeko kultura, elkarrizketan oinarritua, bultzatzea.

f) Ikastetxe guztietan bitartekotza eskaintzea.

g) Irakasleen etengabeko prestakuntza bultzatzea bizikidetzari buruzko gaietan.

II. KAPITULUA. Bizikidetza koordinatzeko organoak

4. artikulua. Bizikidetza koordinatzeko organoak.

1. Honako hauek dira eskolako bizikidetza koordinatzeko organoak:

a) Ikastetxeko bizikidetza batzordea.

b) Ikastetxeko bizikidetzaren arduraduna.

c) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko bizikidetza eremua.

d) Hezkuntza Departamentuaren bizikidetzarako aholkularitza.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta bizikidetzarako aholkularitzak modu koordinatuan jokatuko dute behar diren kasuetan aholku ematen eta esku hartzen.

5. artikulua. Ikastetxeko bizikidetza batzordea. Osaera eta eginkizunak.

1. Foru agindu honen xedeko ikastetxe guztietan eratuko da bizikidetza batzordea, ikastetxeko zuzendariak izendatuta.

2. Oro har, honela osatuko da bizikidetza batzordea:

a) Zuzendaria edo hark zuzendaritza taldean izendatzen duena.

b) Ikastetxeko bizikidetzaren ardura duen irakaslea.

c) Ikastetxeko beste irakasle bat, bizikidetzan prestakuntza duena.

d) Orientatzailea.

3. Orientatzaileak ikastetxe bat baino gehiago badaramatza, zuzendaritzak izendatzen duen tutore bat aritzen ahal da haren ordez.

4. Inguruabarrak direla-eta artikulu honetako 2. puntuan zehaztutako osaeraren araberako bizikidetza batzordea ezin eratu denean, osaera hori ikastetxeko errealitateari egokitzen ahalko zaio.

5. Ikastetxeak, bere autonomia erabiliz, hezkuntza komunitateko edozein sektoretako beste kide batzuk sartzen ahalko ditu batzordean, bizikidetza planean ezarritako moduan; ahal dela, ordezkaritza handieneko gurasoen elkarteak hautatzen duen kide bat, aita edo ama.

6. Bere eginkizunak betetzeko, bizikidetza batzordea ikastetxeko organoekin koordinatuko da, halako moduan non denek hartuko baitute parte urteko jarduerak prestatzen eta abian jartzen. Bizikidetza batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Bizikidetza planari lotuak.

a.1) Bizikidetza plana diseinatu eta bere urteko zehaztapenak, urteko programazio orokorrean sartuko direnak, denen artean prestatzeko prozesuaz arduratzea.

a.2) Bizikidetza plana eta bere urteko zehaztapenak prestatzeko proposamenak jaso eta sortzea.

a.3) Bizikidetzaren egoera ezagutzeko aldian behineko azterlanak programatu, bultzatu eta burutzea, baita bizikidetza planaren urteko ebaluazioa ere, eta behar diren hobekuntzak proposatzea.

a.4) Bizikidetza planaren aplikazioaren berri ematea hezkuntza komunitateari.

a.5) Urteko zehaztapenaren memoria prestatzea.

b) Bizikidetzarako erregelamenduari lotuak.

b.1) Bizikidetzarako erregelamendua berrikusten laguntzea.

b.2) Bizikidetzarako erregelamendua ikastetxean aplikatzeko jarduketei buruzko informazioa bilatu eta iradokizunak egitea, bidezkoa denean.

c) Prestakuntzari eta aholkularitzari lotuak.

c.1) Hezkuntza komunitateari aholku ematea bizikidetzaren arloan, eta prestakuntza jarduerak bultzatzea, bai irakasleentzat bai hezkuntza komunitatearen gainontzekoentzat, gai horretan.

c.2) Bizikidetzarako hezkuntza arlo eta irakasgaien curriculumean sar dadin proposatzea.

c.3) Zuzendaritzari aholku ematea erabakiak hartzeko orduan, bizikidetzaren kontrako jokabideen edo harentzat oso kaltegarriak direnen aurrean hezkuntza neurriak hartzeko.

d) Bitartekotzari lotuak.

d.1) Bitartekotza taldeak sortzea eta haien funtzionamenduaz arduratzea.

d.2) Bitartekotza formaleko prozesuak antolatzea, foru agindu honen IV. kapituluan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua. Ikastetxeko bizikidetzaren arduraduna.

1. Ikastetxeko bizikidetzaren arduraduna bizikidetzari dagokion guztia dinamizatzen ariko da, bai aurreneurrien aldetik bai hezkuntza aldetik.

2. Ikastetxeko zuzendaritzak arlo horretan prestakuntza duen pertsona bat izendatuko du bizikidetzaren arduradun. Orobat, ikastetxe publikoko zuzendariak orduen banaketa hartzen ahalko du kontuan, ikastetxean dauden aukerak ikusita.

3. Hauek dira ikastetxeko bizikidetzaren arduradunaren eginkizunak:

a) Bizikidetzaren batzordea eta bere ekintza eta proiektuak dinamizatzea.

b) Bizikidetza plana prestatzen, ezartzen, ebaluatzen eta eguneratzen parte hartzea, baita hezkuntza komunitatea inplikatzeko mekanismoetan ere, ezinbestekoa baita hura garatzeko, abiarazteko, ebaluatzeko eta urtean zehar gauzatzeko.

c) Ondokoak antolatzea bizikidetza planaren esparruan: ikasleen prestakuntza eta parte hartze aktiboa, prebentzioa eta estrategia zehatzak ezartzea gatazkak konpontzeko, eta hezkuntza komunitateko agenteen inplikazioa.

d) Irakasleen arlo honetako prestakuntza bultzatzea, eta bizikidetzaren arduradun gisa duen prestakuntza eguneratzea; orobat, ikastetxeko beste talde batzuen bizikidetza arloko prestakuntzaz arduratzea.

e) Zuzendariari laguntza eta aholkuak ematea, bizikidetzarako erregelamendua aplikatzeko.

f) Ondoko dokumentuez arduratzea: ikastetxeko bizikidetza plana; haren urteko zehaztapenak, non arduradunaren lanerako plana egonen baita, eta urteko memoria.

7. artikulua. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko bizikidetza eremua.

1. Bizikidetza Hezkuntzako Ikuskapenaren lan eremu berariazko bat izanen da, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren arabera.

2. Eremuko lanean urteko planak eta azken memoriak sartzen dira, eta baditu bere lantaldea eta koordinatzaile bat, foru dekretu horren 12. artikuluan ezarritako eginkizunak betetzen dituena.

8. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren bizikidetzarako aholkularitza. Osaera eta eginkizunak.

1. Bizikidetzaren arloan espezializatutako irakasleek osatzen dute bizikidetzarako aholkularitza.

2. Hauek dira Hezkuntza Departamentuko bizikidetzarako aholkularitzaren eginkizunak:

a) Bizikidetza hobetzera eta hobeki garatzera bideratutako plan, jarduera, kanpaina eta materialak bultzatu eta zabaltzea.

b) Irakasleen Prestakuntzako Atalarekin bat, bizikidetzaren eremuko prestakuntza programak diseinatu eta proposatzea eta, behar izatera, prestakuntza hori ematea.

c) Bizikidetzaren arloko hezkuntza esperientziak Foru Komunitateko ikastetxeen artean truka daitezen bultzatzea.

d) Hezkuntza komunitateko sektoreei aholku ematea, eta egiten zaizkion kontsulta guztiei erantzutea Hezkuntza Departamentuak ezarritako mekanismoen bidez, eskolako jazarpena, indarkeria eta tratu txarrak direla eta; orobat, bizikidetzari eta gatazken konponketari buruzko beste kontu batzuetan.

e) Ikastetxeei aholku ematea, bizikidetza planak presta eta gara ditzaten.

f) Ikastetxeetako gatazkak konpontzen esku hartzea, inguruabarrek hala eskatuta edo inplikatutako edozeinek idatzita eskatuz gero.

g) Erakunde eta antolakundeak koordinatzeko jarduketetan parte hartzea, horiek bizikidetzari lotutako alderdiak lantzera bideratzen direnean, baita departamentuak aholkularitzaren esku uzten dituen ordezkaritza lanetan ere.

III. KAPITULUA. Bizikidetza plana

9. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Foru agindu honen xedeko Nafarroako ikastetxe guztiek bizikidetza plana prestatu beharko dute ikastetxearen hezkuntza proiektuaren barrenean.

2. Bizikidetza plana prestatzeko, erreferentzia hauek hartuko dira: bakerako hezkuntza bere esanahi zabalenean, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1948ko abenduaren 19ko (III) Ebazpenaren bidez egina, indarkeriarako prebentzioa, dibertsitatea, elkarrizketa gatazkak konpontzeko bide gisa, pertsona guztien berdintasuna eta hezkuntza komunitateko kide guztien parte hartzea bultzatzea.

3. Bizikidetza plana hezkuntza komunitateak sortutako tresna da, ikastetxeen ezaugarriei eta bere zerbitzuko eskola komunitateari egokitua. Hezkuntza komunitatearen ahalik eta adostasun eta parte hartze handienarekin prestatuko da.

4. Bertan, bizikidetza hobetzeko eta hura irakatsi eta ikasteko neurriak, curriculumekoak zein antolaketakoak, jasoko dira, eta arlo, irakasgai eta modulu guztietan aplikatuko dira.

5. Bizikidetza planak prebenitzeko neurriak jasoko ditu, baita eskolako jazarpena edo tratu txarrak gertatzen diren tokian konpontzekoak ere, horien beharra dagoenean. Orobat, gizartean onartezinak diren bestelako egintzak gertatzen direnean hartu beharreko neurriak jasoko ditu, eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko ekintza eta prozedurak bultzatuko ditu; hezkuntza bitartekotza, besteak beste.

6. Hezkuntza komunitateko kide guztiek ezagutu eta bete beharko dute eta, bidezkoa denean, beren gain hartuko dituzte hura ez betetzeagatiko ondorioak.

7. Bizikidetza plana urteko zehaztapenetan eguneratu eta egokituko da.

10. artikulua. Bizikidetza planaren helburuak.

Ikastetxeak, bere autonomia dela eta, kontuan har ditzakeen helburuak gorabehera, honako hauek beti izanen dira ikastetxearen bizikidetza planaren helburuak:

a) Bizikidetzarako hezkuntza planifikatu eta ikasle guztiak heziketa emozionalean, balioen heziketan eta trebetasun sozialen ikasketan prestatzea, gaitasun guztiak integratzen dituen ikuspegitik.

b) Bizikidetzaren giroa etengabe hobetzea, ezinbesteko elementua baita eskolako eta ikasketen errendimendu egokirako.

c) Hezkuntza komunitate guztia sentsibilizatzea bizikidetza positibo baten aldeko ekintzak planifikatu eta garatu beharraz.

d) Gatazken konponbide baketsua sustatzea gogoeta eta ikasketa baliatuz, baita elkarrizketa bidezko teknika eta estrategiak erabilita ere, entzute aktiboa eta alde guztietarako konponbide adostu eta onuragarrien bilaketa bultzatuta, eta komunikaziorako bideak ezarrita.

e) Hezkuntza komunitateko kide guztien arteko errespetua, onarpena eta tratu ona sustatzea. Tratu on horrek pertsonen arteko harreman guztietara hedatu beharko du.

f) Ikasgelako eta ikastetxeko arauak denen artean prestatzea bultzatzea, baita haienganako errespetua ere.

g) Lankidetzarako bideak ezartzea ikastetxearekin zerikusia duten kanpoko eragile edo entitateekin, arreta berezia eskainiz gurasoen elkarteek eskola orduetatik kanpo eskaintzen dituzten zerbitzuei, jarduketaren irizpideak jarduera horietara zabaltzearren.

11. artikulua. Bizikidetza planaren edukiak.

1. Ikastetxe bakoitzak, bere autonomia erabiliz, eduki hauek garatu eta zehaztuko ditu bizikidetza planean, gutxienez ere:

a) Bizikidetzaren egoera ikastetxean.

b) Helburu orokorrak.

c) Bizikidetza batzordea. Osaera eta eginkizunak.

d) Jardunbideak.

e) Jarduteko protokoloak hainbat indarkeriaren aurrean.

f) Bizikidetza planaren urteko zehaztapena eta memoria.

g) Bizikidetzarako erregelamendua eta hura eguneratzeko mekanismoak.

h) Planaren ebaluazioa.

2. Hezkuntza Departamentuak orientazioen eskuliburua emanen du bizikidetza plana prestatzeko, hartan aipatu ataletako edukiak zehaztuta, plana ebaluatzeko adierazleak barne direla.

12. artikulua. Bizikidetza planaren urteko zehaztapena eta memoria.

1. Planak eta unean-unean egiten diren jarduketak etengabe berrikusi behar dira. Horregatik, ikastetxeek urtero zehaztu beharko dituzte bizikidetza planak. Urteko zehaztapen hori plangitza eta ebaluaziorako tresna izanen da, baita erreferentzia ere, burutzen ari diren jarduketek egungo beharrei eta etorkizunean sor daitezkeenei erantzuten dieten jakiteko.

2. Urteko programazio orokorraren barrenean, bizikidetza planaren urteko zehaztapenak atal hauek izanen ditu, gutxienez ere:

a) Ikasturterako helburuak.

b) Atzeman diren aholku eta prestakuntza beharrak.

c) Aurreko urteetatik aurrera darraiten ekintzak.

d) Aurtengo ikasturtean ezartzen diren ekintzak.

e) Erabili behar diren materialen zerrenda.

f) Bizikidetzaren arduradunaren izena, karguan aritzeko duen ordutegia (halakorik badu), prestakuntza eta lanerako plana.

3. Bizikidetza planaren urteko zehaztapena ikasturte bukaeran ebaluatuko da, eta memoria batean jasoko da; atal hauetan, gutxienez ere:

a) Urteko zehaztapenaren helburuak zenbateraino lortu diren.

b) Hurrengo ikasturterako aholku eta prestakuntza beharrak.

c) Bukatzen den ikasturtean ezarritako ekintza berriak eta haien emaitzak.

d) Ekintza berrien proposamenak hurrengo ikasturterako, urteko zehaztapenean sartu beharko direnak.

e) Bizikidetza planean sendotzen diren ekintzak.

f) Erabilitako materialen zerrenda.

g) Bizikidetzaren arduradunak egindako balorazio kualitatibo laburra.

4. Urteko zehaztapenaren memoria ikastetxearen urteko memoriaren parte izanen da.

13. artikulua. Bizikidetzarako erregelamendua.

1. Bizikidetzarako erregelamendua ikastetxeko bizikidetza planaren parte da.

2. Abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan ezarri den moduan, ikastetxeek honako hau jasoko dute bizikidetzarako erregelamenduan:

a) Bizikidetzarako arauak, eskubideak eta betebeharrak zehazteko.

b) Bizikidetzaren aurkako jokabideak eta aplikatzen ahal diren neurriak.

c) Bizikidetzarako oso kaltegarriak diren jokabideak eta aplikatzen ahal diren neurriak.

3. Horiez gainera, bizikidetzarako erregelamenduan hezkuntza neurriak aplikatzeko prozedurak sartuko dira.

4. Bizikidetzarako erregelamenduak hezkuntza neurriak jasoko ditu bizikidetzaren aurkako jokabideetarako edo harentzat oso kaltegarriak direnetarako, bereziki oker konpondutako gatazken edo pertsonei sufrimendua eragin dieten kasuetan aplikatuta. Orobat, zer prozedurari jarraitu zehaztuko du, hezkuntza arrazoiak direla-eta era bateko edo besteko hezkuntza neurriak, denak batera edo orain bat orain bestea, aplikatu behar direnean, foru agindu honen 19.5 artikuluan deskribatzen den moduan.

5. Ikasturte bakoitzean, zuzendaritzak izendatutako ikasketa burutzak edo organoak memoria bat prestatu beharko du bizikidetzarako erregelamenduaren aplikazioari eta emaitzei buruz; memoria hori urteko memoriaren parte izanen da.

14. artikulua. Elkarren arteko bizikidetza planak.

1. Eskolatze etapa ezberdinetan ikasle berez arduratzen diren ikastetxeek bizikidetza plan koherenteak prestatuko dituzte, haien artean desadostasunik ez dutela. Gainera, elkarren artean prestatzen ahalko dute bizikidetza plana.

2. Orobat, antzeko ezaugarriengatik edo ikastetxe berari atxikita izateagatik hala uste dutenek elkarren artean prestatzen ahalko dute bizikidetza plana.

15. artikulua. Zer egin eskolako jazarpenaren kasuen aurrean.

1. Arau honen ondorioetarako, eskolako jazarpena esaten zaio ikasle batek edo gehiagok beste kide bat hitzez iraintzeari, baztertzeari, psikologikoki beldurtzeari edo fisikoki erasotzeari. Jazarpen hori edozein unetan eta tokitan gertatzen ahal da, baita teknologia berriak erabilita ere. Ikastetxe bateko edo gehiagoko ikasleek hartzen ahal dute parte.

2. Ikastetxeen jarduketa.

a) Ikastetxeak behartuta daude sortzen ahal diren indarkeriazko gertaera guztiak eta sufrimendua eragiten dutenak ikertzera, batez ere eskolako jazarpenaren kasuen susmoa dagoenean. Hezkuntza komunitate osoak argi izan behar du indarkeriazko gertaeren aurrean ezinbestekoa dela hezkuntza arloko esku hartzea.

b) Hezkuntza komunitateko edozein kide behartua dago jazarpen gertaeren edo bestelako indarkeriaren berri ematera zuzendaritzari, haien jakitun izanez gero.

c) Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, dituzten ezaugarri, behar eta egoera jakinei egokitutako protokoloaren arabera jokatuko dute eskolako jazarpenaren kasuetan, esku hartze horietan babes, diskrezio, konfidentzialtasun, zuhurtasun eta sentsibilitatearen printzipioak bermatuta, betiere.

d) Zuzendaritzak du prozesuaren legezko erantzukizuna eta koordinatu eginen du. Dena dela, tutorearen edo irakasle baten esku uzten ahalko dira haren koordinazioa eta jarraipena, orientatzailearen aholkuak dituela. Haren berri izanen du bizikidetza batzordeak. Zailtasun bereziko kasuetan, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Aholkularitzaren laguntza izaten ahal da.

e) Ikastetxeko zuzendaritzak eskolako jazarpen guztien berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapenari.

f) Ikastetxeak beti beharko du esku hartu, 47/2010 Foru Dekretuaren 11. artikuluan aipatu jazarpen kasuak gertatuz gero. Orobat, teknologia berriak baliatuz jazarpena gertatuz gero, hartan esku hartu beharko du.

3. Hezkuntzako Ikuskapenaren jarduketak:

Hezkuntzako Ikuskapenak bere araudi berariazkoaren ondoriozko jarduketak eginen ditu.

4. Bizikidetzarako Aholkularitzaren jarduketak:

Planteatzen diren aholku eta eskaera guztiak jasoko ditu aholkularitzak. Horiek hainbat modutan iristen ahal dira, eta familiek, ikastetxeek, ikasleek edo inplikatutako beste pertsona edo entitate batzuek aurkezten ahal dituzte. Aholkuez gain, bizikidetzarako aholkularitzaren esku hartzea ere behar denean, idatzita eskatu beharko da. Eskaera idatzia jasotakoan, aholkularitzak eskaera horren berri emanen die ikastetxeko zuzendaritzari eta hezkuntzako ikuskapenari, eta beharrezko esku hartzeak proposatuko ditu.

16. artikulua. Zer egin genero-indarkeriaren aurreko egoeretan, hezkuntza eremuan.

1. Arau honen ondorioetarako, genero-indarkeriak emakume edo nesken aurkako indarkeriazko ekintza guztiak hartzen ditu, hau da, haiei kalte fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak egiten edo egiten ahal dizkietenak, horrelako ekintzen mehatxuak eta bortxa edo askatasuna kentzea barne, familian, eskolan lantokian edo jendartean gertatu eta jendaurrean nahiz pribatuan izan eta, zehazki, gaur egungo zigor kodean delitutzat edo hutsegitetzat jota dauden guztiak.

2. Ikastetxearen jarduketak.

Hezkuntza komunitateko kideren batek tratu txarrak edo genero-indarkeria jasaten dituela jakin edo susmo sendorik izanez gero, "Hezkuntza eremuko genero-indarkeriaren aurrean jokatzeko gidaliburuari" jarraituko zaio, Nafarroako Gobernuak "Erakundeen arteko akordioan, emakumeen aurkako indarkeriarako arreta eta aurreneurriak koordinatzeko" zehaztuta duen horri.

Neska ikasleren batek genero-indarkeria jasaten duenean, foru agindu honen 15.2.c) artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

3. Hezkuntzako Ikuskapenaren jarduketak:

Hezkuntzako Ikuskapenak bere araudi berariazkoaren ondoriozko jarduketak eginen ditu.

4. Bizikidetzarako Aholkularitzaren jarduketak:

Bizikidetzarako aholkularitzak 15. artikuluko 4. puntuan deskribatutako jarduketak eginen ditu.

17. artikulua. Zer egin ikastetxean zerbitzua ematen duten langileen aurkako indarkeria egoeretan.

1. Edozein eraso larri, fisiko zein moral, ikastetxean zerbitzu ematen duten langileen aurkakoa edo haien ondasun materialen aurkakoa gertatuz gero, haren berri emanen dio zuzendaritzak Hezkuntzako Ikuskapenari, eta dagokion araudiari jarraituz tratatuko da; erasandakoak legezko aholkuak izanen ditu.

2. Ikastetxe publikoetan, behar diren kasuetan, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalaren esku hartzea eskatzen ahalko da, bere eskumeneko eremuan ari dadin.

18. artikulua. Zer egin adingabeek indarkeria egoerak eta tratu txarrak jasaten dituztenean edo eskolatu gabe daudenean.

1. Adingabeak zaintzeko ardura duten helduen portaeraren ondorioz, 18 urtez azpiko pertsona batek oinarrizko beharrak bete gabe dituenean, kalte fisiko edo emozional larria duenean edo horrelako kaltea jasateko arrisku larria, babestu gabeko egoeretan daudela esaten da. Tratu txar fisikoa, zabarkeria, tratu txar emozionala, abandonu emozionala, sexu-abusua eta horien antzeko beste edozein egoera tratu txartzat jotzen dira.

2. Hezkuntza komunitateko edozein kidek haurren bat babesik gabe dagoela sumatuz gero edo bistakoa izanez gero, behartua dago hura jakinaraztera ikastetxeko zuzendaritzari, eta horrek gizarte zerbitzuei, larrialdietan bidezko diren jarduketak ukatu gabe.

3. Adingaberen bat eskolatu gabe dagoela edo nahitaezko urteetan justifikatu gabe ikastetxera joan ohi ez dela atzemanez gero, edozeinek eta, hortaz, edozein irakaslek jakinarazi beharko dio ikastetxeko zuzendaritzari, eta horrek beharrezko neurriak hartuko ditu haurra eskolatzeko eta, behar izanez gero, agintari publiko eskudunei haren berri emanen die.

IV. KAPITULUA. Bitartekotza, gatazkak konpontzeko hezkuntza prozesua,
eta bizikidetzarako konpromisoak

19. artikulua. Hezkuntza arloko bitartekotza.

1. Eskolako bitartekotza eta hezkuntzako akordio edo konpromisoak neurri sustatzaileak dira, bizikidetza positiborako eta sor daitezkeen gatazketan beste konponbide batzuk ikasteko.

2. Bitartekotza gatazkak konpontzeko metodo bat da, non pertsona batek gatazkan dauden bi alderen artean parte hartzen duen, bientzat egokia den akordio bat aurkitzen laguntzeko.

3. Ikastetxeak bitartekotza eskainiko du aurreneurriak hartu, auzia konpondu eta onera ekartzeko estrategia gisa, bizikidetzarako arauen aurkako edo ikastetxeko bizikidetza orokorrarentzat oso kaltegarriak diren ikasleen jokabideek sortutako gatazkak konpontzeko. Orobat, harremanen arteko gatazketan erabiltzen ahalko da, bizikidetzaren aurkako jokabideekin zerikusia izan edo ez.

4. Bizikidetzaren kontrakotzat jotako jokabideek sortutako gatazken kasuan, bitartekotza esklusiboa izan daiteke, edo hezkuntzako beste neurri batzuekin batean, aldez aurretik, aldi berean edo ondoren.

5. Bizikidetzarako erregelamenduak 47/2010 Foru Dekretuaren 8. artikuluan jasotako bitartekotza prozesuekin batera aplikatzen den prozedura arautuko du, haren 15. eta 19. artikuluetan jasotako hezkuntza neurriekin batean, aukera hauek kontuan hartuta:

a) Hezkuntza arloko neurria aplikatzea, bitartekotza prozesua ere abiatuta.

b) Hezkuntza arloko neurria aldatzea, bitartekotza prozesuko emaitzen arabera.

c) Hezkuntza arloko neurria geroratu eta berrikustea, bitartekotza prozesua bukatu arte.

20. artikulua. Bitartekotzaren printzipioak.

1. Bitartekotza aplikatzeko, printzipio hauek hartuko dira kontuan:

a) Borondatea. Gatazka batean sartutako pertsonak libreak dira bitartekotzara jotzeko edo ez, eta uko egiten ahal diote prozesuaren edozein unetan.

b) Inpartzialtasuna. Bitartekariak ez du konponketaren erantzukizuna, prozesua dinamizatu baino ez du egiten, gatazkan diren parteak elkartu eta bientzako konponbide onuragarria har dezaten. Oro har, bitartekariak ez du harremanik izanen gatazka sortu duten egintzekin.

c) Konfidentzialtasuna. Printzipio honek eskuratzen den isilpeko informazioa ez ematera behartzen du, egungo araudian aurreikusitako kasuetan eta aldeen artean erabakitzen denean izan ezik.

d) Konpromisoa. Bitartekotzan parte hartzen duten pertsonek gatazka eraldatzeko erantzukizuna dute zinezko jarrera batetik, konponbidea bilatzen dute eta bileretan agertzeko konpromisoa dute; ezin dira ahaide, ordezkari edo bitartekariekin ordeztu.

2. Bitartekotza ez da inguruabar hauetan aplikatuko:

a) Bizikidetzarako oso kaltegarriak diren jokabideetako bat, 47/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan jasotakoa, izanez gero, foru dekretu horren 18.2 artikuluan aipatzen diren erantzukizunaren inguruabar astungarrietako bat gertatzen denean.

b) Ikasturte berean ikasle berak behin eta berriro bitartekotza prozesua erabiliz gero, emaitza positiborik eskuratu gabe.

c) Gatazkan diren alderdien arteko aldeak edo desoreka gaindiezinak direnean edo gomendagarria ez denean.

d) Esku hartze judiziala dagoelako, desegokia den kasuetan.

21. artikulua. Bitartekotzaren prozesua eta ondorioak.

1. Bitartekotzaren prozesuan fase hauek bereizten dira:

a) Bitartekotza aurrekoa: bana-banako proposamena alde bakoitzari.

b) Bitartekotza: bitartekaria bi aldeekin batera biltzea, adostasun bat lortze aldera.

c) Bitartekariak emaitzaren berri ematea zuzendaritzari, bidezko bada.

2. Ikastetxeak proposatu eta kapitulu honetan ezarritakoa betetzen duenari esaten zaio bitartekotza formala.

3. Haien inguruabarrak direla-eta jarduketa formal guztien aplikazioa behar ez duten gatazketan, bitartekotza ez formaleko ekintzak egiten ahalko dira.

4. Zuzendaritzak edo hezkuntza komunitateko beste pertsona batek eskainita abiatzen da bitartekotzaren prozesua, edo gatazkan diren aldeetako baten ekimenez.

5. Bitartekotza prozesu batean lortzen diren akordioak idatzita jasoko dira, eta aldeek eta bitartekariak sinatuko dituzte.

6. Ikastetxeak bitartekotza proposatu eta hura aringarritzat hartzen ahal bada hezkuntza arloko neurri bat aplikatzeko, 47/2010 Foru Dekretuaren 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, behin bitartekotzaren prozesua bukaturik, bitartekariak idatzita jakinaraziko dio zuzendaritzari adiskidetzerik izan den edo ez eta kaltea konpondu den edo ez.

7. Bitartekotza bizikidetzarako oso kaltegarria den jokabide baten aringarritzat hartu behar denean, ikastetxeko zuzendaritzaren onarpena beharko du, prozedura arrunta hasteko dokumentuan zehaztu aurretik.

8. Inguruabar aringarritzat jotako bitartekotza formalak 8 eskolaegunean egon behar du bukatuta, gehienez ere, zein diren ere akordioaren ondoriozko ekintzak edo ezartzen diren aldian-aldiko berrikusteak.

9. Bitartekariak amaitutzat eman dezake bitartekotzaren prozesua aldeetako baten lankidetzarik ez dagoela ikusiz gero, edo inguruabarren batengatik prozesua jarraitzea txarrerako izan daitekeelako.

10. Hezkuntza arloko neurriak aplikatzen hasteko egunean bitartekotzak ondorio positiborik ekarri ez badu, zuzendu gogo den jokabideari dagozkion hezkuntza arloko neurriak aplikatuko dira, eta bitartekotza ez da inguruabar aringarritzat hartuko.

22. artikulua. Bitartekarien prestakuntza.

1. Hezkuntza komunitateko edozein kide izan daiteke bitartekari, hala nahi badu, baldin eta prestakuntza berariazkoa hartu badu eta inpartzialtasunez eta konfidentzialtasunez jokatzen badu.

2. Hezkuntza Departamentuak aldian-aldian prestakuntza jarduerak antolatuko ditu irakasleentzat bizikidetzari buruz. Orobat, ikastetxeetako bizikidetza batzordeek prestakuntza jarduerak bultzatuko dituzte, ikasleen, familien eta ikastetxeko langileen arteko bitartekariak presta daitezen.

23. artikulua. Bitartekotza programa ezartzea.

1. Hezkuntza komunitatearen ezagutza eta kontsentsu zabala aldez aurretik behar den urratsa da ikastetxean bitartekotza programa ezartzeko.

2. Bitartekotza programak elementu hauek jasoko ditu ezarri behar den ikastetxeetan:

a) Lantalde koordinatzailea eta/edo bitartekaria eratzea.

b) Baliabideak eta egoerak definitzea.

c) Programaren oinarrizko diseinua.

d) Programa bizikidetza planean txertatzea.

e) Sentsibilizazioa eta hedakuntza.

f) Prestakuntzako jarduerak.

g) Programa abian jartzea.

h) Programaren ebaluazioa.

24. artikulua. Bizikidetzarako konpromisoak.

1. Ikasle batek jokabide arazoak edo arauak onartzekoak dituenean, ikastetxeek bizikidetzarako konpromisoak hartzea proposatzen ahalko diete familiei. Konpromiso horiek irakasleen, ikasleaz arduratzen diren beste profesionalen eta familiaren artean koordinatzeko mekanismoak ezartzea izanen dute xede, proposatzen diren neurrien aplikazioan laguntzeko, bai eskolan bai familian kontrolatzeko denboran. Ikasleak ere hartu eta sinatzen ahalko ditu konpromiso horiek.

2. Neurri zuzentzaileak aplikatzeko familiak duen erantzukizuna hartuko dute kontuan hezkuntzako konpromisoek.

3. Bizikidetza batzordeak ikastetxean sinatutako bizikidetzarako konpromisoen jarraipena eginen du eta, betetzen ez badira, beste neurri batzuk hartzea proposatzen ahalko du.

4. Orobat, adostutako prozedura bakoitzaren tramitazioa bukatzeko, bizikidetzarako konpromisoa idatzi beharko da abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritako moduan.

Lehen Xedapen Gehigarria. Ikastetxeetako eta Nafarroako Foru Komunitateko bizikidetzaren egoerari buruzko azterlanak eta ebaluazioak.

1. Hezkuntza Departamentuak azterlanak eginen ditu aldian behin ikastetxeetako bizikidetzaren egoerari buruz; horiek ikastetxeek beraiek bizikidetza planak ebaluatzeko eta urteko zehaztapenak ezartzeko egiten dituztenetatik aparte izaten ahal dira.

2. Hezkuntza Departamentuak bizikidetzaren adierazle komunak ezartzen ahalko ditu, ikastetxeek beren plangintzan eta bizikidetza planaren ebaluazioan erabil ditzaten. Ikastetxeak nahi dituen beste batzuekin osa ditzake adierazle horiek.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Irakasleen prestakuntza.

Urtero, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eskainiko die irakasleei bizikidetzarako gaietan, eta esperientzia positiboen trukea bultzatuko du.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Protokoloa eta dokumentuak prestatzeko orientabideak.

Hezkuntza Departamentuak orientabideei buruzko eskuliburu bat emanen die ikastetxeei bizikidetza planak, urteko zehaztapenak eta indarkeria egoeren aurrean jokatzeko protokoloak presta ditzaten, baita dokumentazio lagungarria ere.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.Indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren uztailaren 5eko 632/2005 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko plana ezarri zuena. Orobat, indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitara dadin.

3. Foru agindu hau igortzea Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira eta Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa